Zabalik dago euskara ikasteko dirulaguntzen deialdia

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 30a

Gaur hasi eta uztailaren 30era arte izango dute helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrek dirulaguntzak eskatzeko aukera. 

Gaurtik hasi eta uztailaren 30era bitartean izango dute herritarrek euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko aukera. Helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrek egin dezakete eskaera, eta diruz lagunduko dituzte ohiko ikastaroak, trinkoak eta barnetegietakoak eta autoikaskuntza bidez egindakoak.

Laguntza hauen eskaera egiteko ezinbestekoa izango da hainbat baldintza betetzea, hala nola Zumaian erroldatuta egotea, eta, gutxienez, %80ko asistentzia egiaztatzea. Baldintza horiek betez gero, ikastaro guztietako matrikulen balio osoa itzuliko zaie langabeei, eta %75a gainontzekoei.

Horrez gain, 2025/2026 ikasturtean HABEren mailaren bat ikasi eta maila hori gainditzen edo egiazta­tzen duten ikasleek HABEk 2026. urtean egin duen dirulaguntzen deialdian hartu beharko dute parte. Izan ere, A1, A2, B1 edo B2 maila ikasi eta egiaztatu dutenei HABEren laguntza jasotzea dagokie, ez udalarena. Nolanahi ere, HABErena jasoko ez balute, bigarren deialdian udalarena eskatzeko aukera izango dute. Dirulaguntza horren inguruko oinarriak ikus daitezke lotura honetan.

Zumaiako Udalak jakitera eman duenez, honakoak dira euskara ikasteko dirulaguntza eskatzerakoan herritarrei eskatuko zaizkien dokumentuak: 

  • Eskabidea beteta.
  • Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria.
  • Asistentzia % 80tik gorakoa izan dela ziurtatzen duen agiria, euskaltegiak edo ikasketa zentroak berak emana.
  • Hirugarrenen alta emateko agiria (baldin eta aurrez aurkeztu ez bada edota aurreko kontua aldatu bada).
  • HABEren dirulaguntzen 2026ko deialdian eskaera aurkeztu izanaren agiria (maila egiaztatu edo dagokion atalasea gainditu duten ikasleek bakarrik).

Udalak gehienez 600 euro ordainduko ditu urritik ekainerako ikastaroetan, eta gehienez 200 euro uztailetik irailera bitartekoetan. Deialdia osorik ikus daiteke udalaren dirulaguntzen atalean, eta, zalantzarik izanez gero Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jar daiteke 943-86 50 25 zenbakira deituz edo euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera mezu bat bidaliz. Eskaerak udalatxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin daitezke, edota telematikoki, lotura honetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide