Haur katekesian izena emateko gonbidapena egin du San Pedro Parrokiak

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 30a

San Pedro Parrokia.

Astelehen arratsaldetan izango dira saioak, urrian ekingo dioten katekesiaren kurtso berrian. Interesdunek aurrez izena eman beharko dute. 

San Pedro Parrokiak datorren udazkenean abiatuko duen katekesiaren kurtso berrirako izen ematea zabaldu du. Urrian hasiko dituzte saioak, eta astelehen arratsaldetan izango dira, 17:00etatik aurrera. Bertan aritu nahiko dutenek aurretik honako formularioa bete beharko dute. Horrekin batera, herriko familia guztiak gonbidatu ditu beraien seme-alabak katekesian parte hartzera.

Parrokiaren esanetan, bide horrek ez du soilik sakramentuak prestatzeko balio; "pertsona gisa hazteko eta besteekin partekatzeko aukera paregabea ere bada, batez ere Jesukristo ezagutzen eta bere lagun egiten ikasteko", azaldu du. Gaineratu du, saio horietan "jolasen, dinamiken eta istorioen bidez, laguntasuna, errespetua eta eskuzabaltasuna bezalako baloreak" lantzen dituztela, "giro alaian eta hurbilean, eta pixkanaka Jesusen mezua eta bere maitasuna deskubritzen dute".

Udazkenean ekingo dioten katekesia herriko haurrentzat "topagune berezi" bat dela ere iritzi dio Parrokiak, "non lagunak egin, elkar ezagutu eta bizitzari buruzko galdera handiei modu erraz eta hurbilean heltzen dieten".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide