Larunbat positiboa izan da honakoa Zumaiako traineruentzat

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 11

Zumaiako arraunlariak zaletuen animoak jasotzen, gaur Orion. (Julene Sorarrain)

Euskotren ligako estropadan lehiatu diren saregileek laugarren postu on bat lortu dute, eta sailkapenean hurreratu egin dira jaitsierako play offetik kanpo dauden klubetara. Mutilek hirugarren egin dute Orion jokatutako estropadan.

Larunbat interesgarria izan da honakoa Telmo Deun arraun elkarteko traineruentzat. Emakumeak zein gizonak goiko postuetatik hurbil egon dira gaur jokatutako bi estropadetan. 

Euskotren ligak Castrorako (Kantabria-Espainia) bidea hartu du gaur. Caixabank bandera izan da jokoan eta saregileek izango zuten aurreko estropadetako emaitzak hobetzeko gogoa. Hala gertatu, laugarren postu on bat lortu dutelako Kike Manterolak gidatutako neskek. 

Lehen txandan aritu dura Zumaiakoak, Orio, Donostiarra eta San Juanekin batera. Lehen luzean atzean geratu dira, eta denborarik txarrena egin dute (6.32). Bueltako luzean, baina, lan ona egin dute, eta Donostiarra atzean utzi dute, baita San Juan eta Oriorengana hurreratu ere. Txanda amaieran, hirugarren izan da Zumaia, 12.12,74 denborarekin. Sorpresa izan da, ordea, ohorezko txandan aritu diren Hibaikak, Tolosaldeak eta Astillerok saregileek baino denbora txarragoa egin dutelako. Hala, laugarren postuan bukatu dute estropada Zumaiakoek, jaun eta jabe den Donostia Arraun Lagunak, San Juan eta Orioren atzetik. 

Sailkapen nagusian zazpigarren postuan jarraitzen dute zumaiarrek, baina, batetik atzetik dagoen Donostiarrari sei puntutara igo du –7 puntu ditu Donostiarrak eta 13 Zumaiak–, eta bestetik seigarren postua puntu bakarrera dute orain saregileek: Hibaika dago jardunaldi honen ondoren seigarren postuan, 14 punturekin. Bihar etxetik hurbil izango dute hitzordua, Orion.

Mutilak hirugarren

Arratsaldean jokatu dute Orion KAE 1 ligako jardunaldia. Aurreko estropadetan ikusitakoaren arabera, badirudi hiru ontzi direla gaur egun liga horretako indartsuenak: Deusto, Zarautz eta Zumaia. Gaur ere hala gertatu da. Ohorezko txandan aritu dira hirurak ere, eta aurreko estropadan gertatu bezala, Zarautz izan da irabazlea, atzetik aurrerako estropada egin eta gero. 

Zumaiak eutsi dio lehiari lehen bi luzetan, baina estropadak aurrera egin ahala Zarautzek eta Deustok aurrea hartzen ziela ikusi dute. Amaieran, hirugarren postuan sailkatu dira Mikel Portularrumek gidatutako mutilak. Sailkapen orokorrean ere hirugarren da Telmo Deun trainerua, 63 punturekin. Deustok jarraitzen du lider, 68 punturekin, eta Zarautz puntu bakarrera jarri da, 67rekin. Asteburu honetan ez dute KAE 1eko ontziek beste hitzordurik. Hurrengoa Erandion izango dute, astebete barru.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide