Urtetik urtera handitzen joan da emakumeen parte hartzea Zumaia Flysch Trail mendi lasterketan. Proba laburrean ia parekotasuna dago gizon eta emakumeen artean; parte hartzaileen %46 dira emakumeak. Ez da berdina gertatzen lasterketa luzean, emakumeak %19 bakarrik direlako. Azken lasterketa horretan emakumeen parte hartzea handitu nahian, antolakuntzak Luzera Saltoa taldea osatu du, helburu jakin horrekin: lasterketa luzean emakumeen presentzia handitzea, alegia.
Aurreko urteetan egin bezala, emakumeei zuzendutako entrenamendu saioak egin dituzte aurten ere. Apirilean hasi zituzten saio horiek, eta aurtengo berrikuntza da entrenamendu espezifikoak eta irekiak uztartu dituztela, distantzia luzeko karreran aritzeak sor ditzakeen beldurra uxatu nahian. Urriaren 3an egingo duten lasterketak izango duen ibilbideko zatiak ezagutzen joan dira, baita pixkanaka desnibelak handitzen joan ere.
Datorren larunbatean, uztaularen 25ean egingo dute abuztuko opor aurreko azken entrenamendu saioa, eta irekia izango da. Taldea goizeko 08:00etan abiatuko da Lubaki kiroldegi paretik. Interesdunek info@zumaiaflyschtrail.eus helbidera idatzi dezakete, edo 943-86 20 21 telefono zenbakira deitu. Irailaren 4an egingo dute opor ondorengo lehen saioa.