Merkataritza establezimenduetan euskarazko errotuluak jartzeko dirulaguntzak emango ditu aurte ere Zumaiako Udalak. Kanpoko errotuluak, toldoak edot erakusleihoetako itsasgarriak bezalako euskarriak jartzen lagunduko du. Udalak azaldu duenez, errotulazio elementuaren kostuaren %50 lagunduko du diruz, 300 euroko muga gainditu gabe.
Gaineratu du udalak ez direla diruz lagunduko errotulu elebidunak direnean. Hau da, ezinbestekoa izango da euskaraz bakarrik egotea. Era berean, ez du laguntzarik emango izen berezia bakarrik agertzen denean, izan ere, establezimenduaren jarduera euskaraz adieraztea hartuko du irizpidetzat laguntzak ematerako orduan.
Laguntza hauen onuradun izateko, establezimenduak helbide fiskala Zumaian izan behar du, eta eskatzaileak zerga betebeharrak eguneratuta izan behar ditu. Horrez gain, udalaren baimena izan beharko du toldoak eta antzerako euskarriak jartzeko, eta errotuluak euskaraz eta ondo idatzita egon beharko du.
Aurkeztu beharreko agiriak urriaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek, Herritarren Arreta Zerbitzuan edo telematikoki, zumaia.eus guneko egoitza elektronikoan.
Kartel berriak
Bestalde, merkatarientzat kartel berriak prestatu ditu aurten Zumaiako Euskara Zerbitzuak, Ongi Etorri Euskararen Herrira kanpainarekin lotuta: merkealdia adieraztekoa, deskontuak zehaztekoa eta testu librea idaztekoa ere bai. Kartelak eskatzeko nahikoa da euskaraz@zumaia.eus helbidera idaztea edota 943865025 zenbakira deitzea.