Salgai daude jada abuztuaren 2an Sapere Aude sinfoniettak eta San Pedro abesbatzak interpretatuko duten Mozarten Requiem lanaren kontzerturako sarrerak. Turismo Bulegoan eros daitezke, eta 15:00etatik aurrera entradium.com atarian ere bai, 10 euroan. Sarrerarik geratzen bada, egunean bertan 12 eurotan erosteko aukera izango dute herritarrek, eta pertsona bakoitzak lau sarrera erosi ahal izango ditu gehienez.
42. Musika Jaialdiaren barruan antolatu dute Wolfgang Amadeus Mozarten obraren kontzertua. Abuztuaren 2an, 20:00etatik aurrera, Sapere Aude sinfoniettak eta San Pedro abesbatzak batera musika klasikoaren historian lan esanguratsuenetakoa den Requiem Zumaiako publikoarengana hurbilduko dute. Horretarako, esperientzia eta ibilbide zabala duten musikariak eta abeslariak elkartuko dira.
Kontzertuan parte hartuko duen San Pedro abesbatza 1984an sortu zen, eta elizako abesbatza izatetik udalerriko kultur erreferenteetako bat izatera igaro da. Gaur egun Amaia Aldalur da abesbatzaren zuzendaria. Bere errepertorioan euskal musika garaikidea, errepertorio herrikoia eta obra klasikoak uztartzen ditu.
Oraingo honetan, Zumaiako abesbatzak Sapere Aude sinfoniettarekin bat egingo du. Sinfonietta esperientzia, konpromiso artistikoa eta interpretaziorako bokazioa duten musikari profesionalek osatzen dute, eta musika klasikoa herri eta komunitate txikietara eramatea du helburu.
Bi taldeak batera arituko dira, beraz, Mikel Emezabalen zuzendaritzapean. Emezabal klarinete-jolea, irakaslea eta zuzendaria da, eta ibilbide profesional zabala du. Interpretazioa, irakaskuntza eta zuzendaritza uztartzen ditu bere jardunean, eta, gaur egun, Andoaingo Musika Bandaren zuzendaria da.
Kontzertuaren ardatza Mozarten Requiem izango da, konpositore austriarraren azken lanetako bat eta musika klasikoaren historiako obra ezagunenetako bat. 1791n enkargatu zioten, eta Mozart hil zenean obra amaitu gabe geratu zen. Ondoren, Franz Xaver Süssmayr bere ikasleak amaitu zuen, eta ordutik errepertorio klasikoaren barruan leku nabarmena izan du.