Mundakako beteranoen traineru estropada irabazi du Zumaiaren B ontziak

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 13a

Zumaiako beteranoek Mundakan irabazitako bandera, arrauneko lokaleko ate gainean. (Juan Luis Romatet)

Bigarren mailari dagokion estropadako bandera eskuratu zuten pasa den larunbatean Zumaiako beteranoen B ontziak. A ontzia, bere aldetik, laugarren izan zen lehen mailako estropadan. 

Beteranoen traineru estropadak jokatu zituzten pasa den larunbatean, hilaren 11n, Mundakan (Bizkaia). Aurten lehiatzen ari diren bi ligetako traineruak elkartu ziren Bizkaiko herrian, eta horien artean izan ziren Zumaiako beteranoen bi ontziak. Bigarren mailako ligako traineruak izan ziren lehiatzen lehenak, eta tarte baten ondoren, lehen mailakoak jarraian. 

Albiste pozgarria Zumaiako beteranoen B ontziak eman du, garaipena erdietsi zuelako bere ligan. Badok 13 Orioren B ontziaren aurretik sailkatu ziren zumaiarrak, eta horien ondoren, hirugarren postuan Plentzia B sailkatu zen. Bandera astintzeko aukera izan zuten Zumaiako arraunlariek Mundakan, baina baita herrian bertan ere. Lortutako bandera klubak Itsas Kiroldegian duen lokalaren atean jarri dute. 

Lehen mailako ligan, bestalde, Zumaiako ontzia laugarren sailkatu zen Mundakan, Badok 13 Orio, Getxo eta Fortunaren atzetik. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide