Castron eta Orion izango dituzte estropadak Zumaiako traineruek asteburuan

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 10a

Saregileak, ligari hasiera eman zion Madrilgo estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Larunbatean Castron (Kantabria, Espainia) eta igandean Orion arituko dira Euskotren liga lehiatzen ari diren saregileak; Telmo Deuneko arraunlariek, berriz, Orion izango dute estropada zapatu arratsaldean.

Aurrera dirau traineru denboraldiak. Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko arraunlariek hiru estropada jokatuko dituzte asteburu honetan: bi emakumeek, eta bakarra gizonek. 

Euskotren liga lehiatzen ari diren saregileek etxetik urrun izango dute lehen estropada, eta gertu bigarrena. Larunbatean Castrora (Kantabria, Espainia) joango dira X. Caixabank bandera jokatzera. 17:25ean hasiko dute ligako laugarren banderako lehia. Lineako estropada izango da, lau kaletan banatuta. Traineruek bi luze egin beharko dituzte, ziaboga bakarrarekin. Zumaia lehen txandan arituko da, Orio, San Juan eta Donostiarrarekin batera. 

Igande goizean, berriz, ligako bosgarren jardunaldia izango dute jokoan, Orioko 28. Emakumezkoen Estropada-Orioko Kanpina XIV. Bandera, hain zuzen. 11:25ean hasiko dute lana ontziek, eta bezperan bezala, lineako estropada izango da. Txandak bezperan Castron izandako sailkapenen arabera erabakiko dituzte. 

Ligako hiru jardunaldi jokatuta, Zumaia sailkapeneko zazpigarren postuan dago, 8 punturekin. Atzean du Donostiarra, 5 punturekin, eta aurretik San Juan 12 punturekin.

Gizonek ere Orion

Larunbat arratsaldean jokatuko dute Orioko uretan KAE-1 ligako VIII. Orio Kanpina bandera. 17:00etan hasiko da, eta lineako estropada izango da, lau luze eta hiru ziabogarekin. Zumaia ohorezko txandan arituko da Deusto, Zarautz eta Kaikurekin batera. Gaur-gaurkoz hirugarren da Zumaia sailkapenean, 53 punturekin. Aurretik ditu Deusto (57 puntu) eta Zarautz (55 puntu).

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide