Zumaiako komunitate politiko zabal baten topaleku da Inpernupe, eta han, Erribera kalearen bueltan, egin dute topo eta topa kultur elkartearen 40. urteurreneko festan.
Haurrentzako eskaintzarekin hasi dute eguna: aurpegiak margotuta, eskulanak eta jolasak egiten aritu dira. Joaldunak pausoka astindu dituzte gerriak eta kaleak, eta eguerdian trikitixa, kantua eta poteoa batu dituzte, Zutrik herriko trikitilarien elkartearen eta Korokoiak koroko kideen eskutik.
Herri bazkariaren aurretik, kultur elkartea sostengatzen duen komunitateko kideek Inpernuperen alde egin dute topa, eta kantuz girotu dute bazkalondoa.
Arratsaldean, kalejiran aterako dira Hamarru elektrotxarangarekin batera, eta 21:00etatik aurrera, berriz, kontzertuak izango dira. Gailu eta Kak! taldeak igoko dira Kofradiaren aurrean prestatuko duten oholtzara.