Baimendu dute Santiagon bainatzea uraren kalitatea normaltasun egoerara bueltatu eta gero

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 2a

Santiago hondartza, artxiboko irudian.

Santiago hondartzan egindako azken analisiek erakutsi dute uraren kalitatea normaltasun egoerara itzuli dela eta, ondorioz, asteartean ezarritako debekua kendu du Osasun Sailak.

Santiago hondartzan bainatzea baimendu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Ur laginei egindako azken analisiek erakutsi dute uraren kalitatea normaltasun egoerara itzuli dela. Hala, jaurlaritzako departamentuak berriro ere bainatzea baimendu du hondartza hartan. 

Osasun Sailak herenegun, asteartean, debekatu zuen euskal kostaldeko hondartza askotan bainatzea, eta horien artean zen Zumaiako Santiago. Aldizka hartzen dituzte uraren laginak analisiak egiteko, eta aste hasieran hartutakoetan ondorioztatu zuten urak ez zituela ezarritako irizpide mikrobiologikoak betetzen. Horren ondorioz, bi egunetan bainatzea debekatu zuten Santiagon, asteartean eta asteazkenean, hain zuzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide