Bigboy Zumaiako musika talde heterodoxoaren jarraitzaileak umezurtz izan dira urte askoan. 2010eko hamarkadan bi disko atera zituzten –Big boy (2014) eta Zapasalto (2016)–, eta hirugarren bat grabatzen ari zirela ere jakin zen, nahiz eta duela gutxira arte argitaratu gabe mantendu duten. Zuzenekoak ere apenas ematen zituzten, eta pandemiatik hona isiltasuna zen nagusi. Elefantearen orrorik ez zen entzuten herrian... iazko uda heldu zen arte. Bigboyren anaia txikiak, Miniboyk, San Telmo ermitan kontzertu bat emango zuen albisteak ezustean harrapatu zituen asko. Ezustekoa bikoitza izan da aurten, taldea osatzen duten lagunek disko bikoitza argitaratu dutelako: Bigboyrena bata, eta Miniboyrena bestea (edo alderantziz).
"Egia da urte asko egon garela kontzerturik eman gabe. Azken kontzertua 2019ko azaroan Hazparnen [Lapurdi] eman genuen eta ordutik lehengo urteko ekainera arte ez genuen beste kontzerturik eman", du gogoan Iñigo Garcia taldearen sortzaile, abeslari eta tronboi jotzaileak. Pandemia heldu zenean entseatzeari utzi zioten, eta lan ordutegiengatik eta aitatasunengatik, taldekideak galtzen joan zen proiektua. "Taldea desegingo zela zirudien momentu batera iritsi ginen. Hiru taldekide besterik ez ginen geratu: Uhin [Loiola], Juan Luis [Blanco] eta ni", dio Garciak. Proiektuari jarraipena ematea otu zitzaien, taldeak eta abestiak formatu berrira egokituta.
Hiruko formatu horri Miniboy izena jarri zioten, eta bi kontzertu eman zituzten, Zumaian eta Zestoan, hain zuzen. "Formatu horretara abestiak moldatzeko hartutako lana eta gero, diskoa grabatzea bururatu zitzaigun. Abestiak erregistratu nahi genituen, ilusioa egiten zigun". Abesti laburrak eta formatu berrira moldatutako kantak sartu dituzte Hildako anonimoak diskoan. "Abesti laburrak sortu genituenean, oraindik Jon [Garcia, gitarra] eta Iker [Hazas, bonbardinoa] taldean zeuden", dio Iñigo Garciak. Pandemia ondoren sortutako abestiak direla ere esan du. "Halako joko bat genuen: elkartzen ginen bakoitzean abesti bat sortu behar genuen, eta abestiak ezin zuen minutu bat baino gehiago iraun. Oso pieza minimalistak ziren. Miniboy formaturako pieza horietako asko hartu genituen, eta Hildako Anonimoak diskoan jaso ditugu, aurreko diskoetako beste abesti batzuen moldaketekin batera", azaldu du.
Linbotik argitara
Sorpresa bikoitza izan da, baina, aurtengoa: Miniboyren diskoarekin batera, grabatu bai baina argitaratu gabe utzi zuten Bigboyren Animaliak diskoa ere plazaratu dute. Hasierako taldekide guztiekin zuzenean 2019an grabatutako diskoa da Animaliak. "Linboan gelditu zitzaigun, erdi nahastua gelditu zen, guztiz bukatu gabe. Bigboyren hirugarren diskoa litzateke. Eta orain, azken diskoarekin batera nahasten bukatu eta ateratzea lortu dugu". Emaitzarekin oso pozik daudela dio Garciak: "Beste perspektiba batekin entzun dugu, zazpi urte pasatu eta gero, eta oso pozik gaude. Hogei minutuko pieza luze bat da, zuzenean gelditu gabe jotzeko prestatua. Bi diskoen artean sortzen den jokoa gustatzen zaigu: batean hogei minutuko pieza luze bakar bat, eta bestean hamasei abesti, gehienak oso laburrak".
Bi lanak Bandcamp plataforma digitalean entzun daitezke. Diskoa formatu fisikoan eskuratu nahi izanez gero, Zumaiako Kabi tabernan daude salgai, eta taldearen bigboytaldea@gmail.com helbide elektronikora idatzita ere eros daiteke.
Komentuan, zuzenean
Argitaratutako diskoak uztailaren 24an aurkeztuko dituzte Komentuan emango duten kontzertuan (22:00). Bereziak diren beste adibide bat: kontzertua Miniboy eta Berpiztuak izenarekin emango dute. "Taldekide batzuen berreskuratze prozesuan gaude. Jon elkartu zaigu berriz ere, eta Harkaitzek [Bastarrika] eta Ikerrek uztaileko kontzertuan joko dute. Urriaren 16an Hendaian [Lapurdi] joko dugu, eta kontzertu horretan ere denak izaten saiatuko gara", amaitu du Iñigo Garciak.