Imanol Lopez: "Zesta puntak eraman nau pertsonalki garatzera; dena eman dit"

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 24a

Imanol Lopez, elkarrizketako egunean. (Arnaitz Rubio Aprea)

San Telmo jaien bueltan jokatutako Zumaia Master Series txapelketa irabazi ostean agurtu zuen Imanol Lopez puntista zumaiarrak ibilbide profesionala. Bi hamarkada luze horietan egindako bideaz eta arrakasta lortzeko lana egiteak duen garrantziaz aritu da Lopez solasean Zumaiaguka aldizkarirako.

"Emozioak pasatu al zaizkizu?", galdetu dio herritar batek Imanol Lopezi (Zumaia, 1984) elkarrizketako une batean, San Telmo egunean jaso zuen omenaldia gogoratuz. Galdera eta erantzunen artean, zumaiar gehiago ere inguratu zaizkio txapeldun handiari, zorionak ematera. Ibilbidea aletu du puntistak, zesta punta utzi berritan.

Apirilaren 13an jokatu zenuen profesionaletako azken partida. Zer oroitzapen dituzu egun hartaz? 

Pilotalekura espektatiba handirik gabe joan nintzen, disfrutatzera, eta hara heldu nintzenetik ekitaldia amaitu zenera arte, poz handia sentitu nuen. Herriko festak ziren, zaleen berotasuna izan genuen, partidaren emaitza positiboa izan zen, eta, gainera, mariatxiak izan ziren ekitaldiaren bukaeran. Zer gehiago eska nezakeen?

Aurretik ba al zenekien halako ekitaldia muntatu zutela zu omentzeko? 

Ez nekien ezer. Enpresari esan nion pozik bukatu nahi nuela ibilbidea; izan ere, ez zaizkit gai tristeak gustatzen. Tanto eta tanto artean Mexikoko doinuak jartzea eskatu nuen, eta ondorioz, jokatzen ari nintzela, rantxerak-eta entzun ahal izan nituen. Sintonia politean jardun nuen jokatzen, baina inola ere ez nuen espero bukaeran mariatxiak kantxaratuko zirenik.  

Amaieran, saskia lurrean utzi beharrean, jaurti egin zenuen. Zerbait esan nahi izan al zenuen keinu horrekin? 

Ez, ez. Beti errespetatu izan ditut saskiak; azken finean, haiei esker jan izan dut nik. Zesta puntan hasi nintzenean, gurasoek ordaintzen zizkidaten saskiak, eta ez dira merkeak... Asko balio dute saskiek, eta beraz, ez diet sekula kolperik eman, beti mimatu izan ditut. Partidaren amaieran, ezin nuen saskia kendu, trabatu egin zitzaidan, eta saskia kentzea nahi nuen, bi eskuak libre izan eta ondoren etorriko zenari adi egoteko. Kaskoa ere lurrean utzi eta horma aldera bultzatu nuen. Saskia jaurtita ez nuen inongo mezu subliminalik eman nahi izan. Nire esku balego eta fisikoak utziko balit, erretiratu arte jokatuko nukeen zestan.

Non daukazu saski hura? 

Gurasoen etxean dago, arropak-eta eramateko maletarekin batera. Kaskoa, aldiz, oparitu egin nuen, baita arropa ere. 

Eta irabazitako txapelak? 

Horiek ere gurasoen etxean daude, ondo gordeta; aitak kontatuta ditu. Txapel edo garaikur bat irabazi izan dudan bakoitzean eraman dut gurasoen etxera, eta haienak dira; garaikurrak ez dira nireak, gurasoenak baizik. Beraiek bideratu ninduten zesta puntara, esfortzua egin dute hasi nintzenetik, eta bultzaka aritu zaizkit; une onak eta txarrak jasan behar izan dituzte. Beraz, lortu dudan dena beraiena da. 

Ez al dituzu lorpenak etxean erakutsi nahi? 

Ez da hori. Egunen batean bulegoren bat-edo izaten badut, gustatuko litzaidake saskiren bat metakrilatoz estalitako kupula moduko batean gordetzea. Zesta nire bizitza izan da, eta hori ezin dut ezkutatu; zestagatik naiz gaur naizena. 

Txapel edo garaikur bat irabazi izan dudan bakoitzean eraman dut gurasoen etxera

Nola bizi izan dituzte zure gurasoek zure ibilbideko azken egun horiek? 

Uste dut San Telmoetako omenaldikoa nire eguna baino haiena izan zela. Ospakizunean ni izan nintzen arreta puntua, baina egun hartan garrantzitsuena izan zen familiakoekin eta lagunekin, frontoira joan zirenekin, une onak bizitzea. Jendea pozik egotea nahi nuen, eta ikusi nuen gurasoak, emaztea, gertuko jendea... disfrutatzen ari zela. Une haiek beraiekin partekatzea garrantzitsua izan zen.  

Azken partida hasi aurretik esan zenuen lasai zeundela. Benetan horrela zen edo emozioak gordetzen ari zinen? 

Oso lasai egon nintzen, eta uste dut bukaeran mikrofonoa ahoan jarri izan ez balidate, oraindik eta lasaiago egongo nintzela. Baina mikrofonoa aurrean jartzen dizute zure azken egunean, jendea zutik dagoela, eta... Hori guztia kudeatzea ez zitzaidan erraza egin, nahiz eta antzerako egoeretan, beste une batzuetan, nahiko ondo moldatu izan naizen. Egun hartan zaila egin zitzaidan.

Malkoren bat aterako zitzaizun...

Hortxe-hortxe egon nintzen. Jendeak esaten zidan, EITBko Anek [Muruamendiaraz], esaterako, noiz atera behar zitzaidan malkoren bat. Hortxe egon nintzen, ahotsa ere dardarka nuela, baina halaxe kudeatu nuen egun hura. Azken finean, pertsona naiz eta sentimenduak ditut. 

Iazko urrian iragarri zenuen erretiroa hartuko zenuela, Winter Series txapelketaren aurkezpenean. Damutu al zara erabaki hura hartu izanaz? 

Ez, ez naiz batere damutu. Burutik pasatu izan zait urte batzuk gehiagotan jokatzea. Izan ere, egia da kantxan ondo sentitzen nintzela. 42 urte ditut eta emaitzak positiboak ziren, baina gaur bertan [elkarrizketa apirilaren 21ean egin zen] ikusi dut Morante de la Puebla toreatzailea, duela egun gutxi plazetara itzuli zena, zezenak harrapatu duela. Erretiroa iragarri zuen, itzuli egin da, eta adarkada nahiko gogorra jaso du. Nik uste hor dagoela gakoa: gaur ondo sentitzen naiz, baina bihar nola sentituko naiz? Hori ez dago nire kontrolpean. Ariketak egin behar dira, zaindu, dena prestatu... baina erreflexuak ez dituzu lehen bezain ondo, hankek ere ez dute modu berean erantzuten. Gogoan dut azken partidan Lekerikarekin tupust egin nuela; ezin izan nuen nire gorputza geratu, eta talka egin genuen, nire erreakzio gaitasuna ez zelako lehen nuen bezalakoa.

Gorputza duzu erreminta, eta horrek ere iraungitze data du.  

Zalantzarik gabe, baina ez hori bakarrik. Gazteei ere lekua utzi behar zaie; aukerak izan behar dituzte, guk aurretik izan genituen bezala. Fokua ez da beti gugan jarri behar; guk gure lana egin dugu eta izugarrizko zortea izan dut, 23 urtetan jokatu dudalako. Gazteek aurrera egin behar duten uneak iritsi egin behar du; beren bidea egin behar dute, eta jendearekin konektatu, guk aurretik egin dugun bezala.  

Oraindik ere sasoian zaudela zioten askok. Ez erretiratzeko presiorik izan al duzu? 

Hori nire inguruan baino gehiago entzun dut kalean. Jendeak ikusten zuen lortzen nituen emaitzak onak zirela oraindik ere, eta galdetzen zuen zergatik ez nuen segitzen. Dena ez da, ordea, emaitza onak izatea. Nik bi plano bereizten ditut: batetik, kirola; eta bestetik, garapen pertsonala. Garaipena ez da soilik 78 txapel lortzea. 18 urterekin hasi nintzen zestan, ume bat nintzela, bizitzaz ezer ez nekiela, eta zesta puntak eraman nau pertsonalki garatzera. Eman dit aukera kanpoan bizitzeko, esperientzia politak biltzeko, jendea ezagutzeko; dena eman dit. Bai, emaitzak hor daude, baina beste era batera analizatuko dut egindakoa: emaitzek eman didate kirolean jarraitzeko gasolina. Dena den, hori horrela izanda ere, edozein garaipen baino hobea izan da garapen pertsonala. Txikitan gehiago zentratzen zara emaitzetan, baina gero beste perspektiba batekin fokuratzen duzu gaia, eta ikusten duzu kirolak bizitzarako erremintak ematen dizkizula. Kirolak dena ematen dizu: taldelana, diziplina, lidergoa. Hori guztia gero bizitzako beste arlo batzuetara eraman daiteke. 

Bi alaba dituzu. Haiek bizitza beste era batera ikustera eraman al zaituzte?

Noski. Familiak egonkortasuna ematen dizu. Lehen bakarrik bizi nintzen, baina orain umeekin bestelakoa da egoera, beste ardura batzuk ditut. Baina ez da hori bakarrik. Gurasoek pauta batzuk eman zizkidaten. Beti ikusi izan ditut ama eta aita etxean lanean, gu aurrera ateratzeko konprometituta, eta hori barruan daramat. Nire bizitzara ekarrita, etxeko ardurak aurrera eramateko baliagarria izan zait gurasoek egindakoa, eta kirolak ere balio izan dit horretarako. Ez naiz perfektua, eta une ez hain onetan kirolak balio izan dit burua ordenatzeko. 

Aurretik izan al duzu zesta punta uzteko tentaziorik? 

Une negatiboak izan dira bidea, kirola horrelakoa da: orain goian zaude, baina gero pixka bat behera egiten duzu. Bada, adinean aurrera zoazenean eta une negatiboak heltzen direnean, gauzak birplanteatu egiten dituzu. Dena den, zorionez, 23 urteko ibilbidean gauzak ondo joan zaizkit, eta daukadan izaeragatik edo, une ez hain on horiek heldu direnean, sentsazio onak berreskuratzeko lan gehiago egin dut. Azken urteotan izan ditut bolada negatibo batzuk; ez hondoratu egin naizelako, baina bai kantxan izandako sentsazioak ez zirelako ohikoak. Halakoetan inertzia negatibo batean sartzen zara, eta lan eginez atera nintzen egoera horretatik, 23 urteotan egin dudan bezala. Izan ere, badakizu lan pixka bat eginda berriro gora itzul zaitezkeela.  

Ibilbidea goian bukatu nahiko zenuen... 

Noski, baina erraza da hori esatea; ez hain erraza hori exekutatzea. Azken Winter Series txapelketan ikusi zen hori. Izugarrizko lana egin nuen txapelketa hura prestatzeko, baina emaitzek ez zuten irten. Esan nahi dudana da, nahiz eta lana egin, emaitza onak lortzeko ziurtasunik ezin duzula izan.  

Gazteek aurrera egin behar duten uneak iritsi egin behar du; beren bidea egin behar dute, eta jendearekin konektatu, guk aurretik egin dugun bezala

Nola definituko zenuke zesta puntan egin duzun bidea? 

Lanera zuzenduta egon naiz beti. Ez naiz fenomeno bat izan bizitzan, edo kirolean, baina lan asko egin dut, eta bikote izan ditudan kirolariekin izandako laguntasunari esker etorri dira emaitza onak. Hori izan da gakoa.  

Alboan kide onak izatea garrantzitsua izango da, ezta? 

Bikotekide onak izatea baino haien potentzial guztia ateratzea da garrantzitsua. Konfiantza emanez, elkarlanean, beti ohitu izan naiz izan ditudan bikotekideekin jokatzera. Azken finean, irabazteko bi pertsona behar dira, eta alboan duzun pertsonarekin konektatzen baldin baduzu, taldea egiten duzu.

Hedabide bati egindako adierazpenetan zenion Iñaki Osa Goikoetxea izan dela izan duzun bikotekide onena...

Gauza da erraza izan dela harekin bidea egitea; bakoitzak bere lana egiten genuen, finean. Ez genuen konexio beharrik; izan ere, banekien hark bere partzela defendatuko zuela, eta nik nirea. Bikotekidearekin ez zarenean horrela moldatzen, erreminta berberak ez dituenean alboan duzunak, beste era batera egin behar izaten da helburua lortzeko, irabazteko, lana. Iñakirekin lan egitea oso erraza izan da, eta hark ere niri buruz gauza bera esango duela uste dut. 

Puntista onenetakoa izan zarela diote adituek. Halako iritziak entzutean zer pentsatu izan duzu? 

Iritzi horiek ez didate aparteko ezer ematen. Norberak jakiten du gauzak nola eraman behar dituen, baina ni kantxan pertsona bat naiz, eta kantxatik kanpo, beste bat. Kantxan gasolina izateko ondo etortzen da egoa, partida defendatzeko edo aurkariari hor zaudela jakinarazteko. Baina ego puntu hori kantxan geratzen da; kantxaz kanpo ez daukat halako harrokeriarik erakusteko beharrik. Eta hala ikusten banaute, eman iezadatela kolpe bat! Izan ere, zergatik jardun behar dut kalean la ostia izan naizela esaten? Horrek pena emango lidake. Begira, hor dago [Mikel] Oiartzabal [Realeko jokalaria]. Pertsona hori eredua da niretzako, umiltasuna, apaltasuna, balioak, filosofia erakusten baititu. Ahalko luke beste talderen batean jokatu, eta ziur aski, askoz diru gehiago irabazi, baina begira zer maitasun duen jendearekiko, gazteei zer transmititzen dien Realari buruz. Niretzako hori da arrakasta, eta ez crack bat izatea.  

Gehien gustatzen zaizuna irabaztea zela zenioen azken partida amaituta. Urteekin erraza al da gose horri eustea?

Ez da erraza, baina erronkak jartzen dizkiozu zure buruari. Gauzak zail jartzea gustatu egiten zait. Gertatu izan zait, adibidez, tabernan [bere jabetzakoa den Idoia taberna] zerbitzu bat eman eta ondoren final bat jokatu behar izatea. Final hori irabazteak aparteko ilusioa ematen dizu, bateko eta besteko lanak defendatu dituzulako. Bakoitzak bere motibazio puntuak bilatzen ditu, eta niri neure buruari erronkak jartzea gustatzen zait.  

Urteen joanarekin, nola ikusten duzu Imanol Lopez puntista hasiberri hura? 

Nagoen lekuan egon nintekeenik ez nukeen sekula esperoko. Emaitza onak pilatu nituen hasieratik, eta beti izan dut jokatzeko aukera, baina esan bezala, espektatiba handirik gabe aritu naiz, disfrutatuz. Ez da jakiten bizitzak nora eramango zaituen, eta bizitzen ahalegindu naiz, bidean erabakiak hartzen, eta gauzak ez zaizkit gaizki joan. Ibilbidean ikusi dudan gauzarik politena da, hezten zoazen heinean, ez duzula diruarekin pentsatzen; ez negoziazioekin, ez beste ezerekin. Esaten dizuten tokira joaten zara, eta jokatuz disfrutatzen duzu.  

Ibilbide gorabeheratsua izan du zesta puntak berak. Hilzorian izan zen orain ez aspaldi. Zer etorkizun du?

Justu horrexegatik baloratzen dugu gehiago egindakoa. Oraingo gazteak olatuan, kirola goian dagoenean, hasten baldin badira, akaso gehiago disfrutatuko dute. Guk denetarik bizi izan dugu; momentu onak, baina baita ez hain onak ere. Zesta punta behea jota zegoenean hasi nintzen ni jokatzen, eta gero AEBetara joan nintzen bidean jarraitzera; kirol aldetik ondo ez bazegoen ere, ekonomikoki ondo etorri zitzaidan aukera hura. Arraroa zen, dena den; izan ere, frontoietan ez zen inor egoten. Ekonomikoki, baina, orduan joan zitzaidan ondoen, pilotalekura inor joaten ez zen sasoi hartan. Dirua ez da, ordea, gehien motibatzen duena; gehiago eragiten du hobekuntzak ikusteak, egoera pixka bat hobetzen ari dela sumatzeak. Izan ere, egoera hobea izanik, jende gehiago hurreratzen da zesta punta eskoletara, eta gazteek erreferenteak izaten dituzte. Zesta puntaren alde lana egiten baldin bada, onura ekonomikoa ere etorriko da etorkizunean.  

Masters lehiaren finalean ikusi ahal izan zen Zumaiako Zesta Punta Eskolan haur mordoa aritzen dela... 

Izugarria da. Zaila da, ordea, horri eustea; izan ere, eskoletan lan handia egin behar izaten da, eta askotan, musutruk. Jendea erakartzeko eta gazteen motibazioari eusteko, eskolek behar dute zesta punta egoera onean egotea. Tokatuko zaigu guri ere kolaboratzea, eta gazteekin aritu behar baldin bada, hor egongo naiz; umeekin egin behar den edozertan kolaboratzeko prest nago. Umea izan nintzen ni ere, eta profesionalak aritzen ziren frontoietara joateak motibatu egiten gintuen.  

Kantxak utzita, jokalari zineneko prestaketa fisikoari lotutako errutinarik mantentzen al duzu? 

Sekula baino gehiago ari naiz entrenatzen; lehen zailagoa zen. Izan ere, partida bat jokatu behar izaten nuen hemen, beste bat han, eta hurrengoa beste nonbaiten. Lehen oso zaila zen entrenamendu fisikoak egitea niretzat, eta gainera, ezin nituen entrenamendu jakin batzuk egin, gorputza zaindu egin behar izaten nuelako, gorputza genuelako zesta puntarako erreminta. Gorputza zaintzen segitu nahi dut, baina beste karga batzuk gehituta. Kirola bizitza da niretzako, eta lehia ez da ona, baina kirola bai. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, goizez, egunari ekiteko, gimnasiora joaten naiz, eta gorputzarekin aktibitatea egiten dut. Errutina hori beharrezkoa zait burua garbitzeko. 

Frontoira itzuliko al zara, ikusle gisa bada ere?  

Tokatzen denean frontoian izango naiz, baina bizitzako une askotan bezala, espektatibarik gabe. Amerikarrek dioten bezala, "let’s go with the flood". Beraz, tokatzen denean joango naiz pilotalekuetara. Egia esan, txikitatik izan da frontoia garrantzitsua niretzat, eta orain ere, hala izaten jarraituko du. Dena den, urteetan halako lotura izan ostean, ez zait gaizki etorriko hilabete batean edo bitan frontoitik kanpo egotea, arnasa hartzeko bada ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide