Etxebizitzen alokairua ordaintzera joaten zaie askori soldataren zati handi bat. Horren aurrean laguntza eskaini nahian, Zumaiako Udalak alokairurako diru laguntzak emango ditu aurten ere. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek, 150 eurora arteko laguntzak jaso ahal izango dituzte hilero. Eskabideak aurkezteko epea zabaldu du dagoeneko udalak, eta irailaren 30era arte izango da zabalik.
Aipatu diru laguntzen onuradun izateko, baldintza nagusi batzuk bete beharko dituzte eskatzaileek. Hala, eskatzaileak Zumaian erroldatuta egon beharko du, gutxienez sei hilabetean, eta ezingo du ez eskatzaileak, ezta bizikidetza unitatea osatzen duen inork ere etxebizitzen jabedun izan. Laguntzak jaso ahal izateko, urteko diru sarrera 28.000,00 euro baino gutxiagokoa izango da eskatzailea bakarra denean, edo 38.000,00 euro baino gutxiagokoa bi eskatzaile edo gehiago direnean. 36 urtetik gorako eskatzaileen kasuan, beste baldintza bat ere bete beharko dute: hala nola, alokairurako diru laguntza jaso ahal izango dute baldin eta haien diru sarreren %30 edo gehiago alokairura bideratzen badute. Bestelako baldintzen edo aurkeztu beharreko dokumentuen berri izateko, honako webgunea bisitatu daiteke.
Diru laguntza horien eskabideak modu telematikoan egin daitezke, 18 eta 35 urte bitartekoek hemen, eta 36 urtetik gorakoek hemen.