Era guztietako jantzi, oinetako, bitxi, ukendu, gozoki eta abarrak atera dituzte gaur Erribera kalera herriko 28 saltokik, Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako Braderie udako azoka ari baitira egiten asteburu honetan.
Atzo hasi eta gaur iluntzera bitartean izango dira dendak kalean, eta azoka girotze aldera bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte. Atzo arratsaldean ipuin kontalari saioa egin zuten Erribera kalean bertan, eta gaur umeentzako talo tailerra izan da Amaiako plazan, eta eguerdian trikitilariak ibili dira kalez kale. 18:30ean hasita, berriz, kale erromeria izango da Kaletriken eskutik.
Bestalde, 500 euro ere zozkatuko dituzte Gerturen saltokietan erosten dutenen artean.