Nazioarteko eskubaloi txapelketa jokatuko du Lide Arrizabalagak Espainiako selekzioarekin

Ekaitz Etxabe

Lide Arrizabalaga. (Juan Luis Romatet)

Zarauzko eskubaloi taldean aritzen den jokalari zumaiarra deitu du Espainiako selekzioko hautatzaileak uztailaren 17tik 19ra bitartean Ciudad Realen jokatuko duten txapelketa jokatzeko. 

Lide Arrizabalaga eskubaloi jokalari zumaiarra Espainiako jubenil mailako selekzioarekin arituko da uztailaren 17tik 19ra bitartean Ciudad Realen (Gaztela-Mantxa, Espainia) jokatuko duten nazioarteko txapelketa batean. Frantzia, Kanada eta Turkia izango dira aurkariak. Hautatzaileak Zarauzko klubeko lau jokalari deitu ditu: Arrizabalagaz gain, Nagore Alza, Elene Fresco eta Nora Merino zarauztarrak ere deitu ditu.

Uztailaren 17an, 20:00etan, Turkiaren aurka jokatuko dute; uztailaren 18an, ordu berean, Kanadaren aurka eta, azkenik, uztailaren 19an, ordu berean Frantziaren aurka. Uztailaren 24an Munduko Txapelketa hasiko da, Errumanian. Oraindik Munduko Txapelketa nork jokatuko duen ez badakite ere, Nazioarteko Txapelketa ongi etorriko zaie motorrak berotzen hasteko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide