Gidabaimeneko azterketa euskaraz egitera animatzeko kanpaina berria abiatu dute Zumaiako Udalak eta Larraina euskara elkarteak elkarlanean. Bi ziklomotor zozkatuko dituzte azterketa teorikoa euskaraz egiten duten herritarren artean.
Udalak eta Larrainak azaldu dutenez, urte asko dira gidabaimena eskuratzeko material teorikoa euskaratzen hasi zirela, eta azken hilabeteotan bultzada handi bat eman zaio lan horri, edukiak eguneratuz eta zuzenduz. Bada, "aintzat hartuta gazteek ikasketa ia guztiak euskaraz egin dituztela, aukera bikaina da gidabaimena lortzeko prestaketa teorikoa euskaraz egiteko", adierazi dute kanpainaren sustatzaileek.
Ziklomotorreko (AM), motozikletako (A1 eta A2) nahiz autoko (B) azterketa teorikoak euskaraz prestatu eta egin dituzten 15 urtetik gorako herritarrek izango dute zozketan parte hartzeko aukera. Horretarako, esteka honetan eman beharko dute izena abenduaren 3a baino lehen.
Gidabaimenakeuskaraz.eus helbidean jasota daude kanpainaren argibideak eta han agertzen da non eskaintzen duten azterketa teorikoa euskaraz prestatzeko aukera; tartean dira herriko bi autoeskolak: Zumaia eta Solozabal.