Jai Alai Ligak denboraldi honetan abiarazi duen Challenger Series zirkuituko txapelketa jokatuko dute datorren astean Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Finalerdiez eta finalaz osatuko da aipatu txapelketa, eta parte hartuko duten zortzi puntisten artean zumaiar bat arituko da: Cosme Agirre. Hasiera batean, etxeko bi puntista ziren lehiatzekoak, baina lesioa dela medio, Unai Urangak ezingo du etxeko txapelketan aritu.
Datorren astelehenean, hilaren 27an, jokatuko dituzte txapelketako finalerdiak. Lehen partidan Cosme Agirre eta Betelu, Benetrix eta Latryren aurka arituko dira. Jardunaldiko bigarren partidan, berriz, Arrasate eta Iturraldek, Bonnin eta Ontoria izango dituzte aurkari. Bi norgehiagoketako irabazleek jokatuko dute finala uztailaren 30ean.
Duela hilabete batzuk abiatu zuten Challenger Series zirkuitua, eta haren helburua, zirkuituko irabazleei goren mailan jokatzeko aukera eskaintzea da. Izango dituzten emaitzen arabera, pilotari bakoitzari puntu kopuru jakin bat emango diote, eta amaieran puntu gehien lortuko dituzten puntistek, aurrelariek zein atzelariek, azken txapelketa bat jokatuko dute. Irabazleek goren mailako puntistekin aritzeko aukera izango dute hurrengo denboraldian.