Herri batzuk hazten; besteak, berriz, husten?

Ihintza Elustondo 2026ko uztailaren 8a

Zumaiako portua ilunabarrean. (Juan Luis Romatet)

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2035era bitartean biztanleriak zer bilakaera izango duen aztertu du Eustatek. Aurreikuspenen arabera, Urola Kostako herri gehienak hazi egingo dira, baina Beizamak biztanleria galduko luke. Zumaian %2,2 egingo du gora herritarren kopuruak. 

Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskualdeetako eta udalerrietako biztanleriak 2035era bitartean izango duen bilakaera aztertu du. Kalkuluen arabera, biztanleriak hiru lurralde horietako eskualde guztietan egingo luke gora, salbuespen batekin: Bizkaiko Markina-Ondarroa eskualdean soilik egingo du behera biztanleriak. Beraz, Urola Kostan ere gora egingo du, oro har, herritar kopuruak datozen hamar urteetan.

Udalerrien kasuan ere, proiekzioaren arabera, kasu gehienetan gora egingo du biztanleriak: zehazki, 198 udalerri haziko dira, eta 54 herritan gutxituko da biztanleria. Bilakaera negatiboa izango duten udalerrietatik sei Araban daude, 20 Gipuzkoan eta 28 Bizkaian. Biztanleria galerak batez ere udalerri txikietan gertatuko lirateke: udalerri horietatik 31k 2.000 biztanle baino gutxiago zituzten 2025ean, eta beste zortzik 2.000 eta 5.000 biztanle bitartean. Urola Kostako 11 udalerriei erreparatuz gero, Aizarnazabalen haziko da gehien biztanleria; hain zuzen ere, 7,9 puntu haziko da herritarren kopurua herri horretan 2035era bitartean.

Eskualdeko herri gehienetan egingo du gora biztanleriak: Aian, Azkoitian, Azpeitian, Errezilen, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian ere hazi egingo da biztanleria. Bestalde, aurreikuspenen arabera, Beizama da biztanleria galduko duen eskualdeko herri bakarra: 15,1 puntu egingo du behera han biztanle kopuruak.

Pedro Otaegi Beizamako alkateak adierazi du ez dakiela ikerketa egiterakoan zer izan duen kontuan Eustatek, baina berak ez duela hain ikuspegi "negatiboa" egoeraren aurrean. "Beizaman salgai zeuden etxebizitza denak saldu dira; baserri denak salduta daude. Etorlurrek lau etxebizitza egin behar ditu Etxebistan, eta elizaren ondoan Eusko Jaurlaritzak beste hamabi egin behar ditu. Niri ez zait iruditzen Beizaman biztanleria hainbeste jaitsiko denik. Igotzea ez da erraza, baina hainbeste jaitsiko denik ez dut uste. Udala ari da lanean etxe gehiago egoteko herrian, eta uste dut bilakera hori ez dela hain negatiboa izango".

Igaro berri dira Beizamako San Pedro festak, eta jaien hasierako txupinazoa herrira joan berri diren bost lagunek bota zuten. Hain justu, Aisha, Amaia, Diana, Nikolai eta Jose Carlos arduratu ziren suziria pizteaz. Beraz, bost herritar berri badira, behintzat, Beizaman. "Horregatik diot egoera ez dudala hain beltz ikusten. Jendea ari da animatzen", dio alkateak. Dena den, biztanleriari bultzada emateko bidean, oztopo bat identifikatu du hark: "Arazoa da zenbaitek ez dituztela hutsik dauden baserriak saldu nahi. Hori bada oztopo bat biztanleriaren arazoari aurre egiteko". Izan ere, herrigunean hutsik dauden zazpi bat etxebizitza kenduta, gainontzean etxe guztietan mugimendua badela adierazi du Otaegik.

Haztea ere, erronka

Biztanleriari eustea erronka da Beizamarentzat, baina Getariarentzat, adibidez, haztea bilakatu da erronka, Haritz Alberdi alkateak nabarmendu duenez. Izan ere, aurreikuspenen arabera, Getaria da, Aizarnazabalen atzetik, Urola Kostan gehien haziko den herria: %7,3. Alberdik adierazi du udala etorkizunari aurrea hartzeko lanean ari dela, herriaren hazkundeari "ahalik eta modu orekatuenean" erantzun ahal izateko. "HAPOa lantzen eta zenbait eremu egokitzen ari gara, eredu ezberdinetako etxebizitzak sustatu ahal izateko. Helburu batekin ari gara lanean: guretzat inportanteena da getariarrei Getarian bizitzen jarraitu ahal izateko erremintak eskaintzea".

Datuak, herrika

Eskualdeko udalerrietako biztanleriaren aldakuntza erlatiboa (2025-2035), Eustaten arabera:

Aia. +%6,7.

Aizarnazabal. +%7,9.

Azkoitia. +%3,3.

Azpeitia. +%3,6.

Beizama. -%15,1.

Errezil. +%4.

Getaria. +%7,3.

Orio. +%4.

Zarautz. +%1,3.

Zestoa. +%6,9.

Zumaia. +%2,2.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide