"Euskal Herrian tortura gertaera konkretu bat baino gehiago izan da; atmosferan egon da"

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 19a

Maddi Altuna Galfarsoro. (Arnaitz Rubio Aprea)

2000 eta 2015 urteen artean Espainiako Estatuak euskal gazteria independentistaren aurkako estrategia politiko gisa erabili zituen torturaren mehatxuak eta beldurraren politikak izan zuten eragina ikertu du Maddi Altunak. Ekaineko Zumaiaguka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

2000 eta 2015 urteen artean Espainiako Estatuak euskal gazteria independentistaren kontra irauli zuen bere errepresioaren oldarra, eta zenbait militantek errepresioaren alde bortitzenak zuzenean jasan zituzten; tortura, kasurako. Maddi Altunak (Zumaia, 1992), baina, beste nonbait jarri du fokua Master Amaierako Lanerako egin duen ikerketan. Honako izenburua du lanak: Pertsekuzio politikoa, beldurraren ekoizpena eta tortura mehatxua Espainiako Estatuan, 'terrorismoaren aurkako borrokaren' testuinguruan. Euskal gazteria independentistaren bizipenak eta memoria, subjektu torturagarri gisa (2000-2015).

Torturaren mehatxuak eta Espainiako Estatuak estrategia gisa erabili zuen beldurraren politikak euskal gazteria independentistarengan izan zuen eragina ikertu duzu Kriminologiako Master Amaierako Lanean: zerk eraman zaitu gai hori ikertzera? Zure bizipen pertsonalek eragina izan al dute aukeraketan?

Ez dut gezurrik esango: ez da izan ikerketa desapasionatua, kontrakoa baizik. Eta gaia ez da oraingoa, ikergai dudan aldi horretan sortu zen, orduan bizi izan genuen, eta orain aukera izan dut hori guztia eremu akademikoan ikertzeko. Zuzenbideko ikasketak EHUn egin nituen, eta gure komunitateak bizi zuenak leku gutxi zuen arren, Zuzenbide Penaleko irakasle oso on batek, Enara Garrok, bide bat ireki zidan Gradu Amaierako Lanean Espainiako politika kriminal antiterrorista Arerioaren Zuzenbide Penalaren ikuspegitik aztertzeko. Ordura arte bizipenetatik ulertzen nuen zerbait hizkuntza juridiko-penalean kokatzeko aukera eman zidan. Beranduago, Bartzelonan, kriminologia kritikoan dabiltzan irakasleen bueltan, aukera sortu zitzaidan torturaren gaia ikuspegi juridikotik, politikotik, psikologikotik eta sozialetik lantzeko. Psikologia klaserako lan bat egiteko, Zumaian garai hartan militantziako kide izan nituenei galdetegi bat bidali nien. Irakasleak harriduraz eta jakin-minez jaso zuen lana, eta gai horrekin jarraitzeko esan zidan; horretarako bide bat ikusi nuen.

Garai hartatik dator guztia. Lanean nire institutuko garaia dago, seguruenik haurtzaroko oroitzapenak ere bai; Zumaiako kaleak daude, Inpernupe dago, gaztetxea, gazte asanblada... baita torturaren arriskutik babesteko etxeak ere, edo espetxeetara bisitak eta gutunak. Familiakoak daude, lagunak, bikoteak... Atxiloketak daude, ihesaldiak, polizia atzetik sumatzean sentitutako antsietateak eta beldurrak, [Frantziako Estatuko] muga pasatzean sentitutako lasaitasun euforikoak, eta horrekin guztiarekin aurrera egiteko moduak ere bai. Gertatu zaigun hori guztia.

"Mehatxua aztertzeak torturaren helburu politiko eta egiturazkoetan arreta jartzeko aukera ematen du"

Eta zergatik erabaki zenuen fokua, torturaren ekintzan bainoago, torturaren mehatxuak gazteria independentistarengan izan zituen eraginengan jartzea?

Tortura gertatu ez zen uneetan ere torturaren posibilitateak eragina izan zuen nire inguruan. Asko egon dira mehatxu horrek gobernatuta bizitzen, eta iruditzen zitzaidan horrek lekua behar zuela. Iruditzen zait ez diola torturaren basakeriari izkin egiten, justu kontrakoa. Mehatxua aztertzeak torturaren helburu politikoetan eta egiturazkoetan arreta jartzeko aukera ematen du; izan ere, hemen tortura ez da besterik gabe gertatu. Eta hori ez da uste edo iritzi bat. Zumaian bertan, gutxienez, 30 pertsona izan dira torturatuak. Horietako bat, Xabier Kalparsoro Txato, hiltzeraino. Ez dira gertakari isolatuak izan, antolatutako egitura baten emaitza baizik.

Argitzearren: torturaren azken helburua ez da pertsona bat adierazpenak egitera behartzea edo 'egia' bortxaz eskuratzea. Zerikusi gehiago du kontrolarekin, diziplinatzearekin?

Adierazpenak erauzi baino, estatuak atxilotuarekiko duen diskurtsoa berretsi nahi du, eta horretarako berdin dio erauzten diona egia den edo ez; gezurrak ere berdin balio dio. Atxilotutakoa etsaia, susmagarria, 'terrorista' dela baieztatu nahi du. Zertarako? Batetik, bere diskurtsoa berresteko eta bere jarduna 'justifikatzeko', eta bestetik, modu oso praktikoan, atxiloketen katea zabaltzeko. Garrantzitsua da aipatzea gaur egun torturapean lortutako deklarazioetan oinarritutako epaiak indarrean daudela. Zuzenbidearen ikuspegitik, hori astakeria bat da: torturapean lortutako deklarazio bat ez da balioduna juridikoki, eta hortik eratorritako 'frogak' ere ez. Bestalde, mezu bat zabaltzea ere bada torturaren funtzioetako bat: estatuak edozer egin dezake zurekin. Txikitu zaitzake, zure ingurua txikitu dezake, eta mehatxu bat zabaltzen du: "Hurrengoa zu izan zaitezke". Euskal Herrian ez dugu behar 300 orriko ikerketa lan bat hori guztia jakiteko, gure gorputzetan ezagutu dugu. Eta, aldi berean, behar ditugu txostenak, ikerketa lanak eta dokumentalak edo ikus-entzunezkoak.

Estatuak beldurraren estrategia berariaz erabili zuela diozu. Tortura jasateko beldurra torturaren ekintza bera bezain diziplinatzailea izan al daiteke?

Diziplinatzeko gaitasunari dagokionez, bai; minaren izaerari eta intentsitateari dagokionez, ez. Baina egia da jendeak, torturak jasan ez baditu ere, bizipen gogorrak izan dituela. Azken finean, torturaren mehatxua ez zen batere abstraktua; adibidez, kide batzuek poliziaren etengabeko jarraipenak deskribatu dituzte nire lanerako. Ez da sentsazio bat, ez da pentsatzea "iruditzen zait torturatu egingo nautela"; egunero polizia sekretuaren kotxe bera ikusten duzu etxepean; jarraika dituzu lanerako bidean edo abokatuak esan dizu zerrenda beltzean zaudela. Hain konkretua bilakatzen da mehatxu hori, ezen esaten duzula: "Noiz sartuko dira nire etxera?". Eta hor dago itxaronaldiaren denbora; mehatxuak berarekin dakar itxoiten egotea. Ez dakizu gertatuko den, baina zure burua, zure egunerokoa, zure ingurua horren arabera antolatzen hasten zara. Estatu batek ezin ditu kolektibo bateko kide guztiak torturatu (ez ditu zertan), baina torturatua izateko aukerak berak goberna zaitzake. Ez soilik pertsonalki, kolektiboki eta politikoki ere bai: agian ez zara hasiko gazte antolakundean edota etxebizitza asanbladan militatzen beldurra duzulako; edo zure gurasoek beldurra dute; edo bilera bat atzeratu behar duzu herrian polizia sekretuaren presentzia sumatu duzulako; edo zure gertukoekin tentsioak sortzen dira ez zaituztelako arriskuan ikusi nahi. Zumaian ere bizi izan ditugu halakoak.

Diozunez, pertsona bat torturatzeko eta komunitate bati torturaren beldurra inokulatzeko, lehenengo, kolektibo hori 'torturagarri' bihurtzen dute estatuek. Zein izan zen Espainiako Estatuak 2000-2015 aldian euskal gazteria independentista torturagarri bihurtzeko erabili zuen narratiba?

"Dena da ETA" diskurtsoaren garaia zen. 2000ko hamarkada hastear zela biraketa bat gertatu zen; Espainiako Estatuak erabaki zuen errepresioa ETAko kideez haratago zabaltzea, "ETArekin lotura" zuen edo izan zezakeen ia edozertara hedatzea. Eta lotura hori nahi adina luzatu zitekeen: gazte antolakundea, egunkari bat, alderdi politiko bat, presoen aldeko lana... Horregatik da hain arriskutsua 'terrorismoaren' kontzeptua: ez da kontzeptu neutro bat, eta salbuespen neurriak eta legez kanpoko praktikak justifikatzeko eta hedatzeko erabiltzen da. Garai hartan egunkariak itxi zituzten, alderdi politikoak legez kanpo utzi zituzten, eta komunitate politiko oso bat eremu instituzionaletik kanporatuta zegoen, ilegalizatuta. Estrategia horren barruan, gazte antolakundea gogor kolpatu zuten. Gazte independentistak ez ziren soilik kriminalizatu; susmagarri eta etsai-terrorista gisa eraiki zituzten. Hori ez zen 2000. urtean hasi, noski; gogoratu behar dugu, adibidez, [Juan Maria] Atutxaren Y taldeen teoria. Baina hori da torturagarritasunaren muina. Esaten zuten Segikoak ETAren ondorengoak ginela, "cantera" ginela. Eta, klaro, ETAren kontra edozer egin zitekeenez, bada, "haien lagunen" aurka ere bai. Eta beno, hau berez ez nuke esan ere egin beharko, baina badaezpada: berez estatu demokratiko batek ezin du torturatu, ezta ETAkoak ere; bestelakoan, bere burua deslegitimatzen ari da.

Kolektibo bat kriminalizatzeak eta hari gizatasuna erauzteak, aldi berean, estatuaren indarkeria legitimatzen du?

Hori da. Edo, hobeto esanda, estatuak indarkeria hori legitimatzeko baldintzak sortzen ditu. Gazte horiek "terrorista" edo etsai gisa aurkezten ditu, haien aurkako salbuespen neurriak herritarren aurreko babes mekanismo moduan aurkezteko. Baina horrek ez du esan nahi indarkeria hori zilegi denik. Justu kontrakoa: tortura erabiltzen duen estatu batek bere burua deslegitimatzen du. Estatu batek ezin du giza eskubideen, demokraziaren edo zuzenbide estatuaren izenean hitz egin, eta, aldi berean, pertsona batzuk eskubiderik gabeko ez-herritar bezala tratatu.

Espainiako Estatuak, beraz, bereziki erabili zuen errepresioa Segi antolakundearen inguruan artikulatuta zeuden gazteen kontra. Zer helbururekin?

Gazte mugimendua mugimendu politiko eraldatzaile guztien motorra da. Energia da, irudimena da, irreberentzia, errebeldia, eta, batez ere, etorkizuneko antolakuntza politikoa elikatzen du. Errelebo hori moztu nahi zuten; moztu baino, txikitu. Jendeak pentsa dezake ETA txikitzea zutela helburu, baina proiektu eraldatzaileen jarraipena moztu nahi zuten. Gazte bati, eta komunitateari oro har, erakutsi nahi zioten militantziak kostu pertsonal, familiar eta emozional oso handia izan zezakeela. Hori, historikoki, hainbat lekutan gertatu da. Edo horretan saiatu dira, behintzat.

2000. hamarkada iristerako, ezker abertzalearen kontra Espainiako Estatuak aktibatu zuen errepresio makineriak (espetxea, erbestea, torturak…) urteak zeramatzan martxan. Aurreko belaunaldien beldurra oinordetzan jaso al zuen euskal gazteria independentistak?

Parentesi bat egin nahiko nuke: nik nire komunitateak bizi izan zituenez hitz egiten dut lanean. Horrek ez du esan nahi beste komunitate batzuek bizi izan dituzten minak ukatzen ditudanik, eta partaideetako batzuk ere nabarmendu dute ideia hori. Nolabait, munstro bezala marraztu diren horien beldurrak zein erresistentzia mekanismoak dira niri lan honetan interesatzen zitzaizkidanak. Eta bai, galderari dagokionez, beldurra oinordetzan jaso genuela esango nuke, baina ez modu lineal edo kontziente batean. Gaztetxotan, normala da autoritatearen eta injustizien kontra mugitzea, hori leku guztietan gertatzen da, baina guri gertatu zitzaigun hori guztia beste atmosfera batean bilduta zegoela. Estatuak egin zezakeena oso presente zegoen; ez dakit esaten beldur moduan identifikatuta ala ez. Askotan ez zen hitzez transmititzen. Torturaren aukera kaleetako karteletan zegoen, etxeko isiltasunetan, familiako pasarte erdizka kontatuetan, kide helduago batek kartel batzuk jartzera zoazenean "kontuz ibili" esaten zizunean, isiltasunetan... Horregatik esaten dut tortura gertaera konkretu bat baino gehiago izan dela, ez dela komisaldegian hasi eta amaitzen den zerbait; komunitate batentzat atmosferan egon den zerbait ere izan da. Beti hor egon da, eta neurri batean hor dago oraindik.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Espetxea ala tortura bezalako muturreko errepresio mekanismoez aparte, Espainiako Estatuak gazteen eguneroko bizitza zeharkatzen zuela diozu. Zergatik?

Torturaren mehatxuaz gain, egitura horrek eta mehatxu horrek eragiten zuten guztia aztertu dut lanean. Jendeak ihes egin behar izan zuen, edo ezkutatu. Imajinatu lau hilabetez etxe batean ezkutatuta egotea torturatua ez izateko. Zeren hori zen azken helburua, saihestu beharreko gaitz gorena. Horrek ekarri zuen, baita ere, egitura horrek eragindako bestelako kalteak (ihesa eta erbestea, espetxea, auziperatzeak eta epaiketa batek dakarren guztia...) kasik asumitutako eta normalizatutako zerbait izatea. Elkarrizketatu batzuek "zorteduntzat" dute haien burua, ihesean edo espetxean egon baldin badira ere, ez dituztelako torturatu. Agian muturreko adibideak dira horiek, baina garai hartako gazte independentista baten militantzian Espainiako Estatua egunero zegoen presente. Hainbat lagunek ez zuten beren etxean lo egiten zenbait gauetan, sarekada abisuak zeudenean edo sarekada arriskua zegoenean. Segurtasun neurri asko hartu behar izaten genituen; adibidez, azken momentura arte ez genuen jakiten urteroko formazio eskolak non izango ziren; eta ez pentsa ez dakit zeren inguruan eztabaidatzera joaten ginenik. Hori gazte antolakundean egunerokoan militatzen zutenei gertatzen zitzaien batez ere, baina Zumaiako edozein gaztek gogoan izango ditu manifestazioetako Ertzaintzaren karga bortitzak, gaur egun ere ikusten ditugunak, edo Guardia Zibilaren errepideko kontrolek eragiten zuten beldurra. Gogoan dut, 2010 inguruan, hainbat taldetako gazte pila bat autobusetan Bruselara joan ginela gazteentzako eskubide zibilak eta politikoak aldarrikatzera, eta bidean hiru kontrol 'jan' genituen; horietako batean banan-banan hartu eta grabatu gintuzten. Bestalde, zumaiar askok gogoratuko dute Polizia Nazionalak Torreberri Gaztetxea ere erregistratu zuela Segiren aurkako operazio baten barruan. Tentsio horretan bizi zen jende asko eta asko: gitarraren zorroan ezkutatuta eraman izan ditugu pankartak, erdi korrika eta atzera begira egin ditugu kartel pegadak eta espetxeak oso gazte ginela ezagutu behar izan genituen. Beraz, bai: "Estatuaren eskua lepoan sentitzen genuen", elkarrizketatutako batek esan zidan moduan.

Askotariko esperientziak jaso zenituen, baina oro har, errepresioarekiko beldurrak nola eragin zuen militatzeko eran?

Jende askok bi aldiz pentsatuko zuen militatzen hasi edo ez, adibidez. Eta, berez, izugarria da parte hartze politikoa mugatzea. Beste eragin bat, zera: errepresioak mugimendu baten denbora politikoa lapurtzen du. Proiektu eraldatzaile bat zuen mugimendu batek bere jardunaren zati handi bat errepresioari erantzutera edo bere egiturak mantentzera bideratu behar izan zuen: herriko etxebizitza turistikoen arazoez hitz egiten aritu beharrean, atxiloketei erantzuten aritzea; independentismoaren aldeko diskurtsoa zabaltzeko harreman bira bat egin beharrean, zure laguna bisitatzen espetxean egotea. Horrek arnasa estutzen dio jardun politikoari. Hala ere, lanean parte hartu zuen kide batek esaten zuen moduan, "garai ilunenetan ere beti egin dira gauzak". Eta hori esatea ere garrantzitsua da: errepresioak baldintzatu zuen, baina ez zuen dena gelditu.

Errepresioak lortu zuen ezker abertzaleko mugimendu politikoak ahultzea ala militantzian jarraitzeko arrazoiak biderkatu zituen?

Halako fenomenoak aztertu dituzten kideek diotenez, errepresioak bi efektuak eragin ditzake. Une batzuetan efektu paralizatzailea izan dezake. Hori ezin da ukatu, eta horregatik ezin da erromantizatu errepresio aldi gogorrik. Baina, aldi berean, errepresioak askotan kontrako efektua ere eragiten du: elkartasuna aktibatu, antolakuntza sendotu eta militatzeko arrazoiak biderkatu. Estatuaren helburua haria etetea edo erreleboa moztea bazen, ez zuen lortu. Garai hartako borroken fruituak gaur ere ikus daitezke, tokiko mailan ere bai: gazte mugimendu osoak egindako lanari esker daukagu gaur egun gaztetxe bat Zumaian, eta garai hartako etxebizitza asanbladak ere ekarpena egin zion herrian etxebizitzaren inguruan dagoen kontzientziari, besteak beste. Politikoki oso emankorra izan zen garai hura, nahiz eta kostu handikoa izan zen. Dena den, garrantzitsua da ñabardura bat egitea: Zumaian ez genuen izan talde oso bat eraman zuen sarekadarik; beste herri eta eskualde batzuetan gertatu zen hori. Alde horretatik, Zumaian 'zorte' handiagoa izan genuen.

Zer erresistentzia edo zaintzarako estrategia garatu zituen errepresioaren mehatxupean bizi zen gazteriak?

Beldurra lantzeko edo emozioak prozesatzeko ez zegoen espazio formalik, baina horrek ez du esan nahi zaintzarik ez zegoenik. Kontuan izan behar dugu duela urte batzuetako kontuez ari garela: feminismoa beti egon da presente aipagai dugun komunitate politikoan, baina gaur egun feminismoak mahai gainean jarri dituen hainbat erronka –gorputza, emozioak, zaurgarritasuna, zaintza, osatzea– ez zeuden politikoki hain integratuta. Eta, beno, gauzak diren bezala: egoerak ere ez zuen horretarako marjina askorik uzten. Garai hartako mekanismoetako bat izan zen gogor mantentzea, oskola jartzea. Maskulinitatea ere bai. Baina bazegoen zaintza informal oso indartsu bat ere: kidetasuna, elkartasuna, etxeak irekitzea, espetxera bisitak egitea, norbait babestea, barruak zabaltzeko espazioak sortzea. Haserreak eta minak ere egon ziren, noski, egoera intentsu guztietan bezala. Beste erresistentzia mekanismo bat izan zen, bere horretan, aurrera egitea. Konbentzimendu politiko bat duzunean, eta komunitate batek babestuta sentitzen zarenean, aurrera egiten duzu.

"Zumaiaren kasuan ez genuen izan talde oso bat eraman zuen sarekadarik; beste herri batzuetan hori gertatu zen"

Aipatu duzu beldurrak belaunaldiz belaunaldi irauten duela. Bizirik al dago gaur egungo euskal gazterian ere? Eta Espainiako Estatuak estrategia gisa erabiltzen jarraitzen al du?

Mugimendu eraldatzaileen eta disidentzien kontrako errepresioa beti existitu da, gaur egun ere bai: protestak kriminalizatzen dira, Zumaiako kide feministak epaiketa baten zain daude... Argi dago asko aldatu dela intentsitatea. Hala ere, horrek ez du esan nahi lanean aztertzen ditudan gauzak ahalbidetu zituzten egitura juridikoak eta politikoak desagertu direnik. Besteak beste, horregatik da hain garrantzitsua gauza batzuk abolitzea, edo gutxienez, errotik eraldatzea. Frankismotik oinordetutako [Espainiako] Auzitegi Nazionalak bizirik jarraitzen du eta eskumen berberak ditu. Inkomunikazio aldia existitzen da, ez dute inongo garbiketarik egin [Espainiako Gobernuko] Barne sailean... Beraz, berriro gerta al daitekeen galdetuz gero, ez nuke ezetzik sinatuko. Ez dute inongo ariketarik egin tortura ahalbidetu duen egitura txikitzeko eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak ezartzeko; berme horiek ez dira existitzen. Beraz, ez dut beldurra hauspotu nahi, beldurrarekin ere aurrera egin behar dugu, baina kasu.

Torturaren bueltako memoria historikoa garatzeko zein indarkeria zuzenean edo zeharka sufritu dutenen erreparazio bideak jorratzeko hainbat ekimen sortu dituzte azkenaldian, adibidez, Tortura feminismotik erreparatu jardunaldiak egin zituzten otsailean Donostian; han izan zinen zu ere. Zer ekarpen egiten dute horrelako ekimenek erreparaziorako edo osatzerako bidean?

Ez dakit erreparazioaz edo osatzeaz erantzun borobilik ematen, eta agian, inork ez dakigu oraindik. Dakidana da jardunaldi horietan zer sentitu nuen: bere horretan, erreparazio keinu txiki bat izan zen. Hainbeste emakume elkarrekin gai horiez hitz egiten aritzea, esateko dauden gauzei eta esan nahi ez direnei leku bat egitea, oso indartsua izan zen, nahiz eta, noski, hori tortura zuzenean jasan duten kideek esan behar duten. Uste dut osatzeak baduela zerikusia gertatutakoari zentzu kolektiboa eta politikoa ematearekin. Binaka eta ordu txikitan hitz egiten ditugun gauza horiek, oso barruan daudenak, baina garrantzitsua da oholtza batera igotzea eta sentitzea jende asko hori entzuteko prest dagoela. Izan ere, zuk min bat izan dezakezu, baina ez baduzu sentitzen jendea min hori entzuteko eta zure beharrei leku bat egiteko prest dagoenik, ez duzu kutxa hori irekiko, kutxa hori nahikoa mingarria baita zuretzat. Zentzu horretan, kontuz ibili behar dugu; ezin diogu jende guztiari guk nahi dugun momentuan eskatu kutxa irekitzeko. Jardunaldietan horren inguruan ere hausnartu genuen: nola torturak, askotan, testigantzetatik aztertu ditugun, eta nola bilakatu ditugun testigantzak oso hotz, ia-ia forentse. Torturak, torturaren mehatxuak edo bestelako bizipenen kontakizunak, agian, beste forma batzuk behar ditu orain. Garai batean ondo zegoen deskribapen horiek jasotzea zer gertatu zen komunikatzeko, baina orain, agian, jasotzeko leku atseginago batzuk sortu behar ditugu. Eta Intxaurrondoko jardunaldiak horren entsegu bat izan zirela sentitu nuen. Eta memoriaz edo babesaz hitz egitean, Inpernupe bezalako lekuak ere aipatu nahi nituzke, aurten 25 urte betetzen dituela eta. Halako espazioek, eta han zeuden pertsonek –Lierni gogoaratzeko aprobetxatu nahiko nuke–, garrantzia izugarria izan zuten: babes leku izan ziren, penak kontatzeko, indarrez besarkatzeko, edo, kideak torturatuak izaten ari ziren bitartean edo lagun bat ezkutuan zegoenean, isil-isilik, besterik gabe, egoteko.

"Torturak, askotan, testigantzetatik aztertu ditugu, eta batzuetan, bilakatu ditugu oso hotz, ia-ia forentse"

Master Amaierako Lana egiteko sakoneko elkarrizketak egin zenituen, eta testigantza gordinak jaso. Zer ikasi duzu bidean?

Elkarrizketatu ditudan guztiak ez dira lagun minak, baina kideak bai, eta horrek gertutasun bat sortu du gure artean. Batzuek esan didate baiezkoa emateko arrazoia kidetasun sentsazio hori izan zela; horrek erakutsi dit gai hauez hitz egiteko konfiantzazko esparru bat behar dela. Sentitu behar duzu zure hitzak ez dituztela epaituko, ez dituztela amorruz tratatuko eta ez dituztela testuingurutik aterako. Horregatik, oso eskertuta nago jendeak nirekin tripak ireki dituelako. Elkarrizketa oso-oso luzeak izan dira kasu batzuetan, eta bi aldeetara eragin dituzte mugimenduak. Biharamun emozional batzuk izan ditut, eta lana idazten nuen bitartean ere malko eta barre askok egin didate ihes. Batzuetan, hainbeste normalizatzen ditugu gauzak, ezen deskonektatu egiten dugula, baina kutxa berriz irekitzeak mugimenduak eragiten ditu. Baina ikasi dut oso garrantzitsua dela horrelako tarteak irekitzea, beharrezkoa dela zalantzatik edo guztiz seguru egon gabe gauzak esan daitezkeen hitz egiteko lekuak sortzea, ideia kontraesankorrekin ere bai, eta ikusi dut, kasu batzuetan behintzat, hitz egiteko beharra dagoela, betiere minaren malabaristak bihurtu gabe.

EH Bilduren komunikazio burua zara otsailaz geroztik, Madrilen. Zer moduz? Egokitu al zara hirira?

Momentuz oso ondo, egia esan. Aldaketa handia izan da, baina azkar ohitu naiz. Onartu behar dut kostatu egin zitzaidala erabakia hartzea; izan ere, Zumaiako Udalean oso gustura nengoen. Zumaia, eta Zumaiako nire militantzia esparrua nolabait askatzea ez da erraza, eta ez dut guztiz askatu, baina beste leku bat daukat orain. Madrilgo gure taldea zoragarria da eta oso ondo hartu naute, eta hor nabil, egunero ikasten, begiak zabal-zabalik. Baina dena ez da lana, eta hiriaz gozatzeko tarteak ere topatzen ditut. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide