Enaitz Goñik eta Helene Alberdik irabazi dute Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldia

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 11

Eguerdi partean jokatu dute Taosa igeri elkarteak antolatutako igeriketa proba. Lehenbizi haurren eta distantzia erdikoen probak jokatu dituzte; Hiru kilometroko proba nagusia jarraian. Azken hauek uretatik abiatu dira, Itzurunen azaleratutako harriek sor zitzaketen arriskuak saihesteko. 

Eguraldi beroarekin jokatu dute gaur eguerdian Taosa igeri elkarteak antolatutako Itzurun-Arranpla itsas igeriketa zeharkaldia. Datozen egun eta asteotan antzerako proba gehiago direla eta, parte hartzea antolatzaileek nahi baino urriagoa izan da aurten. Arbustaingo arrapalan kokatutako helmuga puntura 139 igerilari heldu dira.

Haurren eta distantzia erdiko proben txanda izan da lehenbizi. Goizeko 11:30ean atera dira hauek Santiago hondartzatik, eta egin beharreko distantzien arabera, azkarrago edo beranduago eman diote buelta buiari, errioan gora eginda Arranplara heltzeko.

3.000 metroko proba nagusia, bestalde, Itzurun hondartzatik atera da. Negutik hona hondartzan azaleratutako harriek probaren hasiera aldatzera behartu ditu antolatzaileak. Izan ere, ohikoan lehorretik atera izan badira ere, aurten igerilariak uretan direla eman zaio probari hasiera. Horren helburua, harriek sor zitzaketen arazoak eta arriskuak ekiditea izan da. 

Itsasoaren egoera, hasieran, egokia zuten igerilariek, baina, azaldu dutenez, barrara heltzerako unean mugituagoa zegoen ura, eta horrek zaildu egin die igeriketa lanak parte hartzaileei. Marmokek ere arazo bat edo beste eragin dituzte. Esaterako, igerileri batek erretiratu behar izan du, marmoken ziztadaren ondorioz. 

Proba nagusian irabazleak Astigarragako Enaitz Goñi eta Helene Alberdi zumaiarra izan dira. Lehenak 34.51 denborarekin osatu du lanak. Alberdi, bere aldetik, 40.12 denbora egin du. 1.500 metroko distantzian, berriz, Ander Montalvo zarauztarra (16.48) eta Viviana Velasquez (19.20) brasildarra izan dira azkarrenak. 

Hemen ikus daitezke gaurko kirol jardueran izandako emaitzak.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide