Euskal Jai egunean lagundu nahi duten taldeek uztailaren 10era arte eman dezakete izena

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 2a

Hainbat lagun Euskal Jai eguna ospatzen.

Abuztuaren 7ko Euskal Jai eguneko bazkari herrikoia zerbitzatzen eta sagardo dastaketa antolatzen lagun dezakete eragileek. Horretarako, uztailaren 10a baino lehen eman beharko dute izena. Egun berean agortuko da Euskal Jaietako azokan parte hartu ahal izateko eskaerak egiteko epea.

Abuztuaren 7an izango da Zumaiako Euskal Jai eguna, eta ospakizun horretako bazkari herrikoian nahiz sagardo dastaketan herritarren laguntza eskatu du Zumaiako Udalak. Zehazki, herriko taldeei eta eragileei luzatu die ekintza horietan laguntzeko deia, eta hala egin nahi dutenek uztailaren 10a baino lehen izena eman beharko dute Alondegian, 943 86 10 56 telefonora deituta edo kultura@zumaia.eus helbidera idatzita.

400 laguni bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak prestatzeko lana izango dute bolondres gisa aurkeztuko diren taldekideek. Halaber, txartelak jaso, herritarren sarrera zaindu, bazkaria zerbitzatu eta, amaieran, ingurua jaso eta garbitu beharko dute. 

Sagardo dastaketan, berriz, hamar etxek ekoiztutako sagardoa banatuko dute. Kasu horretan, postuak jartzea, edalontziak saltzea, sagardoa banatzea eta garbitzea izango dira bolondresen lanak.

Zumaiako Udalak jakinarazi duenez, etekin ekonomikorik gabe jarduten duten herriko elkarteak parte har dezakete deialdian. Izena ematen duten eragileak bilera batera deituko ditu udalak, beharrezko azalpenak emateko. Egun horretan egingo dute, halaber, taldeen arteko zozketa.

Azokan parte hartzeko eskaerak

Egun berean, uztailaren 10ean, agortuko da Euskal Jaiko goizeko azokan parte hartu ahal izateko eskaerak egiteko epea.

Eskaerak Zumaiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira, esteka honetan. Online tramitazioa hasi aurretik, eskabidea deskargatzea eta betetzea gomendatu du udalak, gero tramitazio elektronikoan gehitu ahal izateko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide