Osasun mentala, indibidualismoa eta disidentziak

Aitor Ibarguren 2026ko uztailaren 5a

Aitor Ibarguren osasun psikologoak ekaineko Zumaiaguka aldizkarian argitaratutako iritzi testua da honakoa.

Ez da kasualitatea faxismoaren gorakadarekin balio indibidualistak hedatzea. Osasuntsu jatea, lo ondo egitea edota ariketa fisikoa egitea ezinbestekoa dela diote etengabe. Osasun mentalari dagokionez, antsietatetik, depresiotik nahiz gainontzeko ondoezetatik babesteko aholku ugarirekin egiten dugu topo hainbat hedabidetan nahiz sare sozialetan. Mezu horiek, ordea, izaera indibidualista izateaz gain, agindu gisa aurkezten zaizkigu gure burua bunker funtzioan pentsatzera zuzenduz, kanpoan gerta daitezkeenari ez begiratzeko, akaso.

Hedabideak eta eragileak, aldiz, ez dira komunitatearen parte sentitzeaz, gizarte babesa jasotzeaz edo disidentziak dakarren estresaz mintzo. Osasun psikologian, baina, badakigu ondoeza ez dela pertsonen barruan modu isolatuan, bizi garen mundutik deskonektatuta balego bezala loratzen. Testuinguru sozialek eta politikoek eragin sakona dute emozioen prozesuetan, harremanak eraikitzerakoan nahiz gure buruaz dugun irudiaren eraikuntzan.

Depresioa eta antsietatea pandemia isil bezala deskribatzen ditu Munduko Osasun Erakundeak, baina gutxi batzuek salatzen dute gorroto diskurtsoen areagotzeak gutxiengoengan izan dezakeen inpaktua zer-nolakoa den. Testuinguru oldarkor horrek gure burua milimetrora neurtzera garamatza sarritan: nola hitz egin, nola jantzi, zer kontatu norberari buruz edo zer espazio saihestu seguru sentitzeko. Dena birritan pentsatu behar izaten dugu.

Alerta egoera horretan bizitzeak sekulako kostu psikologikoa du. Gorrotoz beteriko testuinguru horietan ohikoa da beldurra, ziurgabetasuna, herstura, tristura edota ezinegona bezalako emozioak sentitzea. Are gehiago, horiek maiz bizitzeak jokaera mingarriak garatzera bultza gaitzake: gizarteratzean tematuta orientazioa edo identitatea ezkutatzea, baztertzea edo isolamendua eta gure buruarekiko idea negatiboak eratzea.

Disidentzien bidelagun izaten hasi naizenetik pertsona ugari ezagutu ditut, eta asko dira beren buruak "konpondu" behar dituztela pentsatzen dutenak. Izan ere, ongizatearen inguruan jasotako mezu indibidualista horiekin disonantzian aurkitu ohi dira. Erruduntasun sentimenduekin eta burumakur ezagutzen ditut, haien ondoezen arduradun bakarrak beraiek direla guztiz sinetsita. Lehen urrats gisa, pairatzen ari diren ondoezaren zentzua eta testuingurua interpretatzen saiatzen naiz, gertukoa eta sendoa den harreman bat eraikitzearekin batera. Arazoaren sorrera eta testuingurua ulertzea gustatzen zait, hura nondik datorren eta zeri erantzun edo eusten dion ikertzea, eta norberaren epai gogorrak biguntzen saiatzea. Izan ere, egonkortasuna eta osasun mentala gutxi batzuen pribilegioa diren garaiotan, erruak eta ardurak hobeto sailkatzen ikasi beharko genuke, bunker barrura begira egon beharrean. Horregatik, (auto)errukian, komunitatearen defentsan eta maila ezberdinetako analisian oinarritutako espazioak eraikitzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Espazio horiek gaur egun besteekin nahiz gure buruarekin harremantzen garen modua sakonki alda dezaketelako. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide