Gure lurraldean ikus ditzakegun kaskabeltz guztien artean txikiena da pinu kaskabeltza, baita kolore apalagoak dituena ere. Burua beltza du, masail zuriekin atondua, eta kokotean orban zuri bereizgarri bat ageri zaio. Sabelaldea, berriz, marroi argiaren antzekoa du, eta hegoak eta bizkarra, aldiz, beltz zurbilak. Hain txikia izanik, ez da erreza lehen begiradan ikustea gure koniferoen basoetan, baina pinu ugari dagoen lekuetan aurkitzea ez da hain zaila. Hortik datorkio bere izena; eroso bizi da gure pinudi basoberrituetan edo naturaletan, eta esan dezakegu, espezie horri mesede egin diola landaketa mota horrek. Enborrez enbor ibiltzea du gustuko, intsektuen bila, batez ere armiarmak, eta neguan, horien gabezia dagoenean, pinu haziz ere elikatzen da. Janaria gordetzeko ohitura ere badu, gordeleku ezkutuak prestatuz gabezia garaietarako.
Arrak eta emeak oso antzekoak dira; ez dira bereizten errazak. Ez daude datu asko horien migrazioei buruz, baina badakigu gurean urte osoa igarotzen dutela. Habia egiteko leku desberdinak aukeratzen ditu, eta normalean, udaberrian bi errunaldi egiteko gai da, 7-9 arrautza zuri jarrita. Emea izaten da inkubazio lanak egiten dituena, eta 15-20 egunetara txitak jaio eta gero, bi astez elikatzen ditu, ostean bakoitzak bere bidea hartzeko.
Luzera eta hegoen zabalera: 11-12 zentimetro eta 17-21 zentimetro.