Juan Ramon Llavori: "Okerrera egin du tibetarren egoerak eta mundua ez da horren jakitun"

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 20a

Juan Ramon Llavori, Oxforden erakutsi dituen argazki batzuen aurrean. (Juan Luis Romatet)

Dorjee Vajra diamantea erakusketa zabaldu du Juan Ramon Llavorik (Zumaia, 1953) Oxford aretoan. 26 urtetan aritu da budismoa praktikatzen duten herrialdetara bidaiatzen, eta bilduma horretan laburdildu du bide hori. 

Duela mende laurden egin zuen Juan Ramon Llavorik lehen bidaia Indiara, eta ordutik hamabost bat aldiz izan da bisitari budismoa praktikatzen duten herrialde batzuetan, hala nola, Indian, Nepalen edo Birmanian. Urte hauetan guztietan atera dituen argazkiez, eta herrialde haietatik ekarritako artelan, eskultura eta objektuez osatutako erakusketa zabaldu du orain Alondegiko Oxford aretoan. Maiatzaren 2ra arte bisitatu ahal izango da. 

Dorjee Vajra diamantea izenburua jarri diozu erakusketari. Zer esana izango du izenburu horrek? 

Duela 25 urte hasitako proiektu bat dela esan daiteke. Dharamsalan (India) sortu zen. Zergatik han? Bada, 2000. Urtean Medicus Mundik laguntza eskatu zidan, bertara joan eta Tibeteko errefuxiatuen medikuntza gaiak nola zeuden ikusteko, bereziki Dharamsalan dagoen Delek ospitalearen inguruko lanketa bat egiteko. Erietxe hura, tuberkulosoan ospitale hura, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin zabaldu zuten. Bitartekaria Dalai Lamak zuen mendebaldeko sendagile pertsonala izan zen, eta haren bitartez hasi zen nire harremana budismoarekin.  

Dorjeek tibetarrez eta vajrak sanskritoz diamante esan nahi dute. Erakusketan dagoen objektuetako bat da dorjee, kartelean agertzen dena. Azkenean, Budaren irudi bat da. Indarra irudikatzen du, argia, suntsiezina den zerbait.   

Hamarkada batzuetatik hona gai horren inguruko liburuak ere atera dituzu. Bisita hura izan al zen ondoren etorriko zenaren abiapuntua? 

Dena ondoren etorri da. Nik ordura ate budismoari edo tibetarri buruz ez neukan arrastorik ere; ideiarik ere ez nuen. Apenas nekien nik Dalai Lama ere zein zen. Bada, hara joaten hasi nintzenetik, bertako artelanak, produktuak erosten joan naiz; egin ditudan bidaia guztietan beti ere zerbait ekarri dut handik. Nik 2000. urte hartan nola jakingo nuen gaurko egunez [uztailaren 16an zabaldu zuen erakusketa] erakusketa bat izango nuela Zumaian? Horrek zer esan nahi du? Bada, agian aurreko bizitza batean harremanak izango nituela tibetarrekin. Bestela, benetan, ez du zentzurik.  

Tibetarrak aipatu dituzu. Bidaia asko egin dituzu inguru haietara. Tibeten inoiz egon al zara? 

Ez, ez naiz Tibeten inoiz egon. Indian eta Nepalen egon naiz, baita budistak dauden beste herrialdeetan, adibidez Birmanian edo Vietnamen. Ez dakit ziur zenbat bidaia egin ditudan inguru haietara, ez ditut kontatuta, baina hamabost bat izango dira. Gero, horiei Donejakue bidera egindakoak gehitzen bazaizkio, kontaezinak dira.

Erraza egin al zaizu erakusketa honetarako materiala aukeratzea? 

Adibide bat jarriko dizut. Erakusketan bideo bat erakutsiko dut, eta bideo horretarako 130 bat argazki hautatu ditut. Aukeraketa egiteko 5.000 argazki erabili ditut. Seguru merezi duen zerbait kanpoan geratu dela, baina horri guztiari kontakizun bat eman behar zaio. Azkenean horrek hari bat du eta da tibetarrek bizitzarekin, naturarekin eta otoitzarekin duten harremana. Azkenean, erakusketako bilduma guztia otoitzaren inguruan doa; monjeek eta tibetarrek, oro har, otoitzarako egiten dituzten erritoak-eta jasotzen ditu. 

26 urte igaro dira bidai edo bide horri ekin zeniola. Orduan budismoa zer zen ere ez zenekiela diozu. Erakusketan bildu duzun material guztia ikusita, zer datorkizu burura? 

Denak okerrera egin duela. Tibetarren egoerak okerrera egin du, eta mundua ez da horren jakitun. 1959tik bi edo hiru milioi hildako eragin ditu gatazka hark. Eta horri buruz ez da hitz egiten, Txinari ez zaiolako interesatzen. Txina da egun botere ekonomiko handiena. Ez dago besterik. 

Zu zeu aldatu al zara bidaia honen ondoren? 

Zaharragoa naiz! [kar kar kar] Lasaitasuna aurkitu dut. Asko, gainera. Pazientzia handiagoa dut eta genio txar gutxiago.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide