Duela bost urte abiatu zuten Xabat Gastañaresek eta Josu Odriozolak Sasoi On proiektua, indar entrenamendua eta osasuna ardatz dituen gimnasioaren egitasmoa. Ordutik hona pixkanaka egin du aurrera proiektuak, eta erabiltzaileen beharrek nahiz jasotako eskaerek bultzatuta, bigarren espazioa ireki dute Zumaian. Bi guneek izaera eta helburu desberdinak dituzte, ordea, erabiltzaileen profil bakoitzari egokitutako zerbitzua eskaintzea baita xedea. "Hasieran zabaldu genuen gunean ariketa zailak egiten genituela uste zuten herritarrek, agian sare sozialetan argitaratutako edukiengatik. Baina gure bezero batzuen profila ikusita, eta jubilatuen bi talde genituenez, lokala eta materiala egokitzen joan gara. Orain, bigarren lokala zabaldu dugu, talde horien entrenamenduak hobeak izan daitezen", azaldu du Odriozolak.
Helburua ez da pertsona guztiei entrenamendu bera eskaintzea, baizik eta bakoitzaren adinera, esperientziara eta beharretara egokitutako espazioa izatea
Gastañaresek eta Odriozolak azaldu dutenez, helburua ez da pertsona guztiei entrenamendu bera eskaintzea, baizik eta bakoitzaren adinera, esperientziara eta beharretara egokitutako espazioa izatea. Hori dela eta, bi lokalak elkarren osagarri izateko diseinatu dituzte. Hala, bigarren gunea zabaldu dute muga biomekanikoak dituztenei bideratuta eta indarra erosotasunez lantzeko makinez osatuta. "Bi testuinguru sortu ditugula esan dezakegu, betiko ideiekin eta asmoekin, baina helburua aldatuta", gaineratu du Gastañaresek.
Zumaiako Urola plazako 15. zenbakian ireki duten Sasoi On Gym espazioa seguruagoa eta gidatuagoa da, eta zehazki indarra landu nahi dutenentzat bideratutako gunea da. Indarra modu seguruan lantzen hasi nahi dutenentzat nahiz adinekoentzat pentsatutako azpiegitura da, makina gidatuak eta ariketa libreak uztartzen dituena. Han, Indartu eta Senior programak eskaintzen dituzte, hasierako balorazioarekin, entrenamendu pertsonalizatuarekin eta etengabeko jarraipenarekin. "Profil desberdinei bideratuta dago gunea eta teknikoki errazagoak dira saioak. Makinek ariketak errazago egiteko aukera eskaintzen dute, oinarria osatzeko egokiak dira".
Indartu programa profil desberdinetako jendeari zuzenduta dago; entrenamendua modu planifikatuan eta jarraian egin nahi duenari, indar entrenamenduan esperientzia gutxi duenari edota pixkanaka indar entrenamenduan murgildu eta hobetu nahi duenari.
Jubilatuei zuzendutako Senior saioak nabarmentzen dituzte bi arduradunek. Horietan indarra, oreka eta mugikortasuna lantzen dituzte, autonomia eta bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. "Ikaragarri betetzen gaituzte jubilatuen saioek. Txorakeria bat dirudi, baina pozeze betetzen gaitu autonomia lortzen dutela eta hobetzen ari direla ikusteak. Gainera, sozializaziorako une ere bihurtu dituzte saioak".
Hego kaleko 6. zenbakian dagoen Sasoi On Box da espazio dinamikoena. Han fitness eta entrenamendu hibridoa lantzen dituzte, indarra, gaitasun kardiobaskularra eta mugimendua uztartuz. "Exijentzia maila altuko saioak egiten ditugu, etortzen direnek kirola egindako eta nekatutako sentsazioa izan dezaten. Erritmo handiko saioak izaten dira". Taldekako saioetan oinarritzen da eskaintza, baina horiek pertsonalizatu egiten dituzte partaide bakoitzak duen mailara. Gainera, erabiltzaileek saioak ordutegi malguarekin antolatzeko aukera izaten dute.
Gune batek zein besteak open zerbitzua dute, hau da, erabiltzaileek eskuko telefonorako aplikazio bitartez zabaldu ditzakete bi guneak asteburuetan. "Bi guneak gimnasio gisa erabiltzeko aukera dute erabiltzaileek. Indar entrenamenduak egiteko bi aukera ditugu, halaber, eta hori, agian, merkatuan beste inon ikus ez daitekeen eskaintza da".
Erronka berriak
Bigarren gunea irekita, Sasoi On-ek hasierako filosofiari eusten dio: entrenamendua osasunaren ikuspegitik ulertzea eta pertsona bakoitzari bere beharretara egokitutako jarraipena eskaintzea, herritarrei entrenamendu aukera zabalagoa eskainiz.
“Batxilergoko bi klase etorri dira aurten, eta horietan ikusteko aukera izan dugu gazte asko ez dagoela taldekako kiroletan murgilduta, eta horiei kirola egiteko beste modu bat badela erakutsi eta aukera eskaintzea garrantzitsua iruditzen zaigu”
Baina ez dira horretara mugatuko; izan ere, etorkizuneko erronken artean dute gazteentzako programak sustatzea, adin goiztiarretan direnek ohitura osasungarriak garatu eta indar entrenamenduaren oinarriak modu egokian barnera ditzaten. Horrenbestez, 14 eta 16 urte bitarteko gazteekin osatutako taldea sortzea dute helburu: "Batxilergoko bi talde etorri dira aurten gurera, eta ikusi dugu gazte asko ez daudela taldekako kiroletan murgilduta. Garrantzitsua iruditzen zaigu horiei kirola egiteko beste modu bat badela erakustea eta horretarako aukera eskaintzea".
Gazte ala jubilatu, adin guztietako herritarren artean kirola egitearen onurak zein diren zabaldu nahi dute Gastañaresek eta Odriozolak. "Adinik ez dago kirola egiteko; sekula kirolik egin ez badute ere, bakoitzak bere erritmoan jardunda ere, beti lortuko dituzte onurak. Gauzak ondo eginda, epe motzera eta luzera aldaketa nabarmenak nabarituko dituzte osasunean eta egunerokoan".
Osasun arloko hobekuntzei ez ezik, Sasoi On-en onura sozialei ere ematen diete garrantzia, komunitateari eta giroari, besteak beste. "Gure saioetan pertsona berriak ezagutzeko aukera izaten dute herritarrek. Giro onean jarduten dugu, eta urtean bi bazkari ere egiten ditugu. Horrek guztiak komunitatea sortzen du".
Zalantzak dituzten herritarraei Sasoi On-era proba egitera joateko deia egin diete Gastañaresek eta Odriozolak, eta horiek esan dutenez, herritarrek hobekuntzak ikusiko dituzte epe motzean eta ertainean.
Harremanetan jartzeko hainbat bide jarri dituzte herritarren eskura:
Instagram: @sasoi_on_zumaia
Telefono zenbakia: 742 07 55 49
Posta elektronikoa: sasoion.zumaia@gmail.com
Webgunea: sasoionfitness.wodbuster.com