Oporrak Bakean programaren garrantzia azpimarratu dute haur sahararrei egindako harrera ekitaldian

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 16a

Haur sahararrak, Darahliko boluntarioak eta udal ordezkariak, udaletxe aurrean. (Juan Luis Romatet)

Urola Kosta eskualdean udako hilabeteak igarotzen ari diren haur sahararrei harrera egin diete Zumaiako udaletxean. Ekitaldia amaitu eta gero, Santiago hondartzara joan dira, eta bertan bainatzeko eta jolasteko aukera izango dute. 

Ekainaren amaieran heldu ziren Urola Kosta eskualdera, Oporrak Bakean programari esker udako hilabeteak Euskal Herrian igaroko dituzten haur sahararrak. Haur horietako batzuk harrera familietan egongo dira hilabete hauetan; besteek Azpeitiko Ikasberri Ikastolan egokitutako Udako Bakelekuan aurkituko dute oporrak pasatzeko etxea. 

Ohikoa den bezala, eskualdeko udalerrietan harrera egingo diete errefuxiatuen kanpalekuetatik etorritako haurrei. Pasa den astean Azkoitian egin zitzaien harrera, eta gaur Zumaiaren txanda izan da. Eguerdiko 11:00k pasatxo zirela heldu dira haurrak Foruen plazara, eta handik udaletxeko pleno aretora igo dira, Darahli elkarteko boluntarioen laguntzarekin. Batzar aretoan zain zituzten herriko alkate Iñaki Ostolaza, eta Argi Yeregi, Marina Bidasoro, Joxemi Antia eta Xabier Odriozola zinegotziak. Ekitaldian hartu dute parte, baita ere, Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariak, Mujtar Leboihik, eta Darahliko koordinatzaile Samuel Ruizek. Haur bakoitzak motxila bat jaso du opari bezala.

Haurrei ongietorria eman eta gero, Ostolaza Leboihiri zuzendu zaio, eta aitortu dio saharar herriak autodeterminazioa lortzeko eta bere lurraldea izateko eskubidea duela. Fronte Polisarioko ordezkariak, bere aldetik, Oporrak Bakean programak duen garrantzia azpimarratu du. Programa horri buruz hitz egitea hunkigarria egiten zaiola esan eta gero, gogoratu du 40 urte direla aipatu programa martxan jarri zutela. "Programa honek zerbaitetarako balio izan badu, haurren eta gazteen egoera aldatzeko izan da, bestela agian gerran edo hilik egongo ziren eta", esan du. 

Gobernu eta erakundeez haratako, programan laguntzen duten elkarteei, familiei eta boluntarioei bere esker ona eman die Fronte Polisarioko ordezkariak. "Gobernuek, erakundeek, dirua eman dezakete, baita familia, elkarte edo boluntario hauen espiriturik gabe, ez luke duen arrakastarik izango", gaineratu du Mujtar Leboihik.

Behin ekitaldia amaituta, Darahliko boluntarioen laguntzarekin, haur sahararrak Santiago hondartza joan dira. Han bazkalduko dute, eta bainatzeko eta jolasteko aukera izango dute arratsaldean.

Bihar, Zestoan

Gaurko eguna Zumaian igaroko dute haur sahararrek, eta bihar Zestoak hartuko du lekukoa. 12:00etan egingo diete ongietorria hango udal ordezkariek Saharako kanpalekuetatik Urola Kostara etorri diren umeei. Harrera ekitaldi horren ondotik, 12:30ean jolasak egingo dituzte Zestoako plazan, eta 14:00etan herriko elkarte batera joango dira bazkaltzera. Arratsaldean, berriz, bisita gidatua egingo dute Ekain kobazulora. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide