Kontrastea ezin handiagoa da. Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) Coloradoko hiri batean gaztelaniako klaseak ematetik, Oikian ingelesa erakustera pasatu da Ainhoa Azpeitia zumaiarra hilabete gutxian. 2023an joan zen AEBetara, eta han bi urte igaro eta gero, iazko udan itzuli zen jaioterrira. Bizimodu desberdinak ozeanoaren ertz batean edo bestean, eskoletako metodologiak beste hainbeste. Eta denaren gainean, Trumpen itzala. Horren guztiaren inguruan hitz egin du elkarrizketa honetan.
Irakaslea zara, eta bidaiatzea maite duzu. Zure kasuan, bi jarduerak uztartzea lortu duzu.
Betidanik aritu naiz irakaskuntzan, baina beste lan batzuk ere egin ditut bizitzan zehar. Txikitatik nuen irakasle izateko gogoa; ume txikiekin egin nahi nuen lan. Haur Hezkuntza ikasi nuen, eta orain ingelesa irakasten badut ere, hizkuntza horrekin beti nahiko justu aritu izan naiz, nahiko eskas. Baina Batxilergoan nenbilela, nire lagun bat AEBetara zihoan, eta ni amari erreguka ibili nintzen, nik ere joan nahi nuelako. Ama eta biok sagardotegi batean hasi ginen lanean, eta hala lortu nuen AEBetara hilabeterako joatea. Bueltakoan ohartu nintzen interesgarria egiten zitzaidala bidaiatzea. Haur eskolan aritzeko karrera amaitzean, zer egin zalantzak nituen. Gure ama ibili zen bere garaian Irlandan, Parisen ere bai, eta amaren bidea jarraituz, Irlandara joan nintzen, ingelesik jakin gabe; hilabete batean ikasitako ingelesarekin bi ume zaintzera joan nintzen, au pair bezala. Lehen urtea ume haiek zaintzen aritu nintzen; bigarren urtean, berriz, haur eskola batean lan egin nuen. Han, Irlandan, ezagutu nuen nire senarra izango zena. Irlandatik, gero, beste urtebetez Eskoziara joan ginen, eta handik bueltan hemen hasi ginen lanean. Umeak ere izan genituen, baina bidaiatzeko harrak hor jarraitzen zuen; zerbait falta zitzaidan.
Nola sortu zitzaizun AEBetan irakasle izateko aukera?
Lan eskaintza ikusi nuen. Pertsona bakarrarentzat zen, eskatu nuen, baina ezezkoa jaso nuen. Hala ere, gogoarekin jarraitzen nuen. Jakin nuen garai hartan zabaltzen zirela Espainiako Hezkuntza Ministerioko zerrendak, AEBetan edo Kanadan gaztelania irakasteko. Senarra eta biok gogotsu geunden, baina umeei ez genien orduan ezer esan, prozesua oso luzea delako. Hamar bat hilabete igaro ziren baiezkoa jaso genuen arte. Zenbat bilera egin genituen! AEBetara lanera joatea ez da broma. Azkenean, biak onartu gintuzten; biok eskola berean egingo genuen lan. Joan ginenean haurrek 4, 6 eta 8 urte zituzten, txikiak ziren oraindik.
Haurrak lan egingo zenuten eskolan matrikulatu al zenituzten?
Arazo bat izan genuen; izan ere, seme txikiak 4 urte zituela joan ginenean, eta han 5 urte izan arte ezin dute eskolara joan. Semeak 5 urte beteko zituen urrian, baina gu irailean joan ginen. Haur eskola modukoak badaude, baina oso garestiak dira, eta soldata oso bat joango zitzaigun hara eramanda. Senarrak eskolako zuzendariarekin hitz egin zuen, eta mesedea egin zigun, semea eskolan sartuta. Azkenean, den-denok eskola berera joan ginen. Gainera, lehen urtean ez, baina bigarrengoan ni izan nintzen gure alabaren tutorea eta senarra semearena. Hori hemen sinestezina da.
AEBetako zer estatutara joan zineten?
Lehen asmoa Boisera (Idaho, AEB) joatea zen, baina aukera hura ez zen atera, eta Coloradon aurkitu genuen lana, Loveland izeneko hiri batean, maitasunaren hirian. Hiri handia da, baina hango hiri asko bezala, oso zabala, eta bakoitzak bere etxean egiten du bizimodua. Bestalde, autoa izatea beharrezkoa da. Arrautzak behar dituzula, semea futbolera eraman behar duzula; edozertarako, autoa behar duzu. Baina 40 minutura genituen Mendi Harritsuak; mendi asko genituen inguruan. Oso inguru politak genituen.
Esan didazu heldu eta berehala arazoak izan zenituztela etxearekin.
Bakoitza hiru maletarekin joan ginen, hamabost maleta guztira. Joaterakoan etxebizitza hartuta genuen, eta alokairuko lehen hilabetea ordainduta. Baina heldu ginenean harremanetako pertsonak ez zigun telefonoa hartzen. Eskolako zuzendaria etorri zen aireportura gure bila, eta etxera arteko bidean jo eta ke aritu zen telefonoz deika. Gurea izango zen etxean sartzeko arazoak genituen, eta lehen hilabetean bost etxe desberdinetan egon ginen. Maleta txikia bakarrik irekitzen genuen. Azkenean, halako batean, sartu ginen gure etxera. Filmetan ikusten diren etxe horietako bat zen: lorategia zuen, hesia, baratzea ere bai...
Sagar tarta batekin zuek agurtzera etorritako bizilaguna besterik ez zen faltako.
Etorri zen, etorri zen ongietorria ematera! Guk, noski, zalaparta egiten genuen; bost lagun ginen, eta hura oso leku lasaia zen. Itzuli ginenean ohartu nintzen zer builosoak garen. Horrela igarri nuen bueltatu ginela.
Etxerik gabe ibili zineten denboran ez al zineten joan izanagatik damutu?
Iristerakoan bai. Ez dakizu nora joan, ez daukazu lagunik. Lehen edo bigarren asteburuetan izango zen: autora igo eta ez genekien nora joan. Sentipen hori ez nuen inoiz izan aurretik. Hilabetez edo izan nuen sentsazio hori, baina gero pasatu zitzaidan.
Autoa ezinbestekoa dela diozu.
Bai, eta hiru ume dituzunean, bi auto ere bai. Bi auto erosi behar izan genituen. Hori bai, hogei urte zituzten autoak ziren, zahar-zaharrak. Azkenean, umeak mugitu behar dituzu, eskolaz kanpoko ekintzetara eraman behar dituzu, jendea ezagutu behar duzu. Horregatik, autoa derrigorrezkoa da han.
Gainera, barbakoak izaten genituen une oro, eta festak bataren edo bestearen etxeetan. Han bizitza ez da kalean egiten hemengo modura, han festak etxeetan egiten dira, eta denek eramaten dute zerbait. Batek entsalada bat eramango du, besteak edariak... Hori polita iruditzen zait, eta bada faltan sumatzen dudan zerbait. Han nengoela ez nuen nagikeriarik izaten bazkari bat antolatzeko.
Horrez gain, bazegoen zerbait ederra iruditu zitzaidana: gu bizi izan ginen barrutian, kaleko ekintzak-eta egiten zirenean, biztanleen ama hizkuntza kontuan hartzen zen. Hala, euskara presente izan zen gu egon ginen denboran.
Nola moldatu ziren zuen seme-alabak bizitza berrira?
Ez zen bakarrik ingelesa ez zekitela; gure txikiak gaztelania ere ez zekien, eta eskolan erdia ingelesez zen, eta beste erdia gaztelaniaz. Egun osoa eskolan igarotzen zuten, 07:30etik 15:30era; jatorduak ere eskolako jangelan egiten dituzte haur guztiek. Hasieran, ez zuten ezer ulertzen, eta horrek pena ematen zidan, lanean nengoela ikusten nituen eta. Gero ohitu egin ziren, eta lagunak ere segituan egin zituzten. Erraz moldatu ziren.
Nolakoa zen lan egiten zenuen eskola?
Korridore zabal-zabalak zituen, kamerak leku guztietan, bakoitzak bere armairua... Jangelan, astelehenetan hanburgesak ematen zituzten, pizza asteazkenetan, hot dog-ak... Gero, barazkien eta sagarren atalak ere bazeuden. Denek jaten zuten han, ez zen inor etxera joaten. Simulakroak ere egiten genituen: tornadoen simulakroa, norbait tiroka etortzen bazen bete beharrekoa, suteen simulakroa... era guztietakoak. Behin pertsona bat etorri zen pistolarekin, ez eskola barrura, baina bai perimetrora. Nire ikasle baten gurasoa zen. Poliziak askotan etortzen ziren hitzaldiak ematera, halako kasuren bat gertatuz gero zer egin beharko genukeen esatera. Askok zituzten armak, baita nire lankideek ere, etxean edo kotxean. Gero, nonahi ikusten dituzun arma dendak, izkina denetan.
Gaztelerako klaseak ematen zenituen. Ondo moldatzen al zinen?
Gaztelania ez da nire hizkuntza, eta asko ikasi dut ikasleen gurasoekin hitz egiten. Hasieran ez nintzen eroso sentitzen, gaztelania eta ingelesa ez direlako nire hizkuntzak. Eroso sentitzen nintzen une bakarrak etxean nengoenekoak zirena edo Andoaingo (Gipuzkoa) lagun batekin elkartzen nintzenekoak. Une horietan euskaraz hitz egitea salbazio moduko bat zen. Hasieran banuen beldurra; leku berria, hizkuntza berria... baina, azkenean, denera ohitzen zara.
Han eta hemen egin duzu lan irakasle bezala. Antzerakoak al dira bateko eta besteko eskolak edo erabiltzen dituzten metodologiak?
Han korridoretan haurrek isilik egon behar zuten, eta gela batera joan behar bazuten, denak ilaran jartzen ziren, bataren eta bestearen arteko segurtasuneko tarte batekin. Erizain bat genuen eskolan. Umeren batek, 5 urteko haur batek, gainean txiza egiten bazuen, ezin genuen umea ukitu ere egin; erizainari deitu behar genion eta hark aldatzen zuen. Nahiz eta zu zaren haur haren irakaslea, ezin duzu ukitu. Gelan ere iskanbilaren bat sortzen bazen, telefonoz eskatu behar izaten genuen laguntza. Hemen normaltzat jotzen ditugun zenbait jolasetara ere han ezin genuen jolastu.
Gaixo dagoen gizarte baten irudia dirudi, ezta?
Horretara ere ohitu egiten zara. Hemen, berriz, beti dago zalaparta korridoreetan. Haur eskolan aritu naiz beti, eta umeak besarkatu egiten dituzu. Han ezin zen halakorik egin. Pertsona bezala hozten hasia nintzela sumatzen nuen, eta senarrari esaten nion ea nolakoa izango nintzen hona itzultzean.
Trump berriro presidente denetik ez da giro AEBetan. Han egondako denboran sumatu al zenuten giro hori?
2024ko hauteskunde garaian hasi zen gaiztotzen. Kamala Harris eta Donald Trump, besterik ez zegoen. Gure alaba ere hauteskundeetako kontuekin etortzen zen. Bazegoen beldurra. Gure eskola publikoa zen, eta latinoamerikar jatorriko ikasle asko zegoen. Hala ere, ikasle batzuk Trumpen kamisetekin joaten ziren eskolara, jakinda eskola hartan kanpoko jende pila bat zegoela.
Gure bigarren urtean hasi zen giroa nahasten, eta iskanbila horiek guztiak hasi zirenean, ikasle batzuek eskolara joateari utzi zioten. Irakasleoi ere txartelen irakurgailuak eman zizkiguten, ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia etortzen bazen han egoteko eskubiderik ez zutela esateko. Ez nuen tresna hori ateratzeko beharrik izan, baina hor geneukan. Beldur handia zegoen. Estatubatuar jendearekin egoten ginen, baina baita batzuetan gu bezalakoekin ere, eta azken horiek zioten supermerkatura joaten zirenean ez zutela gazteleraz hitz egiten, beldurra zutelako. Nik ez nuen beldurrik izan, baina sufritu nuen nire ikasleek etortzeari utzi ziotenean. Pena handia sentitu nuen, amorrua ere bai.
Giro nahasi horrek zuen harremanetan eragin al zuen?
Ez, gure inguruan denok berdin pentsatzen baikenuen. Baina beste jende bat tratatzerako orduan igartzen zen. Eguneroko bizitzan ez genuen pairatzen, baina bidaiatzen genuenean ikusten genuen hori guztia. Asko bidaiatzen genuen, eta beste hirietara joaten ginenean jende mordoa ikusten genuen Trumpen postuetan. Giro nahasi hori sumatu egiten genuen, eta ez ginen gustura sentitzen.
Bi urteren bueltan itzuli zineten Zumaiara.
Bagenekien bi urtetarako joango ginela, baina etxean esan genuen urtebeterako bakarrik gindoazela.
Erabakia hartzerako orduan eraginik izan al zuen giro politikoak?
Ez, egondako denboran ez genuen giro hori hainbeste bizi, Coloradon ez behintzat. Jakin dugunez, orain askoz gehiago sumatzen da. Hala esan digu han bizi den Andoaingo lagunak. Giroa nahasten hasi zenean itzuli ginen, baina ez zen hura izan bueltatzeko arrazoia, nahiz eta denek esaten diguten garai ona zela itzultzeko. Askotan esaten dut beste urtebete edo bi geratu beharko genukeela han, baina ikusita zer egoera duten orain, horrek ere atzera botatzen du.
Hein batean, umeengatik itzuli ginen. Zaharrenekin ez genuen kezka handirik, baina bai txikienarekin. Oso txikia zela eraman genuen, eta bi urte asko ez badira ere, beretzako garrantzitsuak izan dira. Baina orain ez dira itzuliko, inolaz ere. Hona etorri eta zaharrena berehala hasi zen lagunekin ibiltzen; ez ziren etxean sartu ere egin, zuzenean kalera joan ziren. Ni, berriz, etxean sartu eta arraro sentitu nintzen, han genuenarekin alderatuta txikia iruditzen zitzaidalako. Eta hori terraza badugula hemen ere. Heltzerakoan, trantsizio bat egin behar izan nuen berriro hemengora ohitzeko, baita lanean ere.
Itzultzerakoan dagoeneko lana bazenuten?
Nire senarra funtzionarioa da, eta etorri ginenean Eibarren (Gipuzkoa) hartu zuen plaza. Ni, berriz, ordezkoa naiz, puntu dezente ditut, eta ingeleseko irakasle izateko aukera asko ditut. Eskaera egitean, herri txikiak bakarrik aukeratu nituen: Oikia, Itziar, Aizarna... Aurrena Oikia aukeratu nuen, eta hura tokatu zitzaidan; zorte hori izan dut, Oikiakoa familia bat da eta. Badakizu zer den lanetik atera eta zelaian behiak ikustea? Simaur usaina ere pila bat gustatzen zait.
AEBetara bueltatzeko asmorik ba al duzue?
Oraintxe bertan ezin ditugu umeak hemendik mugitu, baina etorkizunean zeinek daki. Akaso hango giroa baretzen denean joango gara bueltan, baina orain hara joateak beldurra ematen du. •
