Pasa den astean Emakumezkoen Areto Futbol Txapelketari agur esan zioten, eta gaur Aita Mari futbol zelaian jokatzen aritu diren 7ko Futbol txapelketaren txanda izango da. 18:30ean hasita, Ligako eta Kopako txapelketetako azken partidak jokatuko dituzte Zumaiako futbol zelaian.
Hasteko, bi txapelketetako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidak izango dituzte jokoan. Ligan, Katrapuna eta Astuan Bila taldeak neurtuko dira; Kopan, berriz, Metro eta Nikol. Behin postu horiek erabaki eta gero, finalen txanda izango da. Lehenbizi, Kopako finala jokatuko dute, 19:20an hasita, Kaitor eta Itzurun taldeek. Arratsaldeko kirol saioarekin amaitzeko, 20:10ean hasita, Ligako txapela irabazteko lehian arituko dira Txispazo eta Buruhutsak taldeak.
Antolatzaileei dei egin diete zaletuei futbol zelaira hurreratzeko, eta informatu du futbol zelaiko kantina zabalduko duela Zumaiako Futbol Taldeak arratsaldean zehar. Bertaratuko direnek izango dute edari bat edo beste hartzeko aukera partidak ikusten dituzten bitartean.