Hiru ekintza programatu ditu Zumaiako Gazte Asanbladak uztailerako, eta horietatik lehena gaur bertan egingo dute, arratsaldeko azken orduekin batera. Gaurkoan kirolari egingo diote tartea, Torreberri Gaztetxean egingo duten badminton txapelketarekin. 20:00etan hasiko dute lagun artean jokatuko duten jarduera.
Uztailerako beste bi ekintza ere prestatu dituzte Gazte Asanbladako kideek. Hala, uztailaren 16an Kanposantuzka jokoaren txapelketa egingo dute gaztetxean, 20:00etan hasita hura ere. Uztailaren 24rako, berriz, mojitada programatu dute. Jarduera ez da edariak hartzera mugatuko, musikak ere bere lekua izango duelako, poesia eta elektronika uztartuko dituen Bizi sintetikoak bikotearekin, kontzertu akustikoarekin eta DJ saioarekin.