Herriguneko trafikoa arintzeko, kanpoaldeko aparkalekuak erabiltzea gomendatu die udalak bisitariei

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 1a

Sarauneko aparkalekua, kirol portuaren alboan. (Zumaiako Udala)

Herriguneko trafikoa arintzeko xedez, autoak herriko aparkalekuetan utzi eta bisitariak erdigunera oinez joatera animatu nahi ditu udalak. Gainera, herrigunera nahiz Zumaiako leku esanguratsuetara oinez iristeko zenbat denbora behar den zehazten duten kartelak jarri ditu erakundeak.

Udaberritik, baina bereziki uda sasoian sartzearekin batera, areagotu egin ohi da Zumaiara etortzen den bisitari kopurua. Herrira iristeko garraio publikoa erabiltzen dutenen kopuruak gora egin badu ere, asko dira oraindik herrigunera autoz iristen direnak, eta horrek areagotu egiten ditu herriguneko trafiko arazoak. Horren aurrean, herrigunetik kanpo dauden aparkalekuak erabiltzeko eta haietatik herrigunera oinez joateko eskatu die udalak bisitariei. 

Ekainaren 15ean sartu zen indarrean udako TAO sasoia. Autoak uzteko guneak erregulatuta daude sistema horren bidez, eta herrigunearen kanpoaldean dauden lau aparkalekuak ere sistema horretan sartuta daude. Horietatik bi, Saraunekoa (P1) eta Estazioko industriagunekoa (P2) doakoak dira; gainontzeko biak, itsas kiroldegikoa (P3) eta Sagarbide-Lubakikoa (P4) ordainpekoak. Azken bi horietan, gehienez, hamar orduz utz daitezke ibilgailuak. 

Uda sasoian herrigunean eta hondartza inguruetan izaten den tafikoa arintzeko helburuarekin, aipatu aparkalekuak erabiltzeko eta haietatik herrigunera oinez joateko deia egin die udalak herrira autoz iristen diren bisitariei. Gainera, herrigunera nahiz Zumaiako leku esanguratsuetara oinez iristeko zenbat denbora behar den zehazten duten kartelak jarri ditu erakundeak aparkalekuetan nahiz herriko hainbat lekutan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide