Hirugarren egin du Zumaiak Gizonezkoen II. Gesalaga Okelan Banderan

Intza Trula 2026ko uztailaren 5a

Zumaiako gizonezkoen trainerua, Lekeitioko estropadan. (Bermeo Arraunean)

Zarautz nagusitu da gaur eguerdian etxeko estropadan. Euskotren ligak Zierbenan izan du hitzordua: Arraun Lagunak nagusitu da gaur ere, eta saregileek zazpigarren egin dute.

Gizonezkoen II. Gesalaga Okelan Banderan izan dute jokoan gaur Zarautzen, KAE 1 ligan. Etxeko traineruek estropada oso txukuna egin du, eta saria izan du egindako lanak: bandera irabazi dute, bigarren izan den Deusturi hamalau segundo aterata. Zumaia, berriz, hirugarren helmugaratu da.

Bi txandatan banatuta jokatu dute, eta bigarrenean izan da bandera eskuratzeko borroka. Oso pareko abiatu dute estropada Zarautzek eta Deustuk, eta lehen ziaboga ia denbora berean hartu dute. Bigarren luzean, ordea, Zarautzek erritmoa bizitu du, eta Deusturekiko zuen aldea handitzen hasi da. Helmugara arte iraun dio nagusitasun horrek, eta 20:52,26ko denboran amaitu ditu lanak. Deustuk ez du etxeko taldea harrapatzerik lortu, baina estropada txukuna egin du: 21:06,54ko denboran heldu da helmugara.

Zumaia ere gaurko beste protagonistetako bat izan da, podiuma itxi duen trainerua izan baita: alegia, hirugarren postua eskuratu du Zarauzko estropadan, 21:17,21eko denborarekin. Oriok, berriz, azken postuan amaitu du gaurko jardunaldia, lanak 22:11,75eko denboran amaituta.

Gaurko emaitzen ondoren, Deustuk jarraitzen du KAE 1 ligako liderra izaten 57 punturekin, baina Zarautz bi puntura besterik ez du, 55 baititu. Zumaiak, bere aldetik, 53 puntu ditu, eta hirugarren postuan dago. Oriok zortzi puntu ditu, eta azken postuan dago.

Euskotren liga, Zierbenan

Arraun Lagunakek garaiezin jarraitzen du Euskotren ligan. Atzoko garaipenarekin ez zen ase Donostiako taldea, eta gaur, denboraldiko hirugarren estropadan, hirugarren bandera astindu du. Zierbenan (Bizkaia) lehiatu dira, eta X. Petronor Bandera izan dute jokoan. Zumaiak eta Oriok ez dute egun ona izan: azken-aurreko postuan sailkatu da Zumaia, eta azkena egin du Oriok.

Ohorezko txandan lehiatu da Orio, liderrarekin, Tolosaldearekin eta Hibaikarekin batera. Tolosaldeak garaipenaren lehian sartu nahi zuen gaur, eta ahaleginak egin ditu Arraun Lagunak garaitzeko, baina donostiarrek asteburua borobildu nahi zuten, eta irabaztera atera dira. 10:48,02ko denboran zeharkatu du helmuga txapeldunak, estropada dotorea eginda, eta Tolosaldeak jarraitu dio, 10:54,52ko denborarekin. Denbora horrek sailkapen orokorrean bigarren postuan kokatu du Tolosaldea. Txandako hirugarren postua Hibaikarentzat izan da, lanak 11:01,94ko denboran amaituta, eta Orio sailkatu da laugarren, 11:12,10ko denborarekin.

Aurretik jokatu du Zumaiak, Astillerorekin, Donostiarrarekin eta San Juanekin. Atzo baino gehiago kostatu zaie gaur saregileei, eta txandako azkenak izan dira helmuga zeharkatzen, 11:06,78ko denboran. Txanda Astillerok irabazi du, eta berarentzat izan da sailkapen orokorreko hirugarren postua. Txandako bigarren eta hirugarren postuak San Juanentzat eta Donostiarrarentzat izan dira, hurrenez hurren.

Hala, Arraun Lagunakek jarraitzen du Euskotren ligako liderra izaten, 24 punturekin. Hemezortzi puntu ditu bigarrenak, Tolosaldeak, eta, hirugarren postua Astillerorena da egun, hamabost punturekin. Oriok hamahiru puntu ditu bilduta, eta bosgarren postuan dago, Hibaikarekin berdinduta. Zumaiak taularen behealdean jarraitzen du, zazpigarren, zortzi punturekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide