Herritarrekin komunikazioa hobetzeko helburua duen aplikazioa sortu du Zumaiako Udalak

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 2a

Herritarrek udalaren informazioa eta zerbitzuak errazago jaso ditzaten, mugikorretarako aplikazioa sortu du Zumaiako Udalak. Kexak eta iradokizunak egiteko aukera ere eskainiko du tresna digital berriak.

Udalaren eta herritarren komunikazioa hobetzeko helburuz, eskuko telefonoetan deskarga daitekeen aplikazioa sortu du Zumaiako Udalak. Hainbat zerbitzu eskainiko ditu tresna digital berriak: besteak beste, herriko informazioa eta udal zerbitzuak modu errazean eskuratzeko aukera izango dute herritarrek, eta aurrerantzean, udalaren webgunea eta aplikazioa izango dira kexak eta iradokizunak online aurkezteko bide bakarrak.

Google Play eta App Store guneetan deskargatu daiteke aplikazioa, doan. "Helburua da herritarren beharrak eta gorabeherak azkarrago jasotzea, udal zerbitzuen kudeaketa eraginkorragoa egitea eta, aldi berean, herritarren parte-hartzea eta Udalarekiko komunikazioa indartzea", azaldu du udalak.

Aplikazioko albisteen atalean udaleko oharrak, proiektuak, kanpainak eta interes orokorreko informazioa argitaratuko ditu udalak, herritarrek unean uneko berritasunen berri izan dezaten. Era berean, herrian antolatuko dituzten ekitaldi, kultura jarduera, kirol ekimen eta bestelako hitzorduen informazioa bildu dute agenda atalean.

Kexak eta iradokizunak aurkezteko aukera

Bestalde, kexak eta iradokizunak atalaren bitartez, herritarrek kalean edo udal espazioetan antzematen dituzten mantentze-lan txikiak eta bestelako gorabeherak zuzenean jakinarazi ahal izango dituzte. "Besteak beste, hondatutako bankuak, argirik gabeko farolak, zuloak edo garbiketa-beharrak modu erraz eta azkarrean helarazi ahal izango dizkiote udalari", adierazi du erakunde horrek. Jakinarazpen horiek Zumaiako Udalaren webgunearen bidez ere bidali ahal izango dira, horretarako prestatutako formularioa betez. 

Kexak eta iradokizunak jasotzeko zerbitzua aplikazioan eta udalaren webgunean martxan jartzearekin batera, udalak bertan behera utzi du WhatsApp bidezko arreta-zerbitzua. Hori dela eta, hemendik aurrera kexak eta iradokizunak online aurkezteko bide bakarrak aplikazioa eta udal webgunea izango dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide