Darahli elkartearen eskutik eta Oporrak Bakean proiektuaren bidez uda igarotzen ari diren haur sahararrei ongietorria egingo diete bihar, Zumaian. 11:00etan egingo diete ongietorria Zumaiko Udaleko ordezkariek Saharako haurrei eta Darahli elkarteko ordezkariei.
Nolanahi ere, hitzordu hori ez da biharko egunez Zumaian egingo duten ekintza bakarra izango; izan ere, 12:00etan piraguan ibiltzera joango dira guztiak Urola ibaira, eta gero Santiago hondartzara. Hondartza horretan bazkalduko dute haurrek, begiraleek eta Darahliko kideek, eta jolasak egingo dituzte gero.
Etzi, berriz, Zestoan hartuko dituzte haurrak. 12:00etan egingo diete ongietorria hango udal ordezkariek Saharako kanpalekuetatik Urola Kostara etorri diren umeei. Harrera ekitaldi horren ondotik, 12:30ean jolasak egingo dituzte Zestoako plazan, eta 14:00etan herriko elkarte batera joango dira bazkaltzera. Arratsaldean, berriz, bisita gidatua egingo dute Ekain kobazulora.