Datorren ostegunean hasiko da Zumaiako 42. Musika Jaialdia

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 23a

Zumaiako 42. Musika Jaialdiko zenbait parte hartzaile eta udal ordezkariak, jaialdiaren aurkezpenean, gaur arratsaldean. (Ekaitz Etxabe)

Gaur arratsaldean aurkeztu dute Zumaiako 42. Musika Jaialdia. Uztailaren 30etik abuztuaren 9ra bitartean izango da, eta musika zein dantza emanaldi anitzez gozatzeko aukera izango du bertaratzen den orok.

Gaur arratsaldean aurkeztu dute Zumaiako 42. Musika Jaialdia herriko komentuko lorategian. Aurtengo programa aurkezteko asmotan, bertan elkartu dira Eli Prieto Musika Bandako kidea, Amaia Aldalur San Pedro abesbatzako zuzendaria, Marixi Sesma Sapere Aude Sinfoniettako kidea, Mikel Emezabal San Pedro abesbatzak eta Sapere Aude Sinfoniettak eskainiko duten kontzertuko zuzendaria, Jaiotz Osa eta Xabier Mujika Osa+Mujika taldeko kideak, Miriam Romatet Kultur teknikaria, Marina Bidasoro Kultur zinegotzia eta Xabier Odriozola Kultura Batzordeko EAJko ordezkaria.

Musika Jaialdiaren 42. aldi honetan, Mozarten Requiem obra interpretatuko dute San Pedro abesbatzak eta Sapere Aude Sinfoniettak. Bi taldeak batera arituko dira, Mikel Emazabalen zuzendaritzapean. Musika klasikoa Zumaiako publikoarengana hurbiltzea du helburu emanaldiak. San Pedro parrokian izango da kontzertua, abuztuaren 2an, 20:00etan hasita. Emanaldiak plaza mugatuak izango ditu, beraz, bertaratu nahi dutenek sarrera aldez aurretik eskuratu beharko dute. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai Turismo Bulegoan, 11:00etatik aurrera, 10 euroan. Udalak jakinarazi duenez, pertsona bakoitzak, gehienez, lau sarrera erosi ahal izango ditu. Larunbatean 15:00etatik aurrera, sarrerak entradium.com atarian ere eskuratu ahal izango dira. Sarrerarik geratzen bada, egunean bertan 12 euroan jarriko dituzte salgai. Bertaratzen direnek, Musika klasikoaren historiako obra ezagunenetako bat entzuteko aukera izango dute: Wolfgang Amadeus Mozarten Requiem.

Honakoa da Zumaiako 42. Musika Jaialdiaren egitaraua:

Uztailak 30, osteguna

  • 19:30. Gamber Quartet eta Corazon de Melon taldeen klarinete kontzertua, Mari kaleko plazan.

Uztailak 31, ostirala

  • 20:00. Musika Bandaren eta Bitartean Folk Taldearen kontzertua, Odietan.

Abuztuak 2, igandea

  • 20:00. Mozarten Requiem obraren interpretazioa, San Pedro abesbatzaren eta Sapere Aude Sinfoniettaren eskutik, San Pedro parrokian.

Abuztuak 4, asteartea

  • 19:00. Giacomo Pucciniren La boheme obraren opera proiekzioa, Aita Mari zineman.

Abuztuak 5, asteazkena

  • 20:00. Maracumbe taldearen kontzertua, Odietan.

Abuztuak 6, osteguna

  • 18:30. Pirata alferrak haurrentzako ipuin musikatua, komentuko loratgian.

Abuztuak 8, larunbata

  • 20:00. Fabian Thome eta Osa+Mujika dantzarien emanaldiak, Odietan.

Abuztuak 9, igandea

  • 20:00. Manuel Ruizen eta Iliber Ensembleren musika barrokoko Heroe desvelado emanaldia (Donostiako Musika Hamabostaldia), San Pedro parrokian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide