Challenger Tour izeneko zirkuitua sortu dute aurten, kehen mailako txapelketen ateetean dabiltzan puntistei zuzenduta. 24 pilotari arituko dira guztira txapelketa horretan, eta horien artean bi zumaiar daude: Cosme Agirre aurrelaria eta Unai Uranga atzelaria. Elkarrekin jokatuta garaipen ugari lortutako bikotea, hemen bakoitza bere aldetik arituko da.
Pasa den larunbatean egin zuten debuta biek ere txapelketa berri horretan, Durangoko txapelketako finalerdietan, hain zuzen. Lehen partidan, Cosme Agirre Montamatekin aritu zen, Astelarra eta Zugaitzen aurka. Gorriz aritu ziren Agirrek eta Montamatek garaipena lortu zuten bi jokotan (15-10, 15-4), eta ondorioz uztailaren 11n jokatuko duten finalerako txartela lortu zuten.
Unai Urangak arratseko bigarren partidan jokatu zuen, Laloorekin bikotea osatuta, Bixente eta Oierdiren aurka. Azken hauek nagusitu ziren, partida bi jokotan irabazita (15-11, 15-5). Urangak, beraz, ez zuen hilaren 11n jokatuko duten finalerako txartelik lortu.
Frida Watkins Markinan
Frida Watkinsek, bere aldetik, Markina-Xemeingo Grand Slameko finalerdia jokatu zuen ostiralean. Erika Mugartegirekin osatu zuen bikotea. Biak ere, iazko Jai Alai Ligako irabazleak dira. Ostiraleko hitzorduan, baina, ezin izan zuten garaipena erdietsi Elaia Gojenola eta Arai Lejardiren aurka, eta partida bi jokotan galdu zuten (15-11, 15-12), era horretan uztailaren 16an jokatuko duten finaletik kanpo geratuz.