Luxua eta tradizioa uztartu, edo behintzat, hori irudikatu nahi duen Laudioko Kasinoak hartu zuen xakeko Euskal Ligaren lehen mailako azken jardunaldia martxoaren 7an. Aiarako kuadrillako (Araba) herri horretan bildu ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako xake klubetako jokalariak denboraldiko azken partidak jokatzeko. Batzuk igoera lortzeko borrokan ziren, eta besteek jaitsiera saihestea zuten helburu. Dena 64 laukiz osatutako tauletan egindako mugimenduen arabera erabakiko zen.
Martxoko lehen asteburuan Laudiora joan ziren hamar kluben artean zegoen Zumaiako Kbi. Euskal Ligako Ohorezko mailara igotzea zuten helburu kirol jertse gorria soinean zeramaten jokalariek. Bi talde bakarrik igoko ziren Ohorezko mailara, eta liga amaitzeko jardunaldi bakarraren faltan, sailkapenean hirugarrenak ziren zumaiarrak. Bazuten zerbait beraien alde, dena den: fase erregularra sailkapenaren buruan amaitu zuen Donostiako Gros B taldeak ezin zuen mailaz igo, klub bereko A taldea gorengo mailan zegoelako eta ezin dutelako klub bereko bi taldek maila berean aritu. Ligaxkan bigarren postuan zen Santurtzik ia eskura zuen igoerarako txartela, eta Kbi eta Beasaingo Alfil taldeek lehia estua zuten parez pare igoera bermatzen zuen bigarren postua poltsikoratzeko.
"Jardunaldia jokatu aurretik puntu baten aldea genuen Alfilek eta guk, eta sailkapenean berdinduta bukatuta ere, gure aldekoa zen bion arteko emaitza", esan du Fermin Lauroba (Zumaia, 1965) Kbiko jokalariak. Azken jardunaldian ez zuen partidarik jokatu, baina, hala ere, Laudion egon nahi izan zuen Laurobak. Ordezko bezala joan zen hara, baina bazuen beste zeregin bat: aurkarien partidak jarraitzea. "Bost minututik behin joaten nintzen haien partidak ikustera", adierazi du. Arratsaldeak aurrera egin ahala, gauzak zumaiarren alde jartzen joan zirela ere esan du. "Beasaingo jokalari batek erregina dorreagatik aldatu zuela, eta partida galdutzat emanda, handik pixka batera erretiratu egin zela ikusitakoan ohartu nintzen mailaz igoko ginela", gogoratu du. Martxoaren 7 hura "egun handia" izan zela esan du hilabete pare bat igarota.
Ipuin batean biltzeko moduko istorio harrigarria da Kbik azken urte hauetan idatzi duena. Izan ere, zazpi urteko epean bost maila igoera pilatu ditu Zumaiako xake klubak, Gipuzkoako Ligako hirugarren mailatik abiatuta, Euskal Ligako Ohorezko mailara heldu arte. "Eta gorago ez dago beste kategoriarik", azpimarratu du Laurobak.
2018an 8 urte zituen eta Zarauzko taldean aritzen zen Oier Sarasketa xake jokalariaren bueltan sortu zuten kluba
Istorioaren sorrera 2018ko udazkenean kokatzen da, Etxezarreta kaleko Kabi tabernako barraren bueltan. "Kluba Oierregatik sortu genuen", esan du irmo Aitor Sarasketak. Oier Sarasketa xake jokalariaren aita da Aitor, eta klubeko presidentea da sorreratik. "Oierrek 8 urte zituen orduan, eta Zarautzera joaten zen xake eskoletara. Orierrekin batera Zumaiako beste mutiko bat, Eñaut Goñi, ere joaten zen hara". Presidenteak azaldu duenez, garai hartan hasi zen semea xakean bere jaioterrian jokatu nahi zuela esaten; Zumaian, ordea, ez zegoen horretarako aukerarik, ez behintzat, lehiaketetan eta txapelketetan aritzeko abagunerik. "Eñauten aita [Iñaki Goñi], Kepa [Aizpurua, Kabi tabernaren jabea eta xake irakaslea] eta ni elkartu ginen, eta taldea sortzea erabaki genuen", adierazi du Sarasketak.
Kluba sortzeko bilerak Kabi tabernan egiteak bazuen logika bat: betidanik jokatu izan dute xakean Zumaiako Kabi tabernan. "Oso gaztea nintzela, taberna Montxik [Peñalba] gidatzen zuenean, xake partidak jokatzen zituztela oroitzen dut", esan du Aizpuruak. "Orain taldeko kideak diren batzuk, Oscar [Azpurua], Barkeroa [Miguel Manterola] eta [Miguel Angel] Aguado ni baino zaharragoak dira, eta hemen aritzen ziren xakean". Garai hartan, "kafetegiko xakea" jokatzen zutela azaldu du tabernaren egungo nagusiak, "oraindik ere erretzea zegoenean". Hala zehaztu du: "Bilarrak eta xakeak erakarrita etortzen zen jendea tabernara. Horretarako lekua izaten zuten Kabin". Logika horri jarraituz bataiatu zuten klub jaioberria Kbi izenarekin. "Ez genuen nahi tabernaren izen bera izatea, eta a hizkia kendu genion", zehaztu du Aitor Sarasketak.
Mila eta bat buelta egin eta gero, 2018ko azaroan erregistratu zuten kirol elkarte berria. Apenas izan zuten denborarik martxan jartzeko, ordea, eta ez ziren gai izan 2019ko denboraldian aritzeko. "Azaroan sortu genuen elkartea eta liga urtarrilean hasi ohi da. Federaziokoek galdetu ziguten urte hasieran ekingo al genion jardunari, baina oraindik ez geunden prest", esan du Aitor Sarasketak. Urtebete geroago Zumaiko taldearekin aritzekoak ziren jokalari batzuk 2019 hartan Getariarekin lehiatu zirela ere gogoan du. "Zumaian kluba bagenuen, baina Getariako klubaren fitxekin aritu ginen denboraldi hartan".

2020an lehiatu zen lehendabizikoz Kbiren talde bat Gipuzkoako Ligan. Hori horrela izan zedin, esperientzia eta gaztetasuna uztartzen zituen taldea osatzeko lanetan hasi ziren. Oier Sarasketa taldean zuten ordurako, eta presidentearen arabera, hurrengo helburua zen Fermin Lauroba Zumaiara erakartzea. Kbiko kideentzako Lauroba "pertsona mitikoa" zen. "Kalean ikusten genuen Lauroba, eta taldeko kideok elkarri esaten genion egunen batean ausartuko ginela hari zerbait esatera. Halako batean, hitz egin nuen berarekin, gure asmoen berri eman genion, eta ondo hartu zuen proposamena", jarraitu du azalpenekin presidenteak.
Xake mundua lehen pertsonan ezagutzen duen pertsona da Lauroba. "Hogei urtez aritu nintzen Azkoitiko taldearekin jokatzen, eta beste hogei urtez Zarauzkoarekin. Dena den, Oier xakean jokatzen ikusi nuenean, eta 8 urterekin zer maila zuen ohartu nintzenean, beldurtu ere egin nintzen", azaldu du Laurobak. Haren esanetan, Oier izan zen xakean jokatzera herriko taldera batzearen arrazoi nagusia. "Oso gustura nago hemen, Kbin oso jende adikorra dago".
Haurra zen oraindik Oier Sarasketa (Zumaia, 2010) Ferminek lehen aldiz jokoan ikusi zuenean, eta hark nabaritu zion potentzial hura guztia zukutu besterik ez du egin jokalari gazteak. Gaur egun, Gipuzkoako rankingeko lehen postuetan dago, baita bere adineko Espainiakoan ere. "Niretzako oso garrantzitsua zen Zumaian jokatzea; txiki-txikitatik nahi nuen hori. Aurretik Zarautzen eta Getarian jokatu nuen, baina herriko taldean aritzea zen nire helburua", esan du. Kluba sortu berritako lehen denboraldian ez zen aritu Kbirekin; 2022. urteko sasoian izan zuen Zumaiako kluba defendatzeko aukera. Ordutik izan ditu beste herri batzuetako taldeetara batzeko eskaintzak, beste lurraldeetara joatekoak ere bai, baina oraingoz, entzungor egin die sirenen kanta eztiei: "Nik beti nahi izan dut Zumaiarekin mailaz igo, eta oso gustura nago etxean".
Xabier Aranzabal (Zumaia, 1997) izan da aulkiaren hanketako bat hasiera-hasieratik. "Gogoan dut Azkoitiko sanandresetako txapelketa batean parte hartu zuela. 2019an edo izango zen. Lehen txanda ez zuen jokatu, berandu heldu zelako, eta hala ere, laugarren edo bosgarren egin zuen. Denok galdetzen genuen nor zen mutil hura, nondik atera zen", esan du Aitor Sarasketak, harridura keinuekin. "Txoskerengatik [Aitor Sarasketaren ezizena] hasi nintzen ni klubean", erantzun du Aranzabalek. "Nik ordura arte ez nuen era presentzialean jokatzen, eta Getarian hasi nintzen horretan, Zumaian klubik ez zegoelako; 22 bat urterekin jokatuko nituen lehen partidak. Oier ere Getarian aritzen zen orduan, eta hark Zumaiko taldera batzea erabaki zuenean, hala egin nuen nik ere. Fermin ere garai hartan etorri zen taldera". Laurobak dioenez, hirukotea osatu zuten Sarasketak, Aranzabalek eta hirurek, eta mailaz maila goraka hasi ziren, mailaz maila igotzen.
Lehia hasi... eta pandemia
2020ko urtarrilaren 11n egin zuen Kbi klubak txapelketa ofizial batean debuta, Gipuzkoako Ligan, alegia. Talde hasiberria izanik, hirugarren mailan eman zituen lehen pausoak. Lehen jardunaldian galtzaile izan zen, baina denboraldiak aurrera egin ahala, sailkapeneko lehen postuan egonkortu zen, eta bigarren mailara igotzeko hautagai bihurtu. Martxoaren hasieran, baina, COVID-19ak eragindako izurriteak mundua geratu zuen. Kepa Aizpuruaren esanetan, "liga eten egin zuten, ordurako jardunaldi gehienak jokatuta zeudenean". Igoera fasea jokatu ere egin gabe, federazioak talde asko mailaz igo zituela ere gogoan du tabernariak. "Gu hirugarren mailatik bigarrenera igo ginen", argitu du Aitor Sarasketak.
Koronabirusa bereak eta bi egiten ari zen oraindik, eta ondorioz, 2021ean ez zuten ligarik jokatu, bai, ordea, urtebete geroago, 2022an. Urte hartako liga bigarren postuan amaitu zuen Kbik. Berez mailaz igotzea ziurtatzen zuen postua zen hura, baina pandemiak sortutako anabasa konpontzeko lanetan jarraitzen zuen federazioak, eta urte hartan talde bakarra igo zen mailaz: Irungo Bidasoa. Ondorioz, Kbik beste urtebete egin behar izan zuen bigarren mailan. Ordutik, taldearen anbizioa handitzen joan den heinean, igogailua abiadura hartuz joan da, eta zazpi urteko epean bost igoera pilatu ditu; Euskal Herriko xakearen gorengo mailara heldu da taldea.
"0tik 10era egin dugu denbora gutxian", esan du Oier Sarasketak. "Kasualitatez edo, hiru lagun juntatu ginen, eta mailaz igotzen joan gara, gorengora heldu arte. Ez dakit historian klub batek halakorik lortu al duen, baina guretzat oso garrantzitsua izan da lortutakoa", adierazi du jokalari gazteak. Klubeko presidenteak dioenez, hastapenetan bere pentsamenduetan ez zuten lekurik igoerek, baina bestelakoa izan da bidea: "Orain Euskal Herriko xakearen gorengo mailan gaude, eta maila horretan Gipuzkoako bi klub besterik ez daude: Donostiako Gros eta Zumaiako Kbi. Ez sinestekoa da", gaineratu du harrituta.
Datorren urtean zer?
Ondo asfaltatutako errepide batean gidatu du orain arte Kbik, baina bidean hasi dira lehen zuloak agertzen. Ohorezko mailara igotzeko lehian lagundu zuten jokalari batzuek ez dute Zumaiako klubean jarraituko. "Klubak izan duen meteoritoen moduko igoera hori Oierrek izandako hazkundearekin batera egin da. Haren bueltan joan da taldea moldatzen, eta kanpokoak ziren azken urtean berarekin aritu diren beste jokalari guztiak", nabarmendu du Aizpuruak.
Ez da azken urteko kontua soilik izan; izan ere, urteotan izan dute Zumaiatik kanpoko jokalarien laguntza. "Oierren entrenatzailea zen Erik Juezek esan zigun hura Euskal Ligan lehiatzen ikusi nahi zuela, eta etorriko zela gurekin jokatzera. Paulo Alberdik ere, Gipuzkoako Ligako lehen mailara igoz gero, gurekin jokatuko zuela esan zigun", azaldu du Aitor Sarasketak. Euskal Ligako Ohorezko mailara igo ahal izateko, Aimar Alvarez tolosarra eta iazko Gabonetako xake txapelketaren irabazle Juan David Becerra kolonbiarra fitxatu zituzten. "Paulo eta Erik ez ditut etxekoak ez bailiran ikusten, baina beste biak bai. Dena den, horiekin aritzea zen helburua lortzeko genuen aukera bakarra", gaineratu du presidenteak. "Oierrek esaten zigun goiko mailan jokatu nahi zuela. Iazko udazkenean Nafarroako Ligan aritu zen, eta aurten ere izan ditu han jokatzeko eskaintzak, baina ordurako Aimar fitxatuta geneukalako jarraitu du Zumaian".
Euskal Ligako Ohorezko mailan jokatzea futboleko lehen mailan aritzearen parekoa dela dio Laurobak
Aurreko denboraldietan beti talde berarekin eta batzuetan nahiko estu ibiltzen zirela onartu du Oier Sarasketak. "Gabonetan Juan David Becerra fitxatuta, gauzak beste era batera ikusten hasi eta mailaz igotzeko moduko taldea genuela ohartu ginen. Gero, genuen talderako nahikoa gaizki aritu ginen ligan, justu ibili ginen, baina genuen taldea ligako onenetarikoa zen", gaineratu du.
Datorren urtera begira jarrita, laino beltzak hasi dira agertzen zeruan: badakite Becerrak ez duela Kbin jarraituko, ezta Alvarezek ere. "Erik Juez Katalunian bizi da, eta hura ere ez da egongo, eta Paulok zer egingo duen ez dakigu. Fermin Laurobak eta Xabier Aranzabalek, berriz, ez dute goi mailan jokatu nahi", dio hasperen eginez presidenteak. "Ez dut uste maila horretan aritzeko gai naizenik", aitortu du Laurobak, eta konparazio bat egin du: "Esan daiteke Euskal Ligako Ohorezko maila futboleko lehen mailaren parekoa dela, eta esan daiteke profesionalen aurka ariko garela. Beraz...". Hala esan du Aranzabalek ere: "Ohorezko mailara igo gara, baina agian maila handiegia da guretzako. Badut motibazioa, baina errealistak izan behar dugu".
Gaur-gaurkoz, Oier Sarasketa da Kbik maila berrian, gorengoan, lehiatzeko prest duen jokalari bakarra. "Jendearekin hitz egiten ari gara taldea osatzeko, baina ez da erraza jokalariak erakartzea, horretarako ere dirua behar delako. Telefonoa belarrian itsatsita daukat boladan", damutu da Aitor Sarasketa. Baikorragoa da haren semea, Oier: "Oraingoz jakinarazi ezin diren fitxaketa batzuk egin nahi ditugu. Proiektu indartsu bat ari gara gauzatzen, eta asmoak egia bihurtzen baldin badira, urte batzuren bueltan liga irabazteko aukerak izan ditzakegu". •