Gipuzkoako Foru Aldundiak zehazten dituen ratio itogarriak nahiz Matia Fundazioaren "kudeaketa eskasak" eraginda, "muturreko egoeran" daude Otezuriko langileak. Hori dela eta, mobilizazio aldi bat abiatzea erabaki dute: pasa den asteko astearte goizean egin zuten astero errepikatuko duten elkarretaratzeetan lehenengoa, eta gaur, bigarrenez, Zumaiako egoitzaren aurrean elkartu dira bertako langileak, egoiliarrak nahiz horien senideak.
Beharginen lan baldintza txarren eta horrek egoiliarren ongizatean duen eragin zuzenaren erantzuletzat dituzten aldundia eta Matia interpelatu dituzte 11:30ean hasi duten elkarretaratze zaratatsuan (asteartero ordu horretan mobilizatuko dira), Otezuriko zerbitzuak "arriskuan" daudela ohartarazten zuen pankartaren atzetik.
Elkarretaratzean ziren Haizea Aizpurua (LAB) eta Mila Arregi (ELA) langileen batzordeko ordezkariak, eta haiek azaldu dutenez, duela urte eta erdi iraungi zen hitzarmenaren negoziazioak "guztiz blokeatuta" daude. Aldundiak eta patronalek eskaintzen dituzten baldintzak "oso eskasak" direla-eta, sindikatuak ez daude prest horiek onartzeko. Hortaz, 2004tik eguneratu gabe dauden ratioak hobetzeko eskatzen diote aldundiari, eta hitzarmena negoziatzeko pausoak eman ditzala Matia Fundazioari.
Egoerak okerrera egin du
Otezurin bizi duten egoerak, gainera, okerrera egin du azken hilabetean. "Urte erdi honetan kudeaketa ekonomiko eskasa egin du Matiak, eta zorrei buelta emateko okurritu zaio gure baldintzak are gehiago okertzea. Bajak ez dituzte %100ean kubritzen, plantan pertsona bakarra gelditzen da 22 lagunei jaten emateko, 110 egoiliarrentzako bi langile bakarrik gaude lanean, medikuarenera joateko hitzarmenak zehazten dituen orduak murriztu dizkigute, hainbat kontratu ez dituzte berritu...", zerrendatu dute LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek. Langileek, baina, argi dute: "Guk ez dugu Matiak egin duen kudeaketa txarraren erantzukizunik".
Beharginek soilik ez, aldundiaren eta patronalaren kudeaketa eskasa egoiliarrek zuzenean pairatzen dutela nabarmendu dute Aizpuruak eta Arregik. Plantan pertsona bakarra dagoenean, agian, siesta egin gabe gelditzen dira, berandu bukatzen dute bazkaltzen, dutxatu beharrean belakiarekin garbitzen dituzte... "Gure baldintzak bezala, haien bizi kalitatea gero eta eskasagoa da", ohartarazi du LABekoak.
Hala, aldundiari nahiz Matiari egoera konpon dezaten presio egiteko elkartuko dira datozen astearteetan ere.