Postaletako herriaren atzean ezkutatzen dena

Gazte Koordinadora Sozialista 2026ko uztailaren 17a

Azken urteotan, Zumaia mundu mailako helmuga turistiko bihurtu da. Flyscha, San Telmo ermita, Sanjuaniturria eta herriaren postaletako irudiek milaka bisitari erakartzen dituzte jaiegunetan eta uda sasoian. Horrekin batera, herriaren itxura ere eraldatu da: Airbnbz betetako kaleak, souvenir dendak eta duela gutxi ireki duten Ibis hotela dira horren adibide. Beste era batera esanda, Zumaia negozio egiteko herri bikaina bihurtu da.

Gainera, turismoaren negozioarekin etekinak ateratzen dituzten berberek behin eta berriz zabaldu dute mezu bera: turismoak herriko ekonomia indartzen duela, enplegua sortzen duela eta herria biziberritzen duela. Diskurtso hori herriko langile askoren artean ere errotu da. Horregatik, ez da harritzekoa GKSko kideok Ibis hotelaren irekiera eta turismoaren negozioaren areagotzea kritikatu izanak zenbaiten haserrea piztu izana.

Baina guk honako galderak egiten ditugu: turismoak noren ekonomia hobetzen du? Nolako lanpostuak sortzen dizkie herriko gazteei? Eta herria udan gainezka egotea, zeinentzat da benetan onuragarria?

Argi dago gutxi batzuen poltsikoak betetzeko errentagarria den eredu ekonomiko honek gehiengoa prekarietatera, ezegonkortasunera eta miseriazko bizi-baldintzetara kondenatzen gaituela. Turismoak ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean enplegua sortzen duela egia bada ere, lan horiek, oro har, aldi baterakoak eta baldintza kaskarretan egiten dira: kontraturik gabeko lanak, ordaindu gabeko aparteko orduak, lan-hitzarmenen urraketak, atseden faltak, ordutegi amaigabeak eta eguraldiaren arabera etengabe aldatzen diren lanaldiak. Horren adibide argia izan zen duela urtebete Bedua jatetxeko langileek salatutakoa: 17 ordura arteko lanaldiak, lantokian lo egitera behartzea eta dokumentaziorik ez duten langileak lehenestea, haien zaurgarritasunaz baliatzeko.

Arazoa, ordea, lan-mundutik haratago doa. Zumaiako gazte langileok ezin dugu emantzipatu, eta arazoa ez da etxebizitza falta. Azken urteotan etxe hutsen eta turismoari bideratutako etxebizitzen kopurua handitu egin da; izan ere, askorentzat errentagarriagoa da etxebizitza urte osoan hutsik edukitzea eta udan etxebizitza turistiko gisa ustiatzea. Horri gehitu behar zaizkio alokairuen prezio gero eta altuagoak, etxebizitzaren mantentze-gastuak eta gazteok pairatzen ditugun lan-baldintza prekarioak. Gainera, etxebizitza eskuratzeko orduan irizpide arrazistak eta klasistak erabiltzen dira sarritan, zuzenean herritik kanporatuz. 

Horrek guztiak ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna eragiten dizkigu herriko gazte langileoi. Ezinezkoa da etorkizuna eraikitzea etxebizitza duin bat aurkitu ezin denean, lan-baldintza duinak bermatuta ez daudenean eta norbere herrian bizitzen jarraitzea gero eta gehiago pribilegio bihurtzen denean. Turismoaren negozioak gutxi batzuen etekinak handitzen dituen bitartean, gehiengoaren bizi-baldintzak okertzen ditu.

Horrenbestez, Zumaiako gazte langileok antolatzeko eta borrokatzeko hautua egitea ezinbestekoa da. Turismoaren negozioak sortzen dituen injustiziak salatzen jarraitu behar dugu, borrokak martxan jarri eta nagusien inpunitateari aurre eginez. Horregatik, auzi horien guztien inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko, uztailaren 20an 19:00etan, astelehenez, GKSk Gaztetxean antolatu duen solasaldian parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.

Dagoena onartu ala sozialismoaren aldeko borrokara batu!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide