VII. Bilboko Bandera jokatu dute arratsaldean Euskotren ligako traineruek, eta faboritoak ez du hutsik egin bertan: seigarrenez irabazi du Arraun Lagunak traineruak, alegia. Zehazki, bosgarren urtez jarraian irabazi du Bilboko estropada Donostiako taldeak. Gizonezkoena bezala, hau ere erlojuaren aurkako estropada izan da. Oriok eta Zumaiak lan txukuna egin dute bertan, baina ezin izan dute lehen postuetan sartzerik lortu: Orio laugarren sailkatu da, eta Zumaia, berriz, bosgarren.
Ziaboga batera eta bi luzeetara jokatu dute, eta bi txandatan banatuta. Zumaia lehen txandan uretaratu da, eta Donostiarra, Hibaika eta Tolosaldearekin neurtu ditu indarrak. Irteera ona eginda, ziabogara indartsu heldu da Kike Manterolak zuzentzen duen taldea, lehen postuan, 05:53ko denboran, Hibaikarekin berdinduta. Ordea, itzulerako luzea zertxobait gehiago kostatu zaie saregileei, eta txandako hirugarren postuan amaitu dute, lanak 11:02,46ko denboran amaituta. Txanda irabazi du Tolosaldeak, 10:56,00ko denborarekin, eta bigarren heldu da Hibaika, 10:59,90eko denboran. Laugarren izan da Donostiarra, 11:07,52ko denbora behar izan baitu helmuga zeharkatzeko.
Ohorezko txandari ekin diote jarraian, eta bertan izan da Orio, San Juan, Astillero eta Arraun Lagunak traineruekin batera. Lehen txandarekin alderatuta, haizea zertxobait gogorragoa izan da bigarren honetan, baina Xanti Zabaletaren trainerua sendo atera da, garaipena eskuratzeko nahiarekin. Lehen luze txukun bat osatuta, 05:50eko denboran hartu du ziaboga, eta bigarren luzean ez du erritmoa jaitsi. Hala, lanak 11:00,34ko denboran amaitzea lortu dute. Oriokok denbora ona egin du, baina Arraun Lagunak denboraldiko bigarren bandera irabaztera atera da gaur, eta lortu dute helburua. Donostiakoek 10:49,72ko denbora besterik ez dute behar izan helmuga zeharkatu eta VII. Bilboko Bandera poltsikoratzeko. Txandako hirugarren eta laugarren sailkatuen artean lehia estua izan da: Astillero sartu da hirugarren, 11:06,50eko denboran, eta San Juan sailkatu da laugarren, 11:06,66ko denborarekin.
Horrenbestez, horrela geratu da sailkapena gaurkoan: Arraun Lagunak izan da lehena, Tolosaldea bigarren, Hibaika hirugarren, Orio laugarren, Zumaia bosgarren, Astillero seigarren, San Juan zazpigarren eta Donostiarra zortzigarren. Gaurko emaitzekin, Arraun Lagunakek jarraitzen du Euskotren ligako liderra izaten (16 puntu), eta Oriok bigarren postua mantentzen du (12 puntu). Zumaia zazpigarren postuan dago egun (6 puntu).
KAE 1 ligan, Zumaia bigarren
KAE 1 ligak ere gaur arratsaldean jokatu du denboraldiko laugarren estropada, Donibane Ziburuko 34. Estropada. Deustuk hirugarren bandera lortu du bertan, eta atzetik heldu dira Zumaia eta Zarautz, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Orio, berriz, hamaikagarren izan da.
Ohorezko txandan egin dute arraunean Deustuk, Zumaiak eta Zarautzek, eta San Pedrok osatu du txanda hori. Zarautz indartsu atera da, eta aurrea hartu du lehen luzean. Ziaboga egiten aurrena izan da, atzetik Zumaia zuela. Dena den, nagusitasun horrek ez dio asko iraun Gari Urangaren ontziari; izan ere, bigarren luzean lehen postu hori galdu dute, Deustuk aurrea hartu baitie.
Une horretatik aurrera Deustuk eroso egin du arraunean, eta hirugarren ziabogara ere aurrena iritsi da. Azken luzean garaipena ebatzi besterik ez du egin, eta helmuga 21:08,14ko denboran zeharkatu du. Zumaiak gertutik jarraitu dio txapeldunari, hirugarren luzean Zarautzi aurrea hartu ondoren. Estropada bikaina osatuta, 21:16,03ko denborarekin lortu du bigarren postua Zumaiak, eta Zarautz hirugarren helmugaratu da, 21:22,94ko denboran. Txandako laugarrena San Pedro izan da, 22:12,82ko denborarekin, baina sailkapen orokorrean hamargarren postuan amaitu du.
Oriok egun zailagoa izan du gaur. Lehen txandan uretaratu da, eta hirugarren egin du bertan, 22:24,66ko denborarekin. Denbora horrek, ordea, ez dio azken postuetatik aldentzeko balio izan, hamaikagarren postuan amaitu baitu. Orioren txandan lehiatu dira Arkote, Hibaika eta Kaiku, eta azken hau gailendu da txanda horretan.
Gaurko emaitzak kontuan izanda, Deustuk jarraitzen du KAE 1 ligako liderra izaten, 46 punturekin, eta haren atzetik dira Zarautz eta Zumaia, hirugarren eta laugarren, puntuak berdinduta. 43 puntu dituzte bi traineruek. Oriok ez du taularen behealdetik ateratzerik lortu: hamaikagarren postuan dago, zazpi punturekin.