Herriko 28 saltokik beraien salgaiak kalera aterako dituzte datorren asteburuan, Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako Braderie azokaren bidez. Ostiral goizetik larunbat iluntzera bitartean izango dira dendak kalean, eta azoka girotze aldera bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte.
Ostiralari dagokionez, saltokiek beraien ohiko ordutegian egingo dute lan; larunbatean, aldiz, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara emango diete zerbitzua beraien bezeroei. Hala, azokara hurbiltzen direnen artean 500 euro zozkatuko dituzte Gerturen erosketa txarteletan.
Halaber, azoka dinamizatzeko eta kaleak girotzeko ekintza desberdinak ere antolatu ditu merkatari elkarteak. Ostiralean, 17:30ean, ipuin kontalariaren saioa izango da Erribera kalean. Larunbatean, berriz, umeentzako talo tailerra egingo dute 11:00etatik aurrera, Amaiako plazan. 12:00etatik aurrera trikitilariak arituko dira kalez kale, eta arratsaldean, 18:30ean hasita, kale erromeria izango da Kaletriken eskutik.