Kamioi handi bat kateatuta gelditu da Artaditik Oikiara jaisten, Torre baserriaren parean

Gorka Zabaleta 2026ko uztailaren 22a

Kamioia Torre baserriaren sarreran gelditu da, garabiak atera zain. Argazkia: Gorka Zabaleta

Oki enpresara zihoan hamabi metroko kamioia, baina bide okerretik sartu eta ez atzera ez aurrera gelditu da. Gidariak Gukari azaldu dionez, segituan ohartu da bide txarretik sartu dela, baina "buelta emateko toki egokirik topatu ez" eta zuloraino sartu da.

Artadiko aldapa igotzen hasi orduko konturatu omen da okerreko lekutik sartu dela. "Jabetu naiz bide txarra zela, ezin zuela handik izan; aurrera egin dut buelta emateko leku baten bila, baina, zoritxarrez, hementxe gelditu naiz, harrapatuta", azaldu du kamioi gidariak. Artaditik Oikia aldera jaisten den bide estuaren bihurgune itxi bateraino iritsi da, Torre baserriaren pareraino. Eta hantxe bukatu du bidaia, buelta eman ezinik. Kamioia Torrera doan bidexkan sartu du, errepidea libratzeko, baina orain baserriko bizilagunek errepiderako sarrera-irteera oztopatuta daukate. "Oki enpresara nentorren, kamioia kargatzera, orain hutsik dago. Oki hor behean dago [Beduako industriagunea seinalatu du], eta ni hemen, geldituta".

Ez da kamioi bat bide honetan kateatuta gelditzen den lehen aldia. Google mapsek edo enpresaren izenak (Oki Artadi) nahastuta, lehen ere atera behar izan dute kamioiren bat leku beretik; aurreko batean, Oikiako baserritar batek traktorearekin lagunduta; oraingoan, dirudienez, garabi batek aterako du, gidariak berak esplikatu duenez, mugikorrari begirik kentzen ez dion bitartean.

Hamabost egun etxetik kanpo 

Penaz mintzatu da sortu duen endreduagatik, eskarmentudun gidaria izan arren, errepidean istripua izan duen lehen aldia delako. Dena den, larritasuna kendu izan nahi dio, okerragoak ikusitakoa baita. "Egoera aldrebesa da hau, baina urte asko daramatzat errepidean eta denetik ezagutu dut, lankideak ere hil zaizkit istripuan". Ezbehar honetan izan duen ardura ukatu gabe, etxetik kanpo egun gehiegi daramatzala kexatu da. "Hamabost egun daramatzat Europan zehar bidaiatzen, atzera eta aurrera. Frantziatik bueltan nentorren etxerantz [Murtzian (Espainia) bizi da], eta garraio enpresatik abisatu didate Okira etorri behar nuela kargatzera, berriro Frantziara joateko. Neka-neka eginda nago, eta hanka sartu dut".

Abisua mugikorrean: dirudienez, garabia etorri aurretik norbait bidaliko dute, egoera aztertzeko. Iluntzen hasi du eta gidaria konturatzen hasia dago gaurko gaua ere kamioian pasa beharko duela, etxetik urrun, baina gaurkoan ez autopista bazterreko parkin batean, Torreko baserriaren atarian baizik. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide