200 parte hartzaile inguru izango ditu larunbateko Itzurun-Arranpla zeharkaldiak

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 9a

Iazko irabazlea Arranplara heltzen, hiru kilometroko igeriketa saioa eginda. (Juan Luis Romatet)

Ohikoan baino partaidetza txikiagoa izango duela diote antolatzaileek, egun gutxiko epean antzerako proba ugari pilatu direlako. Zapatuan, eguerdi aldera jokatuko dira proba guztiak.

Larunbat goizean jokatuko dute aurtengo Itzurun-Arranpla igeriketa zeharkaldia. Oraindik ere proba horretarako izen ematea itxi ez badute ere –bihar 20:00etan amaituko da epea, rockthesport.com webgunean–, zeharkaldiko antolatzaile Taosa igeri klubeko kideak damu dira ohikoan baino parte hartze txikiagoa izango duela igeriketa probaren aurtengo aldiak. 

Ustezko jaitsiera horren atzean, antzerako kirol proben pilaketa egon daitekeela uste dute antolatzaileek. "Zarauzko zeharkaldia astebete aurreratu dute (datorren asteburuan jokatuko dute), eta denak hartarako prestatzen ari dira. Gero, gurea larunbatean bada, Ondarroakoa (Bizkaia) igandean egingo dute, eta larunbatean lehiatuko direnak ez dira igandean arituko, eta alderantziz. Gero, Bizkaian proba bat badute, bizkaitarrak ez dira hona etorriko", azaldu du Taosa klubeko kide batek. Hala ere, etzi egingo duten probak 200 bat igerilariren parte hartzea izan dezakeela aurreratu dute. 

Goizean jokatuko dute hondartza eta Arbustaingo arrapala arteko igeriketa proba. Hasteko, baina, haurrei zuzendutako probak jokatuko dituzte. 500 edo 1.100 metroko distantzien artean aukeratu beharko dute igerilari gazteek. Horiek, Santiago hondartzatik aterako dira 11:30ean, eta Arranpla arteko bidea egingo dute, errioan gora, igerian. 

Aurten, berrikuntza bezala, helduei zuzendutako distantzia erdiko proba antolatu dute. Hiru kilometroko distantzia batzuentzat askotxo izan daitekeela-eta, 1.500 metrokoan parte hartu ahal izango dute. Igerilari hauek, aurretik haurrak bezala, Santiagotik abiatuko dira 11:30ean, eta barra alderantz joanda, buelta eman eta gero Arranplan amaituko dute lana. 

Proba nagusiari, berriz, eguerdiko 12:15ean emango diote hasiera, Itzurun hondartzatik. Talaimendi eskuin aldera utzita, barra aldera egingo dute, eta behin hara helduta, errioan gora egingo dute helmuga puntura heltzeko. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide