Datorren igandean jokatuko duten Urola ibaiaren igoera-jaitsierak mende erdia beteko du

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 5a

Hainbat piraguista, Urolaren igoera-jaitsieraren 47. edizioan.

Urteurren borobila ospatzearekin batera jokatuko dute datorren igandean Urolaren igoera-jaitsierako proba. 11:00etan hasiko da lasterketa.

Aurten 50 urte beteko ditu Itxas Gain piraguismo klubak antolatzen duen Urola ibaiaren igoera-jaitsierak. Datorren igandean jokatuko dute estropada, 11:00etan hasita. 

Ohi bezala, piraguistak lehorretik aterako dira, Santiago hondartzatik, hain zuzen. Behin piraguetara igota, errioan gora egingo dute Bedua ingururaino, han buelta eman eta ibaian behera egiteko. Herrian amaituko dute proba.

Itxas Gain kluba 1968an sortu zen, eta urte batzuetan proba antolatzeko modurik izan ez duten arren, aurten 50 urte beteko ditu Urolaren igoera-jaitsierak. Hori dela eta, urte horietan guztietan kluba sendotzeko lan egin duten lagun guztiei eskerrak eman die Itxas Gainek, eta estropadaren egunean bazkaria antolatu dutela iragarri du. Probaren egunean jarriko duten tabernan izango dira bazkaritarako txartelak salgai.

Bestalde, Itxas Gain klubarekin lotutako materiala (argazkiak edo lehiaketetako arropa zaharrak, adibidez) duten herritarrei dei egin diete objektu horiek guztiak probaren egunean ekartzeko, erakusketa bat egin nahi baitute horiekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide