Nondik datorkizu mendi lasterketekiko zaletasuna?
Txikitatik izan dut mendia oso presente etxeko mendizaletasunagatik. Hala ere, niri ez zitzaidan asko gustatzen; edozein aitzakia bilatuta, ez joaten saiatzen nintzen. Denborarekin, ikuspegia aldatu zait eta mendiaz gozatzen ikasi dut. Korrika konfinamenduan hasi nintzen, ahizpekin, haiek lehenagotik ibiltzen zirelako, eta pixkanaka gustatzen hasi zitzaidan.
Gaur egun Domusa Teknik taldean zaude; zer suposatu du zuretzat jauzi horrek?
Proposamena ilusio handiz hartu nuen, baina niretzat garrantzitsuena da bidea nola egiten dudan. Hasieratik Jokin Gijarrorekin aritu naiz, eta hark erakutsi dit errendimendua ez dela entrenamenduan bakarrik oinarritzen, benetako giltza burua bere lekuan izatea dela. Horregatik, proiektu honetan sartzea motibagarria izan da niretzat, nire bidetik jarraitzeko aukera eman didatelako, presiorik gabe, kirolaz gozatuz.
Aurten ere Flysch Trailen dortsala izango duzu...
Motibazioa da niretzat. Presioak motibazioa gainditzen badu, orduan nire bidea berriz pentsatu beharko nuke. Lehen aldian sentitu nuena oso berezia izan zen: alde batetik, nire burua gai ikustea; bestetik, gertuko jendearen babesa sentitzea. Lagunak, familia… oso indartsua izan zen hori. Gainera, urtez urte lasterketa nola aldatzen ari den ikusten dut: gero eta herrikoiagoa da, eta espazio irekiagoa eta anitzagoa bihurtzen ari da. Horrek ere asko motibatzen nau, nire inguruan gero eta lagun gehiago animatzen ari direlako dortsala lortzera.
Musikan ere bazabiltza. Nola moldatzen zara dena egiteko?
Musika oso presente daukat nire egunerokoan. Egia da Eire taldearekin une honetan ez dugula hainbeste jotzen, baina Hamarrurekin denboraldia hasten ari gara, eta entseguak eta kontzertuak hor daude. Hala ere, ez zait zaila egiten biak uztartzea, niretzat aisialdia direlako.
Maila handian entrenatzen duzu eta kontzertuak izaten dituzu; zeri eustea kostatzen zaizu gehien?
Astean sei egunetan entrenatzen dut, baina asteak asko aldatzen dira helburuen arabera. Batzuetan dena pilatu egiten da, eta orduan, pixka bat kosta egiten da. Baina ez dut konpromiso moduan bizi: gustatzen zaizkidan jarduerak dira, eta beste jendearekin egoteko eta beste errealitate batzuk bizitzeko aukera ematen didate. Horrek asko ematen dit, eta horregatik mantentzen dut erritmo hau.
Zer ematen dizu musikak korrikak ematen ez dizuna? Eta alderantziz?
Musikak korrikaren egituratik, errendimendutik eta diziplinatik ateratzen nau. Beste testuinguru bat da, jendearekin harremanak sortzeko eta partekatzeko; niretzat musika ez da jotzea bakarrik, ingurukoekin sortzen den lotura baizik. Korrikak, berriz, nire buruarekiko konfiantza lantzeko aukera ematen dit, eta burua deskonektatzeko ere balio dit: egunerokoa ulertu eta arazoei garrantzia kentzen laguntzen dit. Musika kolektiboagoa da, korrika indibidualagoa, eta horregatik behar ditut biak.