Txispazo taldeak lortu du 7ko futbol txapelketako garaipena

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 4a

7ko futbol txapelketako Ligako eta Kopako azken partidak jokatu zituzten atzo arratsaldean Aita Mari futbol zelaian. Txispazo taldeak irabazi zuen txapelketa.

Txispazo taldea izan da Zumaiako 7ko Futbol Txapelketako Ligako irabazlea, eta Itzurun taldeak eskuratu zuen Kopa. Atzo arratsaldean jokatu zituzten Ligako eta Kopako txapelketetako azken partidak.

Giro bikainean jokatu zituzten partidak, eta ligako finalean Buruhutsak taldeari gailendu ostean, Txispazok lortu zuen txapelketako garaipena. Buruhutsak izan zen azpitxapeldun, hirugarren sailkatu zen Katrapuna eta laugarren Astuan bila. Bestalde, Itzurun taldeak altxatu zuen Kopa, finalean Kaitor garaitu ostean. Kopako hirugarren postua Nikol tabernak lortu zuen eta laugarrena Metrok.

Hainbat sari banatu zituzten txapelketa amaitzerakoan. Ligako zein Kopako irabazleek upategi batera bisita egingo dute, azpitxapeldunak garagardotegi batera joango dira, hirugarren sailkatuek erosketa bonoak eskuratu zituzten, eta laugarrenek ardo botila sorta.

Andoni Fleitas izan zen txapelketako goleatzaile nagusia, eta Metro taberna taldeak lortu zuen ikusleen saria.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide