Arritxu Iribar: "Ikusten ez den lana agertzen saiatu naiz nire ibilbidean"

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 16a

Arritxu Iribar. (M. Txintxurreta)

Lau hamarkadaren ostean, joan den astean hartu zuen erretiroa Arritxu Iribar kirol kazetariak (Zumaia, 1963). Euskal Herri luze-zabalean etxekoa da haren ahotsa.

Joan den astean izan zenuen azken eguna Euskadi Irratian, ia 39 urteren ostean. Aste arraroa izan al da zuretzat?

Ematen du oporretan nagoela. Pasa den astean irratikoen agurra jaso nuen, ostiralean festatxo bat egin genuen, eta jubilatu berri, bi egun Pirinioetan pasatu nituen Tourra ikusten, bi semeekin eta horietako baten neska lagunarekin. Asteburua, ordea, normal pasatu nuen, kadeteekin eta jubenilekin, ohi bezala.

Bertigoa, ilusioa... Zer mugitu zaizu barruan erretiroa gerturatu ahala?

Ezer ez, egunerokotasunak erabat jaten ninduen. Goizeko bostetarako irratira joaten nintzen, goizeko interbentzioak prestatu behar nituen; gero, eguerdiko ordu erdiko kirol saioa prestatu behar genuen. Egunerokotasun horretan zentratuta nengoen. Baina azkenengo egunean zerbait desberdina sentitu nuen, pentsatuz ez nituela gehiago saio horiek egingo, eta hori baino gehiago, ez nintzela bueltatuko, ez nintzela lantalde horretan berriz egongo. Bat-batean, ikusi nuen nire mundua murriztuko zela ia-ia etxeko lantaldera. Bestalde, gure lana 24 ordukoa da, gertatzen den horri adi gaude beti, eta mendekotasun horretatik askatzeko egokitzapen fasean nago. Atzo [astelehena] kirol proba batzuk jarraitzen egon nintzen, eta pentsatu nuen: zertarako? Bada, niretzako bakarrik.

Ziur hainbat mezu jaso dituzula. Zer esan dizute?

Pila bat jaso ditut, ikaragarria izan da. Apirilean, nire azkenengo Itzulia zela eta, omenalditxo bat egin zidaten, eta harrezkeroztik mezu pila bat jasotzen ari naiz. Ez nuen inoiz horrelakorik pentsatu, are gutxiago amestu. Zoragarria da, jaso ditudan mezu guztiak zoriontzekoak izan dira, esker onekoak, batzuek kirol kazetaritzan emakumeen presentzian bide bat ireki dudala esan didate. Nik naturaltasunez egin dut nire bidea, eta erabat jabetu izan ez naizen kontuengatik zoriontzen ari zaitzaizkit orain. Euskarari egindako ekarpenagatik, harrobiari emandako tratuarengatik... Kirolariek, antolatzaileek, kirol erakundeek, zaleek, entzuleek... esparru askotako jendeak deitu dit. Gainezka nago, zurrunbilo batean sartuta oraindik.

Joxerra Garziarekin herritarren esnaerak goxatzen hasi zinen irratian, ezta? Nola oroitzen duzu hasiera hura?

Oso polita izan zen, Joxerrarekin asko ikasi nuen. Hiru ginen lantaldean, beste biok gazte-gazteak ginen, neskak, eta izugarrizko konplizitatea genuen. Polita zen pentsatzea esnatu orduko jendeak entzuten zuen lehenengo ahotsa gurea izango zela, lehenengo egunonak ematea, azken orduetan zer gertatu zen azaltzea eta egunari neurria hartzen laguntzea.

Hala ere, bedidanik kirola izan duzu pasio.

Bai, goizeko magazinean nenbilenean ere asteburuetan kirol ekitaldietara joaten nintzen nire kabuz. Une horietan, pentsatzen nuen amets bat betetzea litzatekeela gustatzen zitzaidan horretan lan egitea. Eta halaxe gertatu zen. Galdetu zidaten ea gustatuko litzaidakeen txirrindularitza kronikak egiten hastea.

Azkar esango zenuen baietz.

Ez nion segundo bakar bat ere eman zalantzari.

"Ni hasi baino urtebete lehenago, emakumeek ezin zuten lasterketa barruan joan"

Zer du txirrindularitzak hainbeste harrapatzen zaituena?

Bizitzarako eredu izan daitekeela uste dut. Txirrindularitzak izugarrizko sakrifizioa eskatzen du. Kanpotik ikusten ez den lan asko du atzean. Taldearekin konpromisoa izatea eta taldekide izaten jakitea eskatzen du. Jakin behar duzu agian besteentzat lan egin behar duzula, eta loreak eta goraipamenak irabazi duen horrek bakarrik jasoko dituela. Beste batek irabazteko lan egin behar duzu, eta horrekin lortu zure gogobetetze pertsonala. Lan hori ez da ikusten, eta hain zuzen, hori agertzen saiatu naiz nire ibilbidean.

Lau hamarkadatan aldaketa asko kabitzen dira. Zeintzuk eragin dizute gehien?

Telefono mugikorrarena izan zen handienetako bat. Gogoan dut Lizarrako sari nagusi bat kontatu genuela ia ezer ikusi gabe, zeren gure kezka nagusia zen telefono kabina bat non topatu konexioa egiteko. Txirrinak jo eta etxeetan sartu izan gara konexioak egiteko. Internetekin beste salto bat iritsi zen. Lehen, adibidez, mendizale batzuek zortzimilako bat igotzea lortzen bazuten, ia bi astera enteratzen ginen.

Lan egiteko modua ere asko aldatu da. Taldeetan prentsa arduradunak daude orain. Galbahe lana egiteko daude, baina askotan esaten dut guri enbarazu egiteko daudela. Hasi ginenean, Realaren edo Athleticen entrenamenduak, adibidez, irekiak ziren, arazorik gabe joaten ginen, eta amaieran nahi genuen jokalariaren hitzak hartzen genituen. Gaur egun, entrenamenduak ateak itxita egiten dira, elkarrizketak bi aste lehenago eskatu behar dira, eta askotan beraiek erabakitzen dute zeinek hitz egingo duen. Badirudi ez gaituztela behar, sentsazio hori daukat. Okerrena da beste kirolak ere eredu hori hartzen ari direla. Sekulako mina eta pena ematen dit emakumeen kirolak ere bide hori hartzeak. Esaten digute emakumeen kirolak presentzia gutxi duela, bada, ez digute uzten gehiago izan dezan. Haietaz hitz egin behar dugu, baina gizonen galbahe bera pasatu behar dugu. Uste dut hanka sartzen ari direla.

Hain zuzen, emakumeen presentzia ere asko aldatu da. Ni hasi baino urtebete lehenago, emakumeek ezin zuten lasterketa barruan joan. Hori egin zuen lehenengo emakume kazetaria ezagutzen dut, Miren Gaska. Txomin Perurenak eman zion aukera; mekanikariz mozorrotuta joan zen, buzo urdina eta bisera jantzita. Ni hasi nintzenerako aldatu zen hori, eta esan behar dut inoiz ez dudala eragozpenik izan emakume izateagatik.

Zumaiako Txirrindulari Elkartean sorreratik zaude. Herrigintza ere bada harrobia. Osasuntsu al dago?

Inork ez du sinesten musu-truk gabiltzanik, oso adierazgarria da hori. Galtzen ari da taldeko sentimendu hori. Bestalde, instituzioetatik denbora guztian eskatzen digute profesionalagoak izatea; kirolariek, txikitatik, ez dakit zer titulu izan behar dutela, baina gure aurrekontuarekin ez dugu jende profesionala hartzeko modurik. Klubok ezin dugu horrela bizi, bi egunetan itxiko lirateke modu horretara. Burokrazia ere izugarria da, eta hori guztia nabaritzen ari gara, kalterako.

Oroitzapen kutunak izango dituzu. Aipatzeko modukorik?

Euskadiko erloju kontrako 23 urtez azpikoen txapelketa bat semeak irabazi zuen, eta semea elkarrizketatzea oso momentu kutuna izan zen. Ilobaren ametsa profesionala izatea zen, eta albiste hori ematea nahiz profesional gisa hari lehenengo elkarrizketa egitea ere oso berezia izan zen. Horiek, etxe girokoak. Bestela, ikaragarria izan zen Zumaiako neskak Kontxako Bandera irabazi zutenekoa, Ion Izagirrek Itzulia irabazi zuenekoa... Momentu pila bat izan dira.

Zure gurpilak nola biratuko du hemendik aurrera?

Aste barruan nire bizitza dezente aldatuko da, baina oraindik ez dakit nola. Etxekoek gehiago jasan beharko naute, baina etxean ere badugu eskuen beharra. Asteburuetan, berriz, jarraituko dut txikiekin lasterketetara joaten eta behar duten tokian haiei laguntza ematen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide