COVID-19aren pandemiaren unerik gogorrenetan, gure etxeetan konfinatuta geundenean, behin eta berriz entzun eta sinetsi genuen ordura arteko bizimodua betirako aldatu zela. Elkarri besarkadak eta musuak emateari utziko geniola esaten zen; gutxiago bidaiatuko genuela; pertsona asko hiri handiak utzi eta herri txikietara mugituko zirela zarata, interakzio eta erritmo azeleratua utzi eta naturarekin harreman estuagoan bizitzeko.
Sei urte geroago, errealitatea bestelakoa da. Erabat ahaztu zaizkigu lagunekin kalean elkartu eta trago bat hartzeko egin behar izaten genituen kalkuluak edo musukoa ahaztu eta kalera irtetea ia biluzik egotea bezain lotsagarria zen garaia. Garai hartan egin ziren hipotesi askoren aurka, turismoak errekorrak hausten ditu urtetik urtera; eta, hiriak, hustu beharrean, bisitari eta bizilagun berriez betetzen ari dira, egunero. Esaterako, Madrilek etengabe hazten jarraitu du ordutik, urtero 100.000 biztanle inguru gehituz.
Eragin handiko gertakariak izan dira pandemiaz geroztik: Ukrainako eta Gazako gerrak, energia krisia, eskuin muturraren gorakada Europan, eta Donald Trumpen itzulera kanpo politika eta agenda ekonomiko bereziki oldarkorrekin. Gertakari horietako bakoitzean ere pronostiko kategorikoak egin dira: "Ukraina aste gutxitan eroriko da", "Europar Batasuna desegitear dago", "Txinak amore emango du Trumpen mehatxuen aurrean"… eta, hala ere, Ukrainako gerrak lau urte daramatza, Europar Batasuna geoestrategikoki indartu egin da, eta Trumpek egindako mehatxu gehienak atzera bota behar izan ditu.
Huts egindako iragarpen horiek ez dira anomalia bat, bizi dugun garaiko informazio sistemaren ondorio baizik. Informazioa ekoizteko eta kontsumitzeko arkitekturak berehalakoari, deigarriari eta kezkagarriari lehentasuna ematen dio, eta albiste eta iritzien jario etengabea sortzen du. Informazio gaindosi horrek etengabe erreakzionatzera eta gertaera bakoitzari buruz uneoro iritzia ematera bultzatzen gaitu, dena premiazkoa eta behin-betikoa denaren sentsazioa sortuz. Eta eguneroko zarata horrek egoera perspektiba zabalago batean ikustea zailtzen du: sakoneko joerak, prozesu geldoak, dinamika estrukturalak.
Orain, Irango gerrarekin, beste krisi larri batean murgilduta gaude. Egunero albiste berriren bat daukagu. Eta testuinguru honetan ere aurreikuspen asko zabaltzen hasi dira: "Iranen erregimena erori egingo da", "Dubai eta Doharen gainbehera izango da", "Inperio amerikarraren kolapsoa da", "gerra honekin Israel desagertu egingo da"...
Eta, azkeneko krisietan bezala, oso zaila da eguneroko zarata horretatik burua altxatu eta galdera garrantzitsuei ondo erantzutea: nork irabaziko du epe ertain-luzean? Zer da irabaztea? Nola berregituratuko da oreka geopolitikoa Persiar Golkoan? Eta nola eragingo die horrek guztiak munduko lurralde desberdinei, gurea tarteko? Ez dezagun ondorio azkarregirik atera.