Amantala jantzi aurrera egiteko

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 22a

Anne Agirre, Hamarratz jatetxean duen baratzean.

Anne Agirre Artadi auzoko Hamarratz jatetxeko arduraduna da egun, baina bestelako gurutzadek zeharkatu dute bere bizitza horra iritsi aurretik; filosofiak, dantzak, kirolak eta amatasunak, kasurako. Aldaketetara egokitzeko gaitasuna du dohain, eta konbentzituta dio antzinako amantaletan gordetzen direla aurrera egiteko sekretuak. Zumaiaguka aldizkariko maiatzeko alean argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Sukaldaritza ez du bokazio. Gogoak bainoago, bizitzak ematen dituen astinaldietara egokitzeko abilidadeak ekarri du orain dagoen lekura, Artadi auzoko Hamarratz jatetxera. Urdinez margotutako mahaian egindako solasaldiaren amaieran aitortuko du, berez, mendian bizitzea gustatuko litzaiokeela, borda batean edo. Esango du, azkenerako, gustu hartu diola sukaldaritzari. Baratzearen ertzean udaberrira loratu diren koloreek atentzioa ematen dute. Suak, hiru hilabete eskaseko txakurkumeak, mahaiaren izkina hozkatuz bilatzen du erortzear dituen esne-hortzetako mina arintzea. Itsasoa eta mendia ikusten dira jatetxeko terrazatik. Kafesnea amaitu ostean ingurura begiratuko du, eta "hemen ez nago ametsa betetzetik horren urruti", ebatziko du Anne Agirrek (Azpeitia, 1981).

Filosofia eta antropologia ikasketak egin zituen, baina, neurri batean, damu da ez ziolako heldu umetatik naturarekiko sentitu duen gertutasunari; zuhaitzei, lurrari, mendiari. "Geologia egin behar nuen, baina batxilergoko azken urtean halako gurutzada bat izan nuen eta pentsatu nuen filosofia dela guztiaren oinarria", oroitu du. Bi aldiz pentsatu gabe sartu zen gradua ikastera, eta desengainu puntu bat izan zuen. Genero ikuspegiaren aldetik, esperientzia "tamalgarria" izan zela dio: "Gizonezkoak eta zaharrak ziren irakasle gehienak, neskei ez ziguten ia begietara begiratzen, autore batzuk azkar batean ematen zituzten eta beste batzuk ez...". Antropologian, aldiz, "begiak ireki" zizkioten irakasleak aurkitu zituen, Mari Luz Esteban kasu. "Kolpera, genero ikuspegia ireki zitzaidan. Nire amonak zera esaten zuen: 'Mundu honetan, zorterik handiena mutil jaiotzea da'. Eta oraindik horrela dela pentsatzen dut. Beraz, berdintasunaren arlora egin nuen", kontatu du. 

Berdintasun teknikari izateko ikasketak egin zituen, eta besteak beste, Aretxabaletako (Gipuzkoa) eta Lezoko (Gipuzkoa) udaletan aritu zen lanean, baina hasierak, ohi duten eran, ez ziren errazak izan. "Orduan jarri zituzten berdinasun planak martxan, orduan hasi ziren udaletan berdintasunarekin lotutako figurak sartzen, baina inork ez zekien zergatik eta zertarako. Orduan ez zegoen orain besteko kontzientzia", azaldu du.

"Dantza afrikarrekin, mutilek menderatzen ez zuten ariketa bat zenez, espazioaren erabilera aldatu egiten zen"

Bulegoko lanak ez zuen asebetetzen, hala ere, afizioa eta ofizioa uztartzeko aukera izan zuen. Lanean hasterako urteak zeramatzan mendebaldeko Afrikako eta zehazki, Ginea-Konakryko dantzen munduan murgilduta, eta master amaierako proiektuan egin zuen ikerketari esker, bazekien dantza tresna boteretsua izan zitekeela genero berdintasunaren bidea aitzurtzeko. Zumaiako Herri Eskolan egin zuen proiektuan, heziketa fisikoan DBHko ikasleek espazioa nola okupatzen zuten behatu zuen. "Nire hipostesia zen eskolan lantzen zituzten ariketa fisiko guztiak gorputz adarrekin lotuta zeudela. Futbola, eskubaloia, pilota, boleibola, saskibaloia... Gorputzaren enborra erabat baztertzen zuten, eta ariketa horiekin, mutilek okupatzen zuten gehienbat espazio fisikoa. Ariketa fisikoa aldatzerakoan, ikusten nuen nesken eta mutilen espazioaren okupazioa aldatu egiten zela. Dantza afrikarrekin hasten nintzenean, mutilek menderatzen ez zuten ariketa bat zenez, espazioaren erabilera aldatu egiten zen", esplikatu du azpeitiarrak.

Bada, herriz herri dantza afrikarren inguruko jabetza eskolak ematen hasi zen, horrek emakumeen ahalduntzean lagundu zezakeela sinetsita. "Jabetze eskoletara joaten zen jendeak Afrika mendebaldeko dantzak ikasten zituen, baina ikuspuntu desberdin batetik. Gorputzaren kontzientzia eta gorputzaren presentzia lantzen genituen, eta ikusten zuten gai garela gure gorputzari egin nahi ditugun mugimenduak agintzeko, ez soilik inposatzen dizkigutenak. Gizarte honetan ez dakigu hori egiten, zeren, orain dela hogei urte gorputzen gainean zeuden estereotipoak oso zurrunak ziren, beraz, mugimendu horien bidez eta mendebaldeko Afrikako kultura transmitituz, gure gorputzaren jabe izatea lortzen genuen. Egiten genituen mugimenduak beste kultura batean erabat normalak direla ulertzeak gorputza askatasun gehiagorekin bizitzen laguntzen gintuen", agertu du Agirrek.

Beharragatik, sukaldera

Halako batean, ostalaritza Anne Agirreren bizitzan gurutzatu zen. Orduan bikote zuenak ostalaritzari lotutako ikasketak egin zituen, eta Beheko Plazako Hogarraren ardura hartu zuen. Garai horretan abortu bat izan zuen Agirrek, eta aldatzeko garaia zela sentitu zuen, "etxera bueltatzeko" ordua. Beraz, berdintasun teknikari izateari utzi zion eta Zumaiako jubilatuen egoitzako ostatuan hasi zen lanean; hasieran zerbitzari modura, eta gero, beharrak bultzatuta, sukaldera jo zuen. "Errazagoa zen zerbitzatzeko langile bat bilatzea, sukalderako baino. Laneko beharrengatik sartu nintzen sukaldera, ez beste ezergatik", onartu du.

Kozinatzeak baino gehiago, sukalde batek ondo funtzionatu dezan antolatu beharreko "egitura" konplexuak harrapatu zuen Agirre; eskaerak etengabe sartzen diren bitartean platerak garaiz eta ondo ateratzeko egin beharreko horrek guztiak: "Eroso sentitzen naiz egitura hori guztia zuzentzen".

"Aurreko amantaldun sukaldeak gustatzen zaizkit niri; Mandubiako benta, Matxinbentako bi ahizpen sukaldea..."

Hamabi urtez izan zuten Hogarraren ardura, eta denbora tarte horretan, amatasunaren gurutzadak aldez alde zeharkatu zuen Azpeitiko sukaldaria. "Ehuneko ehunean sartu nintzen amatasunean. Hori eta lana, besterik ez nuen egiten. Dantza, kirola, jabetze eskolak... Dena albo batera utzi nuen. Titia ematea zentrala bilakatu zen niretzat, zortzi urte pasatu nituen horri lotuta, lehenengo haur batekin, gero bestearekin", kontatu du.

Trantze hori bizitzen ari zenean heldu zion, bikotekidearekin batera, gerora Hamarratz jatetxea izango zenaren proiektu anbiziotsuari. Proiektu horri aterpe emango zion leku bat behar zuten, eta Artadi auzoko parrokiaren aldameneko baserriarekin egin zuten topo. "Garbi genuen honek izan behar zuela tokia, eta proiektua idazten hasi ginen. Gero, konfinamendua iritsi zen", ekarri du akordura Agirrek. COVID-19aren pandemiak hankaz gora jarri zuen dena, baina inflexio puntu bat ezarri zuen azpeitiarraren bizitzan: "Esnatu egin nintzen. Konturatu nintzen desagertuta nengoela, lanean eta amatasunean sartuta nengoen, eta non zegoen Anne? Zerbait egin behar nuela sentitu nuen, kirola egiten hasi nintzen, eta nire buruari begira jarri nintzen". Sukaldaritza ikasketak egin zituen Aiala eskolan, eta munduko hirugarren jatetxerik onenean egin zituen praktikak, Atxondoko (Bizkaia) Etxebarrin.

Hamarratzaren (karramarroa) ibilera nola, tradizioari begiratzen zion sukaldaritza berritzailea eskaini zuten. Goi mailako sukaldaritza egiten zuten beste edozein sukaldek baztertuko lituzkeen Kantauri itsasoko arrainak erabilita, lazuna, adibidez, eta Repsolek banatzen duen Eguzkiarekin aitortu zuten Artadiko jatetxean egiten zuten lana. Alabaina, oro ez da urre, eta Anne Agirre bikotekidearengandik banandu zenean, kolokan gelditu zen Hamarratzen proiektua. Gizonak hartu zuen jatetxearen ardura, baina kiebra jo zuen, eta ostalaritzatik ateratzeko beharra sentitzen bazuen ere, "ia behartuta" itzuli zen Agirre Artadiko jatetxera. "Ostalaritzan jarraitzen dut, sukaldean jarraitzen dut. Hasieran ez nuen planteatu ea hau gustatzen zitzaidan ala ez, zorrari buelta eman behar nion, egin egin behar nuen. Hortzak estutu eta aurrera", agertu du.

Hortzak estutu, eta aurrera

Urtebete da Anne Agirrek Hamarratzen lema heldu zuenetik. Geroztik, bere proiektua da, bere sukaldea du; baratzeak ematen diona hartu, eta berari gustatzen zaion hori eskaintzen du: garbantzuak, espinakak ala zerbak parrillan, kuiatxo ketuz betetako kroketak...  Hala ere, Hamarratzek hasieratik izan duen filosofia mantendu, eta are, indartu du: "Karramarroak bezala, atzera jo behar dugu aurrera egin ahal izateko", baieztatu du. Izan ere, garai bateko emakume sukaldarien amantaletan iragarri dezake Agirrek sukaldaritzaren etorkizuna. "Gaur egun goi mailako sukaldaritza den hori guztiz aldatuko da. Laster, goi mailako sukaldaritza izango da etxeko kroketa batzuk jatea, edo etxean garbitutako txipiroiak jatea. Aurreko amantaldun sukaldeak gustatzen zaizkit niri; Mandubiako benta, Matxinbentako bi ahizpen sukaldea... Horrelako lekuak galtzen ari dira. Zergatik? Andreak sukaldetik alde egiten ari direlako. Pentsa zenbat sukalde atera dituzten aurrera emakumeek. Eta chef-aren figura ondo ikusita dago, baina Arzakek bere amarengandik eta bere izebarengandik ikasi zuen. Denbora, pazientzia, lasaitasuna eta mimoa duen sukaldaritza hori desagertzen ari da. Emakumeari lotutako ezaugarriak dira horiek, eta esango nuke Hamarratzek horixe bera eman didala niri: lurra eman dit".

Asteartetan ixten du jatetxea, hala ere, asteko zazpi egunetan egiten du lan, ez bada sukaldean, baratzean, egurra mozten edo hornitzaileek dakartena jasotzen. Halere, ez da hartutako erabakiaz damutzen. Gorriak pasatu ostean, "gustura nago", esan dezake urdinez margotutako mahaian egindako solasaldiaren amaieran. "Hamarratz berriz ireki nuenean zalantzak nituen ea gai izango ote nintzen egoerari buelta emateko. Orain, ingurura begiratzen dut, eta esaten dut: 'joder, Anne, handia egin duzu!'". •

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide