Plaza dantzan jarri du Puro Relajo taldeak, sanpedroen amaieran

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 30a

Jendetza bildu zen atzo Beheko plazan, Puro Relajo taldearen rantxerak eta mugaldeko doinuak entzuteko gogoz. Dantza egiteko parada izan zuten San Pedro jaien azken egunean plazara bertaratu zirenek. 

Azken urteotan San Pedro jaietako ekitaldi finkoa bihurtu da Puro Relajo talde nafarraren kontzertua, eta atzokoan izandako erantzunaren ondoren ez da harritzekoa izango datorren urtean ere Zumaian izatea, Mexikoko eta mugaldeko doinuekin. Atzo ere jendetza bertaratu zen Beheko plazara, nafarren abestiak entzun, eta bikotea aurkituz gero, dantzara ateratzeko gogoz. Herritarrak gehienak, baina beste herri batzuetatik hurbildutako taldearen jarraitzaleak gerturatu ziren Zumaiara, taldearen zapi horiak lepoan zituztela. Aurten ohikoan baino goizago programatu dute taldearen emanaldia, eta hasiera batean horrek jarraitzaile batzuk uxatuko ote zituen zalantzarik bazegoen, errealitateak garbi utzi du berdin diola zer ordutan jarri, han izango direlako relajotarren jarraitzaileak.

Ohi bezala, rantxerak jo zituzten, baita euskal musikako abesti ezagunak ere, beti ere Mexikoko doinuen galbahetik pasatuta. Aurten ere ez zen falta Juanin Sanchez herritarraren saio laburra. Rantxeren jarraitzaile sutsua, agertokira igo zen taldearekin batera El rey abesti ezaguna kantatzera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide