Datorren urtean txirrindularitza profesionalean lehiatuko zara Laboral Kutxa-Euskadi taldearekin. Noiz eta nola izan zenuen horren berri?
Iaz stagiaire gisa aritu nintzen haiekin. Gabezia asko nituen artean eta esan zidaten amateur mailan beste urtebete egitea komeniko litzaidakeela, ikasten jarraitzeko. Uste zuten salto handiegia izango zela, agian, profesionaletara igotzea. Aurtengo denboraldia afizionatuetan egin dut, baina beti egon naiz Laboral Kutxa-Euskadirekin harremanetan. Haiek ikusten bazuten jauzia egiteko prest nengoela, orduan egingo nuen.
Espainiako Txapelketaren aurretik beste talde batzuk ere harremanetan jarri ziren nirekin. Txapelketaren ondoren, baina, Laboral Kutxa-Euskadikoek esan zidaten igotzeko aukera eman nahi zidatela.
Iaz Laboral Kutxa-Euskadiren aritu zinen Frantzian jokatutako itzuli batean. Orduan egindako elkarrizketan zenion aurrerapausoa izan zela zuretzat.
Stagiaire gisa aritzeko deitu zidatenean, Portugalen lepauztaia hautsi nuen aurretik eta ez nuen denborarik izan nire onenean aritzeko. Ondorioz, abuztutik abendura aritu beharrean, Ardècheko Itzulia bakarrik korritu nuen. Batere entrenatu gabe joan nintzen, jaitsieretan beldur handiz ibili nintzen... Une txarrenean ikusi ninduten. Ulertu nuen taldeak hartutako erabakia, eta hotzean pentsatuta, ikusi dut oso ondo etorri zaidala. Azkenean, garaipen pila bat lortu ditut, esperientzia ere pilatu dut, asko errespetatu naute eta asko ikasi dut amateur mailan. Lehengo urtean igo izan banintz, agian, ez nintzen hainbeste nabarmenduko, ez nintzen hain ezaguna izango eta ez nuen izango halako palmaresik. Aurten, amateurretan koska bat egin dut gora, eta profesionaletara igotzeko unea iritsi zait.
Zer gertatu da ba denboraldi honetan halako hobekuntza izateko?
Kontuan hartu behar da hiru urte daramatzadala lehiatzen. Bizikletan 2023an hasi nintzen, eta lehiatzen, 2024an. Esan daiteke txiripaz hartu nindutela. Ez nuen pentsatzen, inolaz ere, honaino helduko nintzenik. Lehen urtean, ondo pasatzea eta mundu hori nolakoa zen ikustea ziren, batik bat, helburuak; ondo moldatzen nintzela ikusten zen, baina seriotasunik ez nuen. Bigarren urtea seriotasun gehiagoarekin hartu nuen; lasterketak ulertzen hasi nintzen, eta hanka onak banituen ere, asko nuen ikasteko. Iaz nituen akatsak saiatu gara zuzentzen aurten, eta kristoren saltoa egin dut. Dena borobil atera zait, ez dut lesiorik izan.
Gabezia horiek zuzentzeko zer lanketa egin duzu?
Zuzendariarekin eta entrenatzailearekin hitz eginda, aurtengoa denboraldi erabakigarria zela ondorioztatu genuen. Ondo atera behar zen, bai ala bai. Lana ere utzi nuen, profesionalen pare entrenatzeko. Nituen indarguneak eta gabeziak hauteman, eta gabeziak indargune bihurtzeko lanean hasi ginen. Eskulekuari heldu gabe joaten ez nekienez, entrenamendu guztietan eskuak eskulekutik kenduta ibiltzen saiatu behar nintzen; behin heldu gabe joaten ikasita, bizikleta gainean txalekoak eta zirak janzten ikasi behar nuen. Bidoiak eramatea ere egokituko zait profesionaletan; bada, horiek bizkarrean jartzen eta eramaten ikasi behar izan nuen. Jaitsieretan ere gabezia txiki batzuk nituenez, horiek lantzen aritu naiz, Mattin Salegik eta Aitor Agirrek lagunduta. Pelotoian ibiltzeak ere beldurra ematen zidanez, egun batzuetan ahalik eta jende gehienarekin entrenatzen nintzen, haiengandik ahalik eta hurbilen joanez eta, aldi berean, eskulekuari heldu gabe.
Denboraldi izugarria egin duzu aurten, garaipen askorekin. Espero al zenuen?
Hamabi edo hamahiru garaipen lortu ditut. Denboraldi hasieran helburu batzuk finkatu genituen, baina inolaz ere ez nuen pentsatzen halako lasterketa pila irabaziko nuenik. Txirrindularitzan, zaila da irabaztea: ehundik gora lagun lehiatzen dira eta bakarrak irabazten du. Hanka indartsuak izatea ez da nahikoa: taldean zoaz, taktikak daude... Edozer gerta daiteke.
Lasterketetan erasokorra al zara? Nola otu zitzaizun Espainiako txapelketa batean halako erasoa jotzea?
Betidanik oso segurola izan naiz, baina aurten txip aldaketa bat izan dut, eta... Bestalde, aurten beste lasaitasun bat nuen, garaipen asko izan ditudalako; txapelketa gaizki ateratzen bazitzaidan, ez zen ezer gertatuko. Urte txarra izan banu, eta txapelketan bai ala bai ondo egon beharko banu, ez nuen egindakoa egingo, inolaz ere ez. Urte osoan zehar liderraren aurpegia erakutsi dut; taldea nuen besteen ihesaldiak estaltzen, eta erasotu behar zenean erasotzen nuen. Inoiz ez naiz sartu ihesaldi batean lasterketa hasieratik, eta probatu egin nuen.
Palmares hori izateak, beraz, lasaitasuna eman zizun.
Denboraldiko lasterketa garrantzitsuenak Durangokoa, Eibarkoa eta Espainiako txapelketa dira. Talde profesionalek lasterketa horiek aztertzen dituzte. Denboraldi ona egin izan ez banu, Espainiako txapelketan ondo ibili beharko nukeen. Ordurako talde batzuekin hitz eginda nengoen, gauza batzuk lotuta zeuden, eta txapelketa gaizki aterata ere, ez zuten iritzia aldatuko. Ihesaldia probatu nuen, eta gauzak oraindik eta hobeto atera zitzaizkidan.
Egia esan, nahi gabe joan nintzen aurrera. Ezkerrerako bihurgune itxi bat zegoen, eta justu lehena sartu nintzen. Ipurdia altxa nuen zertxobait azkarrago joateko, eta bigarren zihoana moztuta geratu zen. Atzera begiratu, eta inor ez nuen ikusten; inor ez zen atera ihesaldia moztera, inork ez zuen nahi izan nirekin ihes eginda joan. Poliki-poliki nindoan aurrean, eta haiek oraindik eta polikiago. Zuzendariak pinganillotik esaten zidan frenatzeko, bidertzean geratzeko. Nola geratuko nintzen, ordurako hautatzailea, kotxeak, kamerak ondoan banituen? Poliki joanda ere aldea handitzen joan nintzen. Nik uste denek pentsatu zutela nire buruaz beste egiten ari nintzela.
Batetik pozgarria egingo zitzaizun erakusleiho horretan halako erakustaldia eman izanak, baina bestetik pena ere izango zenuen, hain hurbil izanda, garaipena ez lortu izanagatik, ezta?
Inongo momentuan ez nuen pentsatu helduko nintzenik; banekien Maviri [Garcia, UAE taldeko txirrindularia] sudur puntan erasotzea okurrituko zitzaionean harrapatuko nindutela. Baina nik ez nuen imajinatu ere egin atzean halako ulertze txikia egongo zenik, eta hainbeste denboran ihes eginda joaten utziko nindutenik. Hotzean pentsatuta, bazuen logika, ez zeuden eta hainbeste talde tiraka egoteko. Jendeak pentsatzen zuen gai izango nintzela bakarrik iristeko. Pena izan zen, baina bukaerarako zizko eginda nengoen.
UCI mailako lasterketetan aritu zara. Nola aurkitu zara txirrindulari horien artean?
Iaz, pentsatzen nuen profesionalen eta amateurren artean tarte handiagoa zegoela eta ni amateurren artean goian ibiliko nintzela, baina ez profesionalekin nahasteko moduan. Ardècheko Itzulia korritu ondoren ikusi nuen profesional asko ni baino txarragoak zirela. Hala ere, jabetzen nintzen tropelean ez nintzela eroso sentitzen. Aurten [UCI mailako] Eibarko eta Durangoko lasterketak egin ditut. Eibarren oso ondo ikusi nuen neure burua; ez nuen uste hain ondo ibiliko nintzenik. Durangon, aldiz, zulatu bat izan nuen, bitan aldatu behar izan nuen bizikleta, erori egin nintzen... Durangokoa pixka bat deskalabrua izan zen, baina hala ere, zulatua izan eta gero tropelean sartzea eta aurreraino joatea lortu nuen. Gauzak nahi bezala irten ez arren, beste jarrera bat erakutsi nuen.
Horretara iristeko, mentalitatea ere aldatu beharko zenuen.
Igarri dut iazko denboralditik hona txip aldaketa nabarmena izan dudala. Iaz, ez nuen buruan irabaztea; parte hartu, ahalik eta ondoen egin, eta kito. Aurten, irabaztea zen helburua, eta nik ezin banuen, taldeko beste batek irabaz zezala. Tropelean ere aurten errespetatu egin naute, bazekiten zer nahi nuen.
Aurten oraindik Eulen-Amenabar taldearekin arituko zara. Zer denboraldi egin duzun ikusita, pena ere izango du ba talde aldaketarekin.
Pena ematen dio taldearen aurtengo maila asko igo delako. Nitaz aparte, laguntzaile oso onak izan ditut taldean, eta maila oso goian jarri dugu. Taldeak sona handia lortu du, eta txirrindulari askok bertara joan nahi dute, baina jakitun dira hurrengo urteko denboraldia ez dela izango aurtengoa bezalakoa, ez du izango aurten edukitako nagusitasunik. Hala ere, amateur mailako talde onena izan da, amateur onenek horra joan nahi dute, eta zentzu horretan asko pozten naiz. Hurrengo urtera begira ez dira gaizki ibiliko. Beraien helburua, azkenean, jendea heztea eta profesionaletara eramatea da. Zubi-lanak egiten dituen taldea da, eta lortu dudanarekin asko poztu dira. Asko lagundu didate prozesu honetan.
Denboraldia amaitzeko asko geratzen al zaizu?
Berez, urrira aste irauten du, baina lasterketa oso gutxi ditut jokatzeko. Orain arte astebururo izan ditut lasterketak, baina hemendik aurrera geratuko zaizkit lau bat karrera abuztu hasieran. Ordutik aurrera, ezer ez. Europako txapelketarako lehen hautaketa batean nago; urriaren hasieran izango da lasterketa, eta egutegian ezer ez dudanez, jubenil mutilen lasterketetan parte hartzen saiatuko naiz, entrenatzeko. Bestela, denbora askoan karrerarik ez baduzu, forma galtzen duzu.
Profesionaletara heldu zara. Zer dago zure pentsamenduetan?
Ondo ibiltzen naiz, eta badakit urte gutxitan asko egin dudala aurrera, baina profesionaletan aritzea beste maila batean dago eta oinak lurrean ditut. Badakit datorren urtean ez naizela nabarmenduko aurten nabarmendu naizen bezala. Pausoz pauso joan behar dut, ikasten jarraituz. Aurten gauza asko ikasi ditut, baina oraindik ere asko ditut ikasteko. Ikusiko dugu taldeari zer ekarpen egin diezaiokedan. Ilusio handia dut, baina oinak lurrean ditut. Behetik hasita heldu naiz nagoen tokira, eta profesionaletan ere behetik hasiko naiz. Ikusiko dugu noraino heltzeko gai naizen.